GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Errealitatea

Paisaia batean dauden argi «guztiak» biltzeko ahalmena eskaintzen duen bitarteko teknologikoa da RAW formatua, labur eta gaizki esaten uzten badidazue. Ez dut uste nire bizitzan halako deskubrimendurik inoiz egin dudanik. Argazkilaritza, izan ere, paradoxa mingarri baten gatibu izan da betitik: errealitatea zen bere inspirazioa, eta, era berean, bere kondena. Argazkilariak errealitatean gustuko paisaia bat ikusten zuen, eta hango argia lapurtzeko ahalegin desesperatuan, (ia) beti galtzaile ateratzen zen, begien sentsibilitatea baino askoz ere kaskarragoa baitzen teknika fotografikoa. Hona hor argazkilaria, beraz, paisaia ederrenaren beha, paisaia hori inoiz kaxa beltzaren barruan bildu ezingo zuela jakitun, minez, elbarri, sumin. Zaila da paisaia ederrenean argazki ustez egokiena «bota» eta bueltan etorri ohi zen emaitza kaskarraren atsekabea deskribatzea. Bota abiadura motelagoan, itxi irisa ahal bezainbat, egin proba beste filma marka harekin: peskiza zoro amaigabea. Eta ezer ez. Eta kontua ez zen aurrez aurre ikusten genuen paisaia edertzea, baizik eta hari justizia egitea! Hau da, hura ahalik eta fidelen ekartzea! Baina ezinezkoa zen, teknika motza zelako horretarako. Eta txarra zenez, argazkilariak artifizioak asmatzen zituen han eta hemen, emaitzaren kaskarra berdintzeko asmoz: filtroak bereziki. Gezurra, baina bere zentzu nobleenean. RAW formatu ditxosozkoa azaldu zenean, argazkilariari historikoki lapurtutako ahalmena bueltatu zitzaion. Argia bere horretan «emateko» ahalmen ia jainkotiarra. Horregatik egiten zait harrigarri, argia inoiz ez bezala jasotzeko gaitasuna daukagun honetan, hain justu une historiko honetan, argazkiarekiko egiazkotasunari buruzko zalantzak sortzea; argazkilariok bezain ongi ez baitaki inork argazkia beti izan dela, ezinbestean, errealitatearen kopia herren eta gezurtia.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo