GARA > Idatzia > Euskal Herria

Igeldoren desanexioaren aurka azaldu da oposizioa Batzar Nagusietan

Gipuzkoako Foru Aldundiak Igeldoren desanexioaren harira abiatu duen prozedura eteteko deia egin zion oposizioak Aldundiari, Batzar Nagusiek egin zuten osoko bilkuran. 2/2003 foru araua errespetatzeko ere eskatu zion, baita Itxas Aurreren eskaerari kasurik ez egiteko ere.

p015_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Osoko bilkura egin zuten atzo Gipuzkoako Batzar Nagusiek. Bertan, besteak beste, Igeldoren desanexio prozesuaz eztabaidatu zuten, eta agerian geratu zen oposizioak Igeldo herrialdeko 89. herria izatearen aurkako jarrera duela. Horren adibide izan zen EAJ, PSE eta PPk azaleratu zuten jarrera komuna, Aldundiak abiatu duen prozesuaren aurka egiteko erabili zutena, hain zuzen.

Zehazki, 2/2003 foru araua errespetatzeko eskatu zioten Aldundiari, zeinaren arabera gutxienez 2.500 biztanle behar diren herri berri bat sortzeko. Era berean, Itxas Aurrek eginiko eskaerari jaramonik ez egiteko eskatu zioten. Elkarteak 1995ean abiatu zuen administrazio-espedienteari -zeina 6/2010 dekretu foralaren bidez bertan behera utzi zuten- jarraipena emateko eskatzen du, gobernu foralaren eskumena baita prozesua berriro irekitzea.

Halaber, Igeldoren desanexioaren harira hartzen den erabaki oro Donostiako Udalarekin adostua izan dadila eskatu zuten.

Bestelako aukeren bila

EAJko batzarkide eta Donostiako Udalean zinegotzi den Martin Ibabe izan zen jeltzaleen izenean hitza hartu zuena. Bere udal taldea gaia eztabaidatzearen alde dagoela adierazi zuen, baldin eta Igeldo udalez peko erakunde bilakatzeko aukerarik balego. «Elkarlanean aritzeko aukerak badaude, aztertu ere ez diren erdibideko erabakiak hartzeko aukerak badaude», esan zuen.

Bilduren gobernu foralaren aurka egiteko baliatu zuen hitzaldia Ibabek. Egoera «tenkatu» izana egotzi zion, «amaiera onik izango ez duen» kontsulta bat antolatzeagatik. Horrela, elkarrekin ados dauden kontuetan sakontzeko deia egin zion zuzenean Bilduren foru gobernuari.

Mikel Arrizabalaga PSEko batzarkideak ere desanexio prozesuaren aurka egin zuen, eta Aldundiari aurrez aipatutako 2/2003 foru araua errespetatzeko eskatu zion. Azaroaren 10ean egitea aurreikusten den herri kontsultaren harira, udalenak diren kontuetan «muturra sartzea» egotzi zion, eta erabakia edozein dela ere Donostiako Udalarekin adostu beharko litzatekeela gaineratu zuen.

Asun Gerra PPko kideak, aldiz, galdera bat zuzendu zion Martin Garitano buru duen Foru Gobernuari: «Zer egin asmo duzue Donostiako Udalaren iritzia eta Igeldon egingo duzuen herri galdeketaren emaitza ez badira lotesleak?». Inpartzialtasun falta ere egotzi zion, «bere udaleko laguntxoekin nahi dutena egitearren», lege espainol bati heldu diola adieraziz.

Herritarren nahia

Enrique Martinez Bilduko batzarkideak Batzar Nagusiak «igeldotarren iritzia eztabaidatzeko» daudela adierazi zuen eta hauen erabakia «errespetatu» egin beharko litzatekeela gaineratu zuen.

«Iruzur hutsa»

Aralarrek, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeaz gain, praktikan jarri behar dela aldarrikatu zuen, eta oposizioak «aitzakia» bezala jartzen duen foru araua «iruzur hutsa» dela gaineratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo