ZURI-GORRIEN ORROAK
Munduan barrena
Aiert GOENAGA
Hautatzaileak ezagutzera eman du asteburuan jokatuko diren Munduko Kopako sailkapen faseko azken bi partiduetarako deialdia. Ez da ezustekorik izan gehiengo zuri-gorria duen 23ko zerrendan eta espero bezala Pantxi Sirieix izango da min hartuta dagoen Nacho Monrealen ordezkoa. Gainerakoak aurreko partiduetara eramandako berberak dira. Athletic-etik Gorka Iraizoz, Andoni Iraola, Oscar De Marcos, Mikel San Jose, Beñat Etxebarria, Markel Susaeta, Ibai Gomez, Iker Muniain, Aritz Aduriz eta Kike Sola sartu dira deialdian. Realetik; Eñaut Zubikarai, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, David Zurutuza, Xabi Prieto eta Imanol Agirretxe. Real Madriletik Xabi Alonso eta Asier Illarramendi. Toulousetik Pantxi Sirieix, Munitibarko Bayern-etik Javi Martinez, Saint Etiennetik Stéphane Ruffier, Chelseatik César Azpilikueta eta Arsenaletik Mikel Arteta...»
Aste honetan GARA zein «Berria»-ren kirol saileko balizko artikulu baten lerroak izan zitezkeen aurrekoak edo EiTBko albistegien azken txanpan Naxari Altunak kontatuak. Baina tamalez badakigu nola dauden gauzak eta lerro horien edukia amets bat besterik ez da.
Urtean behin Gabonetako `patxanga'-n ere errealitate bihurtzea lortzen ez den ametsa (ia beti falta baitira jokalari onenenetariko batzuk). Euskal Herriko Selekzioak ofizialtasunik ez duen artean amestera behartuak gaude. Euskal Selekzioaren lehen partidu ofizialaz amestera behartuak. Brasilgo Munduko Txapelketan batuko diren izarrez betetako talde handiei gureak itzal egiteaz amestera behartuak. Aurreko izarren argitik urrun dauden Faroe uharteetako selekzioari huts eta zortzi irabazten joateaz amestera behartuak. Emoziorik ez duen partidu horren telebista transmisioan, esatariaren ahotsaren gainetik entzungo den «Ikusi mendizaleak» horrek oilo-ipurdia ipiniko digun uneaz amestera behartuak.
Askok uste du amets hauek errealitate bihurtzeko, gure taldeak Espainiako Futbol Liga Profesionaletik atera beharko liratekeela. Euskal liga propio bat sortu eta euren artean jokatzera kondenatuak daudela. Baina ez da horrela. Hor daukagu Andorraren adibidea. Andorra Futbol Taldea Espainiako Futbol Federazioan dago 1942an sortu zenetik. Behe mailetan eta hirugarren mailan aritu ostean Futbol Liga Profesionalaren bigarren B mailan jokatzea lortu zuen 1980. eta 1997. urteen artean. 96/97 denboraldian kategoria galdu zuen eta egun Kataluniako lehen mailan dago. Hau baina ez da eragozpena Andorrak selekzio propioa izateko eta andorratarrek beren taldea Munduko kopako sailkapen fasean ikusteko. Zein da Andorra eta gure arteko aldea? Apustu etxeetan borondatea jokatutako euroko 1,10 euroan dago kotizatua eta dirua 1,12an, ala alderantziz zen? Berdin da... Eta apustuak aipatuz, apustu hori egin behar bagenu ere, zer? Gure liga propioa sortu eta aurrera. Athletic eta Realaren arteko «biko liga» kaskar bat izango litzateke Osasuna izanez balizko hirugarren gonbidatua. Eta? Ez al da ba halaxe Espainiakoa? Real Madril eta Bartzelonaren «biko liga» eta noizbehinka hirugarren gonbidatu bat, egun Atletico Madril.
Euskal Herriko kopa eta superkopa ere izango genituen eta bide batez Bilbon denbora gehiegi gordeta daraman Gabarrari probetxu gehiago ateratzeko aukera ere egongo zen. Gainera, urtero gure talde bat Txapeldunen Ligako atarikoan eta beste bat Europa League-n ikustearen ideia ere ez da txarra. Urtero Euskal Selekzioa eta gure taldeak partidu ofizialak zein lagunartekoak jokatzen ikusiko genituzke munduan barrena.
Geure selekzio propioaz amesten jarraituko dugu, ofizialtasuna aldarrikatzen... Lortu bitartean selekzio arrotzen partidak ikusiko ditugu eta noizbehinka hauetako batzuk animatuko; baina ez gara inorekin ezkonduko. Ostiralean Bielorrusiarekin joango gara, asteartean Georgia eta Finlandiarekin eta Munduko Kopan auskalo...