GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Pizgarri materialak edota moralak

Ez da zaila egungo lantegi kuartelarioak baino eraginkorragoa eta emankorragoa izatea Saratxagak proposatutakoa, edo antzeko zerbait

Dagoeneko gaineratzen ari zaigun JFK revival horren isla kolateral hutsa izan daiteke, baina iragan egunetan, Fagor kooperatibak bizi duen kinka larriaren inguruan Koldo Saratxagari egindako hamaika elkarrizketetan esandakoak irakurri ditudan bakoitzean, «pizgarri materialen eztabaida» zaharraz oroitu naiz. Eta oraintxe betetzen ditu hark ere 50 urte.

Ez dakit bere garaian haren berririk izan ote zuen Saratxagak; nekez, adinagatik eta orduan hemen bizi zen egoeragatik. Nik, noski, geroztikoa eta liburuetatik jasoa dut debatearen oihartzuna. Gaiak, ordea, gaurkotasun puska bat badu; gure artean eta kooperatiben munduan batez ere, Saratxagak haien berrantolaketarako proposatzen duena erabat oker interpretatzen ari ez banaiz.

Sobietar Batasun eta Txinaren arteko etena nabarmentzen ari zeneko garai haietan Europa Ekialdeko bloke politiko-militarraren elite ekonomikoa astindu zuen debatearen sustatzailea, jakina denez, Ovsiy H. Liberman ekonomista ukrainarra izan zen, eta hark 1962an «Pravda»-n argitara emandako «Plana, etekina eta sariak» artikulua hartzen da eztabaidaren abiapuntutzat. SESBen eta Comeconeko herrialde guztietan indarrean ziren bosturteko planen baitan produktibitatea gehiagotzeko ahaleginetan sari edo «pizgarri» materialek norainoko betekizuna eduki behar zuten eta ordura arte ohikoagoak ziren «pizgarri ideologiko» edo moralen lekua hartu behar ote zuten zen eztabaidaren funtsa. Libermanen jarrera, noski, pizgarri materialen aldekoa zen. Ondorengo urteetan beste hainbat artikulu eta liburu argitaratu ziren, alde nahiz kontra, eta Libermanen ikuspegiek eragin nabarmena eduki zuten SESBen 1965ean A. Kosiginen eskutik gauzatu zen erreforma ekonomikoan.

Geroak erakutsi du, bestalde, debate akademiko hura ika-mika askoz zabalago, sakonago eta ez horren akademiko baten adartzat ere har genezakeela. Garai bertsuetan ematen baitira Charles Bettelheim eta Guevararen arteko tema, Txinako Alderdi Komunistaren zuzendaritza erdibitu eta Iraultza Kulturalaren aurrekari izango zirenak... Eztabaidetan parte hartu zuten guztientzat argi zegoen ekonomia nola kudeatu asmatzea erabakigarria izango zela sistema politikoaren etorkizunerako, eta geroztik gertatuko ziren gauza askoren haziak orduantxe erein ziren.

Jakina, Saratxaga ez da ariko planifikazio zentralizatuko ekonomia bat nola kudeatu behar ote litzatekeen asmatzen, ezta haren baitako enpresa batek nola funtzionatu beharko ote lukeen proba-saioak egiten ere. Baina kooperatiben -eta, oro har, etorkizuneko enpresen- mundurako proposatzen dituen eraketa sistema berri horiek «pizgarri moralen» tankera handia dute, latorrizko domina eta gorespenezko erreportajeetatik urruti bada ere. Eta ez da zaila egungo lantegi kuartelarioak baino eraginkorragoa eta emankorragoa izatea hark proposatutakoa, edo antzeko zerbait.

Ez dakit euskal kooperatiben munduak horrelako «pizgarri moralak» garatzeko modurik edota gogorik duen. Baina orain arteko arduradunei emandako pizgarri materialek, Fagorreko kasuan behintzat, poto egin dutela esatea ez da gehiegizkoa izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo