«Nabaritzen dut hasieran bikoteari kostatu egiten zaiola nirekin jokatzea»
Aspeko atzelaria
Egun oso berezia izango da biharkoa Beñat Rezustarentzat -Bergara, 1993-, izan ere, lehen aldiz jokatuko du profesional bezala herriko pilotalekuan, eta gainera, lehen mailako estelarra jokatuko du, estreinakoz Titinen atzelari gisa jokatuko duelarik. 2005eko maiatzean Jokin Etxanizek egin zuenetik, Bergarako pilotari profesional batek ez du pilotaleku historiko honetan jokatu.
Jon ORMAZABAL
Gereñu, Azpitarte eta Milikuaren atzetik, Beñat Rezusta da azken urteetan ezagutzen den atzelari ezkertiar bakarra, baina primeran moldatzen ari da.
Lehenengo hilabeteak bete dituzu profesional bezala, nolakoa izaten ari da esperientzia?
Nahiko gustura nago egindakoarekin. Hasi ondo egin nintzen, gero tarte bat izan nuen eskuetatik oso gustura ibili ez nintzena eta emaitza oso onik atera ez nuena, baina azken partidetan berriz ere gauzak ondo irteten ari zaizkit eta orokorrean nahiko gustura nabil.
Nolakoa izan da afizionatuetatik profesionaletarako jauzia? Zer izan da gehien kostatu zaizuna?
Nabaritzen da, bai, saltoa; bai pilotetan eta bai aurkarietan. Baina, azkenean, hauxe da gustatzen zaiguna. Poliki-poliki moldatzen goaz, partidak ematen ari dira eta nahiko gustura.
Materialean aldea pixka bat igartzen da, beti pilota gehixeago dago afizionatuetan baino, nik beti nahiko albotik jokatzen dut eta kostatu zait pixka bat jartzea. Erritmoan ere aldea dago, eta aurkari guztiek asko jokatzen dute.
Gainera, zuk baduzu berezitasun bat, aspaldiko urteetan profesional izatera iritsi den atzelari ezkertiar bakarra zara. Nola eraman duzu hori?
Afizionatuetatik gertatu zaidan zerbait izan da, han ere bakarra nintzen eta agian besteentzat da pixka bat desberdina. Aurrelariek eta esaten didate pilota desberdin joaten dela ezkerrarekin jota, frontoia kubritzeko momentuan desberdin aritu behar dutela. Baina, azkenean, ohitu arteko zerbait da, partida hasieretan nabaritzen dut bikoteari pixka bat kostatzen zaiola nirekin jokatzea, baina denbora pixka batekin hartzen den zerbait da.
Zurekin jokatu duten aurrelariek esan dizute, orduan, zurekin jokatzea desberdina dela?
Esaten dute pilota desberdin joaten dela, eta beste atzelariei ezkerra pixka bat babestu behar izaten dieten bitartean, niri eskuina tapatu behar izaten didatela, baina azkar hartzen dute.
Suposatzen dut herrian jokatze hori berezia izango dela.
Herrian jokatu eta gainera jarri diguten partida jarrita. Niretzat, Titinekin jokatzea, bera izan dena izanda, oso gauza handia da, eta aurkari bezala Zabaleta, Binakako txapelduna izanda... Pentsatzen dut partida oso zaila izango dugula, baina jokatzeko oso polita; eta gogo handiarekin.
Espero zenuen horren azkar lehen mailako estelarrik jokatzea?
Entzun nuenean herrian partida bat jartzeko asmoa zutela, pentsatu nuen partida ona jarriko zidatela, baina ez horren handia. Oso zaila izango da irabaztea, baina ea partida ona irteten den.
Titinekin jokatutakoa zarela esan ahal izango duzu behintzat.
Hala da, aurtengoa izango da bere azken urtea, eta txiki-txikitatik ikusi izan dudan horrekin -Rezusta jaiotzerako Titin profesionala zen jada- jokatzea oso handia da.
Eta atzean Zabaleta, momentuko eskuinik eta ezkerrik indartsuenak izan zaitezkete...
Buff, Zabaletari eusten nahikoa lan izango dut. Bera oso ondo dago, nire aldean denbora asko darama profesionaletan, esan daiteke ondo dagoenean atzelaririk onenetarikoa dela eta hari eusten saiatuko naiz.
Pilotaren eta futbolaren artean aukeratu behar izan zenuen, hau dena ikusita erabakiarekin asmatu zenuen ala?
Bai, baina ez profesionaletara heldu naizelako bakarrik. Betidanik pilota gehiago gustatu izan zait futbola baino. Bietan gustura nenbilen, baina erabakia hartzeko momentua helduta pentsatu nuen pilotara pixka bat gehiago dedikatzea. Orain afizionatuetan ibiliko banintz ere, gustura arituko nintzateke.