GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Zentsura mozioa, nafarrei zor zaien ibilbidea

Bide bakartzat jotzen du EH Bilduk zentsura mozioa, eta ez dirudi gehiegikeria denik halakotzat jotzea Nafarroaren krisi ekonomiko, politiko eta instituzional nabarmena eta Yolanda Barcinaren Gobernuaren jokaera ikusita. Iragan ostiraleko Erkidegoaren Egoeraren Eztabaida aspaldi sumatzen zenaren berrespena baino ez zen izan, botereari eustea beste helbururik -ez gaitasunik- ez duen gobernu baten irudia nafarren kezka areagotzeko modukoa izan baitzen. Egun horretan, gainera, parlamentari gehienak hauteskundeak deitzearen alde agertu ziren. Beraz, hartarako premia ez ezik, aukera ere badago. Izan ere, EH Bilduk PSN, Geroa Bai eta Ezkerrari proposaturiko akordioak ez du Parlamentuaren gehiengoak adierazitakotik haragoko helbururik, Parlamentua desegin eta lehenbailehen nafar gizarteari zor zaion hitza ematea baizik. Hala eskatzen du egoerak, ezin baitzaio utzi gobernu ahul eta ezgai bati nafar guztien bizimodua kaskartzen ari den krisia kudeatzen jarrai dezan, are gutxiago kudeaketa hori ilun eta irregulartasunez betea delarik.

Hortaz, zentsura mozioa bide bakarra da, bai, ibil daitekeen bidea gainera, baldin hartarako borondaterik badago. Horretarako, Nafarroako Parlamentuan agerturiko borondatea hitzez ez ezik, eginez ere erakutsi beharra dago. Nafar herritarrei zor zaien ibilbidea baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo