GARA > Idatzia > Kultura

Gazte literatura

Iraganeko eta oraingo maitasunaz

p050_f03_61x73.jpg

Xabier ETXANIZ ERLE

Gazteentzako «Argazki albuma» liburuak ez du informazio gehiegi ematen ez izenburuan, ez irudian, ez atzeko testua irakurrita ere. Badakigu Ander gaztea une zaila igarotzen ari dela eta erizain bat ezagutu duela, Aintzane. Horrekin batera, argazki albuma ikusten ari den egun batean, Anderrek aurrez bikote izaniko neskaren berri ematen dio Aintzaneri.

Irakurleak ez daki zein den Anderren trantze zail horren arrazoia, ez eta zer-nolako harremana duen erizainarekin, Aintzanerekin; ez jakiteagatik ez dakigu Anderren adina zein den... eta horretarako irakurlea liburuko orrietan barrena murgildu beharko da protagonistaren bizitza ezagutzeko. Anderrena eta baita bere bizitzako bi neskarenak ere, Aintzane eta Maddi.

Antton Kazabonek hamasei kapitulu laburretan kontatzen digu Anderrek eta Aintzanek elkarrekin pasatzen duten arratsaldea; Anderrek, «oraingo egoeran gehiago kostatzen zait kalera irtetea», etxean geratu eta argazki albuma ikusteko eskaintza egiten dio erizainari; eta horrela, bien arteko elkarrizketez osaturiko kapituluetan eta Anderren gogoetez osaturikoetan, irakurleak istorioko hiru protagonisten berri izango du.

Nobela guztian zehar bada itzal bat, Anderren egoera latza, zerbait gertatzen zaio eta larria dela dirudi. Itzal horren ondoan, aldiz, maitasun istorio bat ere eskaintzen digu idazleak; itxaropena, bizi poza, tragediaren ondoan. Eta horiekin batera iraganeko kontuak, eta iraganeko kontu horiek nola eragiten dioten edo eragin diezaioketen orainari.

Bizi-bizi, arazo handirik gabe, irakurtzen den istorio laburra dugu «Argazki albuma». Entretenigarria eta gazteen harremanei buruzkoa. Batzuetan idazlearen apustuak (elkarrizketez osatzea kapituluak) gehiegizko arintasuna ematen diola dirudi; eta arintasun horren ondorioa da argumentuan zenbaitetan dagoen ahuldadea.

Edozein modutan, gustura eta arin irakurtzen den nobela atsegina dugu Kazabonen azken hau. Maitasunaren ikuspegi berriak modu bizian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo