GARA > Idatzia > Kultura

Zuzendaririk gabe eta izen berriaz ekingo diote Azokaren 48. edizioari

«Durangoko Azoka» izango da aurrerantzean aurten 48. ediziora heldu den ekimenaren izen ofizial berria; «laburragoa, eta era berean, zabalagoa, azokak bere baitan dituen eduki berriak islatzeko asmoz», adierazi zuen Gerediaga elkartearen lehendakari Nerea Mujikak. Iaz baino saltoki gutxiago eta aurrekontu txikiagoarekin datorren azokak ez du zuzendaririk izango; «haren lana Gerediagako bazkideek beteko dute lan gehiago eginez», esan zuen Mujikak.

p044_f01_200x113.jpg

Alvaro HILARIO | DURANGO

Gerediaga elkarteak Durangoko Plateruenan emandako prentsaurrekoaren helburua aurtengo edizioa iragarriko duen kartela aurkeztea bazen ere, azken zuzendari Aiert Goenagaren inguruan iaz gertatutakoek bereganatu zuten bertan bildutako kazetarion arreta. Horrela, hark egiten zuen lana aurten zelan beteko den galdetuta, 2008an onartutako plan estrategikoak ezarritako «eredu parte hartzaileari» segituz, bazkide guztiek «lan gehiago» eginez beteko dutela erantzun zuen Gerediaga elkarteko lehendakari Nerea Mujikak.

Azken urte hau zaila izan dela ere gogorarazi zuen Mujikak: «Ez da erraza izan ez Gerediaga elkartearentzat, ez guneentzat, ezta langileentzat ere. Gerediaga elkartean ez dugu asmatu erabaki guztiak behar bezala plazaratzen. Horrek guztioi kalte egin digu, gure asmoa ez izan arren».

Behar bezala azaldu ez zuten hura zertan zetzan galdeginda, Goenagarekin gertatutakoa «arazo profesional bat» izan zela erantzun zuen Mujikak. Iazko zuzendari Goenaga ez zutela kaleratu ere adierazi zuen, «kontratua ez zitzaion berritu» zehaztapena eginda.

Izen berria

Hala ere, Mujikak mezu baikorra plazaratu nahi izan zuen: «Herritarrok osatzen dugun elkarte honetan argi daukagu edozein eztabaidaren aurretik dagoela Durangoko Azoka. Euskal kulturak eta azokara etortzen diren milaka lagunek hori merezi dutelako. Horregatik, gure helburua Durangoko Azokak aurrera egitea da. Halaxe izan da azken 48 urte hauetan, kulturgintzari denbora eta ahalegina eskaintzen diogun hainbat eta hainbat lagun inplikaturi esker. Azoka euskal kultura bultzatzeko herri ekimena da. Aurrera egingo dugu, eta indartu egingo dugu».

Bestalde, izen ofizial berria izango du aurrerantzean kultur ekimenak: Durangoko Azoka. «Laburragoa» eta «zabalagoa» den izenak 2008az geroztik azokak hartutako eredua nabarmentzera datorrela azaldu zuen Gerediagako lehendakariak: «Bere barruan sartzen direlako gune guztiak, diziplina guztiak. Guztiok argi dugu hori dela etorkizuneko azokaren eredua. Guztion Azoka».

Okariz eta Virginia Woolf

Artista plastikoei Azokako ateak zabaltzeko asmoarekin bat egiten du azken edizioetako kartela izen handiko euskal artistek egiteak. Iazkoaren egilea Nestor Basterretxea izan zen eta Itziar Okariz (Donostia, 1965) atzo aurkeztutako aurtengo kartelarena.

Kolore zuriaren gainean hitzak dantzan ageri dira Okarizek eginiko irudian, Virginia Woolfen gainean berak eginiko performance batean oinarrituta dagoena: «Virginia Woolf biziki estimatzen dudan autorea da, eta bere lanaren erreferentzia oso egokia iruditu zitzaidan Durangoko Azokarako», esan zuen Bilbo eta New York artean bizi den artista donostiarrak.

Performance hartan «Gela bat norberarena» liburuaren bigarrengo atalaren hasiera etengabe irakurtzen zuen Okarizek, ordu erdiz jarraian. Irakurraldi bakoitzean, baina, aurreko lerroko lehen hitza ezabatzen du, eta testua laburtuz doa, esaldia erabat agortu arte. Hitz ezberdinak indartzea lortzen du horrela artistak, entzuleak hitz bakoitzaren gaineko kontzientzia hartzeko, elementuen esangurari eta esanahi unitate txikienei erreparatzeko.

Gerediagako kide Txelu Angoitiaren ustez, hitzak testuingurutik kanpo kokatzeak horien esanahiak ere alda ditzake.

«Eszenatokia» da lanak dakarren aurreneko hitza; «emakumeak eta literatura», azkenak: Azokarekin bat egiteaz gain, afixari ukitu feminista ere eman nahi izan dio Itziar Okarizek.

ZUZENDARIRIK GABE

Gerediaga elkarteko lehendakari Nerea Mujikak adierazi zuen zuzendariak egiten zuen lana bazkideek beteko dutela aurten «lan gehiago» eginez. Bestalde, uko egin zion iaz zuzendari ohi Aiert Goenagaren inguruan gertatutakoaz azalpen gehiago emateari.

KARTELA

Hitzak testuingurutik kanpo kokatzeak horien esanahiak alda litzake. «Eszenatokia» da lanak dakarren aurreneko hitza; «emakumeak eta literatura» azkenak: Azokarekin bat egiteaz gain, kartelari ukitu feminista ere eman nahi izan dio Okarizek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo