Bertsoak, literatura, musika eta inprobisazioa, Kafkaren aitzakian
Uxue Alberdi eta Andoni Egaña bertsolariak bat-batean arituko dira «Kafkaren aulkia» emanaldi sortarekin. Hamabi idazle gonbidatuk irakurritako testuen gaiari jarraitu beharko diete. Nahasketa are erakargarriagoa izateko, Pello Ramirez musikariak zuzenean joko du.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Franz Kafkak bere memorietan kontatu zuen arotza izatea gustatuko zitzaiokeela aulkiak egiteko, bere nobelak idazten zituen aulkia oso estimatua baitzuen. Aulki hori desberdina izanez gero sortuko liratekeen deserosotasunetan oinarrituta, bertsoak, literatura eta musika uztartzen dituen proposamen bat aurkeztu zuen atzo Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak, hainbat kidez inguratuta.
Azaldu bezala, aspaldi sortu zitzaion honelako emanaldi bat prestatzeko nahia eta udaberrian Harkaitz Cano idazleari proposatu zion. Bien artean ideia garatu zuten eta beste hamaika idazlerekin hitz egin ostean, jada martxan dago. Lehenik, Alberdik, Andoni Egaña bertsolariak eta Pello Ramirez musikariak zenbait doinu hautatu zituzten, tonu desberdinetara egokituko direnak (umorea, narrazioa, elkarrizketa, poema...).
Bigarrenik, emanaldiaren egunean idazle bakar batek espresuki prestatutako 30 minutuko testu librea irakurriko du publikoaren aurrean eta nahi duenean irakurraldia etengo du bertsolariei bide emateko, bere «marionetak» izango balira bezala. «Esan diegu gai-jartzaile tipikoaren irudia ahazteko. Nahi duten moduan jar dezakete gaia; isilduz, eta gu kontakizunetik abiatuko gara, gai orokor bat aipatuz edota zehatzago bat ezarriz», kontatu zuen Alberdik.
Orduan, bertsolariek bertsoei zein tonu emango dieten aukeratu eta Ramirezi adostutako piezetako bat jotzeko eskatuko diote. Honek txeloarekin edo eskusoinuarekin bertsoak musikatuko ditu. Amaitzeko, eta emanaldiari amaiera koherente bat emateko asmoz, Egañak eta Alberdik aurretik prestatutako bertso sorta bat botako dute, idazlearen edo herriaren ingurukoak.
Deseroso jendaurrean
Asmoa hamabi idazle horietako bakoitzarekin emanaldi bat egitea da, baina oraingoz laurekin baino ez dute saioa hitzartu: Miren Agur Meabe, Eider Rodriguez, Harkaitz Cano eta Arantxa Urretabizkaiarekin. Azken hau ere aurkezpenean izan zen eta azaldu zuen berarentzat zertan datzan emanaldi honen deserosotasuna. «Idazlea naiz irakurleak idatzitakoa jasotzen duenean aurrean ez nagoelako. Jendaurrean irakurtzeko joera zabaltzen ari da eta ohitzen ari naiz, baina nik idatzitakoa irakurtzeak lotsa ematen dit. Beraz, jendearen erreakzioak ikustea izango da nire Kafkaren aulkiaren deserosotasuna».
Emanaldi bakoitza bakarra izango da, ezustez betea. Ordu eta erdi inguru iraungo du eta prezioa herri bakoitzaren araberakoa izango da.
Urriak 17: Bilbo. Bidebarrietako liburutegia,19.30. Idazlea: Miren Agur Meabe.
Azaroak 3: Ondarroa. Kofradia zaharra, 12.30. Idazlea: Eider Rodriguez.
Azaroak 27: Donostia. Casares kultur etxea, 19.30. Idazlea: Arantxa Urretabizkaia.
Abenduak 11: Bilbo. Deustuko udaltegia, 19.30. Idazlea: Harkaitz Cano.