GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

European Amlin Challenge

Lapurtarrentzat une zailean dator Europako lehiaketa

Avironek eta Biarritzek gaur ekingo diote aurtengo lehiaketari, baina burua ligan dutela. Baionakoak etxean arituko dira Grenoble taldearen aurka, eta zuri-gorriak, Sale Sharks taldearen zelaian. Biak 20.45ean.

p038_f01_148x100.jpg

Jon LEUNDA

Biarritzek eta Avironek gaur ekingo diote European Amlin Challenge lehiaketari, eta ez dator, gainera, bientzako unerik onenean. Biak ere Top 14an jaitsierako postuetan daude, eta Europan pentsatu aurretik, badute zertan pentsatu. Hori dela-eta, gaur bai Avironen, baita Biarritzen ere ohikoak ez diren jokalari batzuek izango dute hasieratik jokatzeko aukera.

Biek ere ez dute, gainera, hasiera erraza izango. Baionakoek etxean jokatuko dute Grenobleren aurka, eta zuri-gorriek, berriz, Sale Sharks taldearen zelaian jokatu beharko dute. Bi norgehiagokak ere 20.45ean hasiko dira. Baionako partida, gainera, Frantziako Eurosport telebista katean ikusi ahal izango da zuzenean.

Biarritzek oso gaizki hasi du Liga eta sailkapeneko azkeneko postuan dago, salbazioko postuetatik oso aparte. Hortik irteteak izan behar du zuri-gorrien helburua, baina agian Sale bezalako talde handi bati Ingalaterran irabaztea ere garrantzitsua izango litzateke, horrek indarra hartzeko balioko baitie. Hala ere, eta zuri-gorrien egoera ikusita, ez da itxaropen handirik izateko moduko partida.

Azken orduko aldaketarik ez baldin bada, honako hau izango da hamabostekoa: Pietersen, Thomas, Sella, Burotu, Brew, Peyrelongue, Lesgourgues, Synaeghel, Ruffenach, Van Staeden, Lockley, Marie, Guyot, Furno eta Molcard. Aulkian, berriz, Dabti, Barcella, Gomez Kodela, E. Lund, Menini, Yachvili, Gimenez eta Ngwenya geratuko dira. Galeseko Ian Davies epaileak zuzenduko du partida. Neurketa Sky Sport telebista katean ikusi ahal izango da.

Baionakoek euren Ligan ari den Grenoble hartuko dute. Neurketa ez da erraza, baina zuri-urdinak normalean etxean oso indartsu aritzen dira, eta garaipena lortu beharko lukete. Ligan aurrera egiteko ere garrantzitsua izaten da garaipenak pilatzea, nahiz eta garbi dagoen Europako lehiaketak, une honetan, ez duela aparteko garrantzirik Baionakoentzat. Orain arte gehiegi jokatu ez dutenek izango dituzte minutuak, eta Top 14ko partidak prestatzeko erabiliko dituzte entrenatzaileek. Hori bai, emaitzak onak badira, gerora helburuak ere alda daitezke Lapurdiko hiriburuan.

Honako hau izango da Avironen hamabostekoa: Spedding, Bustos Moyano, Gerber, Fuster, O'Connor, Brett, Belie, Igiñiz, Arganese, Muller, Boutaty, Chisholm, Bernad, Marmouyet eta Haare. Aulkian, berriz, Roumieu, Van Rensburg, Manukula, Fa'aoso, Fonua, Mionribot, Phillips, eta Ugalde geratuko dira. Marius Mitrea italiarra izango da partidako epailea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo