Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea
Musikaren lanak
Elgoibarko Koska taldeak 1976an argitaratu zuen diskoan lana eta industria zituen ardatz hitzetan. Ogia eskatu eta egurra hartu edo lurpean sartu. Lanak kiskaldu eta zapaldu. Industria gaizki joan denean botereak diruarekin lagundu du. Lantegien kearen altzora, langileak sindikatura, elkar gaitezen indar egiteko. Nagusiaren makilapean lanaren zigorra, lan zigortua, langileentzat ez zerurik ez gauerako aterperik. Koska taldearen lehen diskoko abestietan agertzen diren hitzak dira, ez dagozkio kantu zehatz bati. Errobi talde ezagunagoak, 1975ean «Lantegiko hamar manamenduak» eta «Nagusiaren nigarra» abestiak egin zituen. Argitalpen urtean zehazten du ze taldek atera zuen euskaraz eginiko lehen rocka. Biak, bertsioak erdaraz hasi ziren abesten. El Fuego izan zen Errobiren lehen hazia, eta Expresión Sonora taldeak bidea eman zion Koskari. Lanaren gaia Euskal Herriko talde askok jorratu dute. Joseba Martin kazetari, irakasle eta esatariak doktore tesian dio aztertutako euskal taldeen abestietan %70ek gai politikoak dituztela eta beste %30ek gizarte gaiak, emakumeen kontrako indarkeria, soldaduska, ekonomia, lana... eta gehienetan ikuspegi ezkertiarrez. Lana kontuan hartuta, beste adibide batzuk. Potato taldeak galdetuko du non dagoen langile klasea, ekonomia merkatua (BEZa, FMI, zergak eta Europar Batasuna) lapurreta dela eta lanak heriotza dakarrela. Gaurkotasuna ez galtzeko, The Uski´s taldearen «Ere ke ere» abestian ugazabek uretan amaituko dutela diote. Musikak emandako hausnarketa-zipriztinak dira. Beraz, kapitalaren gizarte hau zaborra bada, honek eskainitako lanak zabor bihurtuko du pertsona. Bila ditzagun eredu berriak, bitartean Gasteizko horma batean zetorrena 80ko hamarkadan: behera lana.