Joxan Garaialde | Irun
Kutxabank eta hizkuntza eskubideak
Aspertuta ez ezik, nazkatuta ere banago. Noiz arte agoantatu behar dugu euskaldunok Kutxabankek egiten digun burla? Zeren, burla, iseka, irri egiten digute Kutxabankeko bulego batera joan eta «no te entiendo» esaten digutenean; hau da, gaur bertan, Irungo Kutxabanken bulego nagusian gertatu zaidana, nire txanda heldu denean, langileak euskaraz ez zekiela eta euskaldun bat libre egon arte itxaron behar nuela esan dit.
Kutxabank euskaldunon etsaia da, bestela, ez da ulertzen nola, gaur egun, euskaraz ez dakiten langileak jar ditzaketen leihatiletan, edo jendearen harrerarako bulegoetan. Ez da langilearen errua, edo bai? Hark lan egiteko eskubidea badu, nola ukatu, baina, Euskal Herrian bi hizkuntza ofizial daudela eta jendearen aurrean lan egiteko biak menperatu behar direla? Hori jakin beharko luke, edo ez? Jada 50 urtetik gora dira ikastolak martxan jarri zirela, beste hainbeste gau eskolak, HABE, AEK, eta abar; honezkero, ikasi ez duenak nahi izan ez duelako da, ez dago besterik.
Bitartean, gu zertan ari gara? Hori guztia agoantatzen jarraitu behar dugu? Non daude gure eskubideak? Oso polita da «Euskaraz bizi nahi dut» leloarekin joatea, baina gero, hala bizitzeko aukera kentzen digutenean isil-isilik gelditzen gara. Nahikoa da! Edo gure hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen exijitzen dugu, edo jai dugu.