GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sortu: «Joxi eta Joxean ez dira iragana, denon etorkizunaren itsasargia baizik»

Lasa eta Zabala desagerrarazi zituztenetik 30 urte bete diren aste honetan, oroimen ekitaldia egin zuen Sortuk Tolosan. Baina etorkizunaz aritu zen batez ere Joxean Agirre. Bi tolosarren hilketaz eta sendiek jasandako tratuaz ez ote duten ezer esatekorik galdetu zien PSOE eta EAJri.

p017_f02_47556.jpg

GARA | TOLOSA

Asteazkenean urteroko omenaldi xumea eskaini zieten senideek Joxean Lasa eta Joxi Zabalari. Eta, atzokoan, berriz, ekitaldi politikoa burutu zuen Sortuk, bi tolosarron itzala ez dela itzali nabarmentzeko, eta etorkizuna eraikitzeko orduan iragana oso presente eduki behar dela gogora ekartzeko. «Joxi eta Joxean ez direlako iragana, etorkizuna baizik. Denon etorkizunaren itsas-argia», bukatu zuen Joxean Agirrek bere hitzaldia.

«Joxi eta Joxean desagerrarazi eta hil zituzteneko 30. urteurrenean, Aietetik eta ETAk bere erabakia hartu zuenetik bi urte pasata, astelehenean Estrasburgotik etorriko den epaiari arreta handia jarrita, gaur hemendik sentsazio argi batekin ateratzea nahiko nuke, gure inguru hurbil zein zabalean zabalduko dugun ideia bakar batekin -eskatu zuen Sortuko Gipuzkoako koordinatzaileak-: posible dela, ahal dugula, gure esku dagoela eta guztion artean lortuko dugula. Egia eta askatasuna ekarriko dituen eta Euskal Herriaren izaera eta eskubideak bermatuko dituen konponbidea denon garaipena izango da».

PSOE eta EAJren ardurak

Ezker abertzaleak norabide horretan duen ekimen eta bultzada aipatzeaz gain, Lasa eta Zabalaren aferan PSEk eta PSOEk azaldu duten «etika faltsua» salatu zuen Sortuko ordezkariak. Gogora ekarri zuenez, guztiz frogaturik dago alderdi sozialistako ordezkari askok GALen jardunean izan zuten ardura eta parte hartzea: Jose Barrionuevo, Julen Elgorriaga, Julian Sancristobal eta Ricardo Garcia Damborenearen izenak aipatu zituen, «Felipe Gonzalez guztion buru» kokatuz. Erantzukizun horri heltzen ez dion bitartean, PSOEren «zoru bakarra» La Cumbre jauregikoa eta Intxaurrondoko kuartelekoa izango direla erantsiz -La Cumbren torturatu zituzten Lasa eta Zabala Intxaurrondoko zenbait guardia zibilek Iparraldean bahitu ostean-.

Baina EAJri ere deia egin zion Sortuk atzoko ekitaldian. Izan ere, «Joxi eta Joxeanen senideei, justizia ez ezik, erantzun asko ere zor zaizkie. EAJk ere badauka zer esana. Hondarribiko aireportuan eta Tolosako hilerrian Ertzaintzak egin zuenak ez du izenik, eta hurrengo eguneko protesta batean Rosa Zarra hil zuten Donostian, pilotakada batek jota. Hori ahazterik ez dago».

Ondorioz, honakoa eskatu zion Agirrek EAJri Tolosako Euskal Pizkundea plazan: «Arranguraz hartu emozio hauek, begirunez zuek ere sortu duzuen sufrimendu andana, eta arduraz egin diezaiegun aurre etorkizuneko erronkei, elkarri min egitea baino elkarlana izan dadin gure arteko funtsa».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo