GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Peio Zabalza Rivas La Unica RTko jokalaria

Adiorik ez, gero arte!

Laranjaz margotutako eguna iratzarri zuten iragan igandeko eguzki izpiek. Han-hemenka ikusi ohi dugun laranja kolorea, desobedientzia eta jarrera oldarkorrarena, Iruñerrian presente egon zen, inoiz baino indartsuago agertu zitzaigularik.

Golem aretoko estreinaldi onenetan biltzen ez den jendetza zegoen, era guztietako lagunak. Aniztasun horrek xede bera zeukan: desobedientzia, herri babesa, elkartasuna irudikatzen zuen herri harresia eraikitzea, alegia.

Bertan, gure taldekidearen egoera etsigarria salatzeko elkartu ginen. Errugbiko baloia eta peñako pankarta esku artean genituelarik, kalejira besta giroarekin kutsatu genuen, ohikoak diren hirugarren denboretan eta sanferminetako kalejiretan dugun izpiritu berarekin, alajaina. Igandekoa ez zen egun pozgarria izan, aireak zekarren zurrunbiloak Goofy ikusteko azkenaldia zela xuxurlatzen baitzigun. Kruasanak janda indarberritu ondoren, Sarasate pasealekura heldu ginen. Plaza osoa beteta ikusten zen, eta, ohikoa den moduan, amaierako ekitaldia egiteko baimenik ez zegoela jakitean, Nabarreriara abiatu ginen mokadutxo bat hartzeko asmoarekin. Iturrira hurbildu ahala, gorputz osotik mugitutako sentsazio atsegina sentitu genuen, gertakari pozgarri bat zetorren hodeiertzetik. Luis zen, iturriaren ondoan zegoen beti bezain irribarretsu. Une hunkigarri batzuk igaro ostean, berarengana hurbiltzea lortu genuen, besarkada handi baten bidez indarberritzeko eta bidenabar bertaratu ezin izan zutenen aldetik goraintziak emateko.

Goofy berarekin solasean geundela, La Unica errugbi taldeari egindako ekarpena gogora ekarri zigun, norgehiagoka bakoitzean, entrenamendu guztietan, geure taldearekiko maitasuna erakusten zigun, baita kirol eder honekikoa ere. Plakaketa bakoitzean, uztartze bakoitzean, dena ematen zuen mutila zen, adorez jokatzen zuena, geuregan motibazioa piztuz.

Aurkariak emandako kolpe gogorrenak ere jasaten zituen, eta oraingoan, bere militantziaren ondorioz jasotako kolpe latz hau, indartsu jasango duelakoan nago. Gure indarra zurea izan dadila, zelaian eta honetatik at dena eman dezagun, taldea zurekin dago! Errugbian eta La Unica errugbi taldean behar zaitugulako, adiorik ez! Gero arte!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo