ZURI-GORRIEN ORROAK
Zenbakiak eta ...
ZURI-GORRIEN ORROAK
Aiert GOENAGA
Astelehenean ospatu zen Athleticeko bazkideen batzar orokorra. Bertan, talde zurigorriaren 2013ko kontuak eta 2014ko aurrekontua onartu ziren. Aipatu ziren zenbakietan erreparatzean, futbolaren aurpegi desatsegina agertzen zaigu parean. Herritik sortu zen taldeak herriarekiko eta beronen errealitatearekiko erabateko haustura irudikatzen duen aurpegia.
Hona hemen laburtuta eman ziren datu guztietatik aipagarrienak. 2014ko aurrekontua 64 milioi eurokoa izango da. Kopuru horren erdia baino zerbait gehiago lehen taldeko jokalarien soldatetara bideratuko da. Ekitaldi amaierarako 2,9 milioi euroko defizita izango da, baina San Mames Barria osorik zabaltzean orekatuko omen da defizita. Zelai berriaren egungo egoeragatik euripean bustitzen diren bazkideei urteko kuotaren %50 itzuliko zaie eta horrek milioi bat euro gutxiago jasotzea suposatuko du. Zelai zaharraren agur ekitaldiek eta bazkideak berrira mugitzeak 1,5 milioi euroko kostua izan zuen. Mallorcak Adurizengatik utzitako zorragatik 5 milioi euroko hornidura egin dute. Taldeak zuen 41 milioiko zorra 17 milioira jaitsi du, bakarra zor zaielarik bankuei.
Zifra dantza hori ikustean Lanbideko datuen arabera irailean Bizkaian erregistratuta zeuden 99.103 langabeak etortzen zaizkit gogora, biztanleria aktiboaren %17,9. Horixe baita Athletic sortzen ikusi zuen herriaren errealitatea. Horixe arestian aipatutako zenbakiak posible izateko futbolean hainbeste diru publiko inbertitu duten probintziaren, hiriburuaren eta bere inguru hurbilaren errealitatea. Milioika euro makroproiektuetarako, murrizketak kaleko jendearen oinarrizko premietarako. Gogoratu Ezkerraldeko langabezia tasa %21,2koa dela (26.403 langabe). Enkarterri (3.071 langabe) eta Bilbo hiriburua (32.646 langabe) daude rankingaren hurrengo bi postuetan -hurrenez hurren %19,9ko eta %19,8ko langabezia tasa dute-.
Egia da Athleticen lehen taldeko jokalarien soldatak Real Madril eta Bartzelonakoen soldatetatik urrun daudela, baina bizidun arrunton soldatetatik are urrunago daude. Lehen Mailan urteko gutxiengo soldata 120.000 eurokoa den artean, Cebek Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioaren txostenaren arabera herrialdeko 2013ko gutxiengo soldata 645,30 eurokoa gehi osagarriak da. Alegia, urteko gutxiengo soldata 9.034,20 eurokoa dela; eta hori, uztailean akitu ziren hitzarmen kolektiboak ahaztu gabe. Are urrutiago geratzen dira langabezia agortuta duten milaka lagunen oinarrizko errentek batez beste uzten dizkieten hileko 430 euroetatik.
Brasildik Munduko Koparen harira egiten ari diren mobilizazioen irudiak ailegatzen zaizkigunean, lotsagarritzat jotzen dugu hango egoera. Nola da posible horrenbeste miseria dagoen lekuan hainbeste diru futbolean gastatzea? Ontzat ematen ditugu brasildarren mobilizazio eta protestak, ulertu egiten ditugu. Baina, antza denez, ez gara identifikatuta sentitzen. Futbolarien soldaten eta guk ditugunen artean dagoen distantzia berarekin begiratzen ditugu irudiok. Badirudi ez dugula ezer egingo futbolaren burbuila behin betiko leherrarazteko. Futbolaz kexatzean errazago baita Athleticek astelehen gauetan jokatzen duelako biharamunetan lanera logalez joatea bezalako txatxukeriez kexatzea, benetako arazoen errora joatea baino. Zoritxarrez, biharamunean lanera joateko zortea dutenak gero eta gutxiago dira.