Argia ikastolak lanean jarraituko du Erriberan euskarak bizirik iraun dezan
Argia ikastolako arduradunek euskararen alde lanean jarraituko dutela iragarri zuten atzo. Halaber, Tuteran bildutakoei eskerrak eman zizkieten. «Eskerrik asko Tuterara hurbildu zaretenei. Erriberako bihotza bizirik mantentzeko indarra eman diguzue», azaldu zuten.
GARA |TUTERA
Argia ikastolako arduradunek lanean jarraituko dute euskarak bizirik iraun dezan Ebro ibaiaren hegoaldean. Igandean Facebooken adierazi zuten bezala, Nafarroa Oinezek eduki duen arrakastak aurrera egiteko indarra eman die. «Eskerrik asko lanean aritu zaretenei eta Tuterara hurbildu zareten guztiei. Erriberako bihotza bizirik mantentzeko indarra eman diguzue. Bihotz-bihotzez, eskerrik asko», adierazi zuten.
Era berean, igande gauean bidalitako ohar batean, Euskal Herriko txoko guztietatik Tuterako ikastolari eta Erriberako euskarari babesa ematera gerturatu diren milaka euskaltzaleen presentzia eskertu zuten. «Hainbeste izan dira goizeko lehen orduetatik ibilbidera hurbildu nahi izan dutenak, ezen auto ilara luzeak baitira inguruko errepideetan», azaldu zuten.
Halaber, Argia ikastolak egindako gonbidapenak erantzun zabala izan duela ohartarazi zuten. Azken batean, «inoiz baino ugariagoak» izan ziren goizeko inauguraziora azaldu ziren euskal agintari, kultura eta kirol esparruko pertsonaiak. Tuteran atzo izan ziren agintari gorenek Susana Suarez Argia ikastolako lehendakariaren deia jaso zuten, ikastolaren proiektua babesten jarraitzeko. Tuterako ikastolaren arduradunek gogoratu zuten bezala, «Argia ikastola baita Nafarroako eremu handi batean hezkuntza euskaraz eskaintzen duen eskola bakarra».
Datorren urtean Zangozan
Hezkuntza eskaintza mantentzea izan da aurten Nafarroa Oinezen helburu nagusia. Hori lortzeko, Argia ikastolak ehunka boluntarioren laguntza eduki du. «Horietako asko aurreko egunetan etorriak, jo eta ke aritu dira Argia ikastola txikiak Nafarroa Oinezen tamainako jaialdia antolatzea posible izan dezan. Argia ikastolak esker beroenak luzatu nahi dizkie lagundu duten guztiei», esan zuten.
Datorren urtean, Nafarroako ikastolen festa Zangozan ospatuko da. Igandean Argia ikastolako zuzendariak, Anika Lujanek, lekukoa pasa zien Zangozako ikastolaren arduradunei. Nafarroako hego muturretik ekialdeko mugara abiatuko da euskaltzaleen festa.
Argia ikastolako arduradunek igandean giro paregabea nagusi izan zela nabarmendu zuten. Bestalde, festak iraun bitartean, ez zela aparteko ezustekorik gertatu adierazi zuten.