GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Rikardo Arregi 2013/10/16

Iberdrola

Deia

Goikoak (enpresa handien buruak, dirudunak, inbertsioak egiten eta desegiten dituztenak, horiek guztiak) irabazten ari dira, ondo antolatuta daude eta haien buruez oso seguru, inoiz ez bezala bizi dira krisi (sic) garaietan. Hau guzti hau festa bat da. Probarik behinena haien patxada da adierazpenak egiten dituztenean. Azken adibidea Iberdrolako presidentearen hitzak izan dira: eguzki energia garestiegia da eta desagertuko balitz elektrizitate faktura merkeagoa izango litzateke. Iragarkietan hosto berdetxoak agertuko dira ekologian engaiatuta daudela erakusteko, hosto urdintxoak haien garbitasuna garbi uzteko eta, behar denean, hemengo (euskal, bilbotar) enpresa bezala agertuko dira gure bihozño abertzalearen pozerako. (...)

Demagogikoa izango da elekrizitate faktura jaisteko badirela beste bide batzuk esatea: administrazio kontseiluetan dauden parasitoak (batzuk politikari ohiak) kaleratzea adibidez eta, diskurtso liberala hainbeste maite dutenez, elekrizitate enpresek Espainiako Erresuman duten oligopolioa deuseztea. Iberdrola Garoñako nuklearraren kudeatzaileetako bat da, Iberdrolak etxean eguzki panelak jarri zituztenei garesti ordainarazten die orain atrebentzia, Iberdrolak bide ez oso garbiak (legalak, jakina) erabiltzen ditu bezero batzuk (adineko jendea batez ere) engainatzeko.

Hori guztia demagogia da, jakina, ergelkeriak, segundo bat ere merezi ez duten txorakeriak. Egia da haserretzen direnean (pixka bat, ez pentsa) apokaliptiko jartzen direla argindarraren jabeak, eta bost urte barru izango ditugun mozketez eta itzalaldiez hitz egiten digutela gu izutzeko.

Badirudi oraindik ez diotela etekin nahikorik atera eguzki energiari. Aterako diote, azkarrak dira, eta orduan eguzki panela buruan eramatera behartuko gaituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo