Ariane Kamio Kazetaria
Reed-en mamiak eta gure berrogeialdia
Beteluko mamiarekiko zuen zaletasuna agertu da azken bi egunetan Lou Reeden heriotza dela-eta. Etxeratu egin nahi izan dugu Brooklineko musikari handiaren irudia, geureganatu munduan zehar beste hamaika anekdota, istorio eta kontakizun izan zituen irudi miresgarri baten bizitzako katebegia. Azkarate eta Ordorika anaiak izan zaizkigu gertukoen eta beren etxeko atea nola ireki zien irakurtzea gustatu zaigu.
Ate asko zabaltzen ditu Patricia Gaztañagak EITBn -honek ez du irakurketa bikoitzik-. «Ongi Etorri» saioko gidari, euskal lurraldean diren etxebizitza bitxienak, nolabait esatearren, erakusten dira bertan. Bitxienak diot, horien artean aurki baitaitezke luxuaren goia jotzen duten zenbait egitura, edo antigoaleko gauzaz lepo diren komun retroak.
EH Bilduk saioa programaziotik kentzeko eskatu du, «etika ezagatik». Egungo krisi garaian, etxegabetzeak gero eta ugariagoak direnean, «umiliagarria» dela deritzo koalizio abertzaleak. Ez diot nik arrazoirik kenduko, baina egia esanda, badira bitxitasun horretan erakargarriak suerta daitezkeen zenbait etxebizitza. Eta zergatik ez erakutsi?
Zalantzak eragin dizkit niri, baita besteren bati ere. «Gero eta jende gehiagok gosea ere pasatzen badu, ken ditzatela orduan sukaldaritza saioak». Iritziak, besterik ez.
Milioiak eta milioiak batzen dituen balioa duten etxebizitzen jabeak badirela ikusteak, ordea, zerbait gaizki egin dugun errezeloa sortzen dit, itxura estetikoez harago, aberastasunaren banaketa duin bat egon ez den erakusgarri izan daitekeelakoan. Maila apalagoan bada ere, geure ahalmen ekonomikoak neurtu ez eta behar baino gorago ezarri ditugu, akaso, geure aulkiak, besteen kaltetan.
Beteluko mamiak edo Tolosako babarrunak ez ezik, aitabitxi bi ere izan zituen Lou Reedek Euskal Herrian. Jakin gabe duguna da oraindik, karapaixorik eskaini ote zieten ordorikarrek Azkarateko estudioetan ongi etorria izan zenean. Ez zen, akaso, garizuman etorriko, gure etxea, nolabait esateko, berrogeialdi etengabean dagoela ikus daitekeen arren. [@arianekamio]