GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

«Bigarren B Mailan jokatzekotan, ez du kanpora joatea merezi»

p037_f01.jpg

Iker Torre

Futbolaria

Bost urteren ostean, Iker Torre Almansara itzuli da. Oriotarra bere bigarren etxean arituko da, emaztea hangoa baitu. Aurrelari gipuzkoarrak garbi dauka gaur egun ez duela merezi Bigarren B Mailan jokatzeko etxetik ateratzea, eta bere oraingo taldera itzultzeko arrazoietako bat izan da. Hala ere, futboletik bizitzen jarraitzen du, nahiz eta garbi daukan gero eta zailagoa dela.

Jon LEUNDA

Pasa den urtea zaila izan zen Iker Torrerentzat. Bost hilabete eman zituen Nojan kobratu gabe. Aurten, ordea, nahiz eta mailaz jaitsi den, egoera oso ezberdina bizi du, eta oso gustura dago Almansa taldean.

Nolatan joan zara Almansara?

Arrazoi bat baino gehiago izan dira. Lehen ere hemen egona nintzen eta taldea ezagutzen nuen. Nire emaztea ere hemengoa da, eta taldeak ahalegin handia egin du ni etortzeko. Beraz, ez nuen zalantzarik izan erabakia hartzeko garaian.

Ez dizu axola izan Bigarren B Maila utzi eta Hirugarren Mailara jaisteak?

Egia esan behar bada, gaur egun ez du merezi Bigarren B Mailan jokatzeko etxetik ateratzea. Ez da Hirugarren Mailan baino diru gehiago irabazten, eta kobratzeko ere arazo asko daude. Azkenean, hobe da etxean jokatzen jarraitzea. Almansa ez da nire etxea, baina bai bigarren etxea, eta ez dut damurik.

Oraindik ere futboletik bizitzen jarraitzeko moduan al zara?

Bai, bai. Aurten ere futboletik bizitzen jarraitzeko moduan naiz, eta hori garrantzitsua da. Dena dela, futboletik bizitzea gero eta zailagoa dago, eta gauzak aldatzen hasten ez badira, aurki hasi beharko dugu beste lanen bat topatzen, zaila baitago futboletik bakarrik bizitzea.

Nola hartu zaituzte Almansan?

Oso ongi. Interes handia zuten ni ekartzeko, eta hori beti garrantzitsua izaten da. Etxean bezala nago, eta hori ezinbestekoa izaten da nik nire lana behar bezala egin ahal izateko.

Presioa ere izango duzu,ezta?

Bai, dudarik gabe. Ikusmin handia sortu dut hemen, eta garbi dago nire fitxaketa hori zergatik izan den erakutsi behar dudala, baina kanpoko gauzei ez diet kasurik egiten, eta ni nire lana egiten saiatzen naiz. Oraingoz, behintzat, ez nago kexatzeko moduan, eta ezin esan gauzak gaizki doazenik.

Beraz, kirol arloan eta pertsonalean, gauzak ongi doazkizu, ezta?

Bai. Azken batean, taldearen arloa da garrantzitsuena, eta hor emaitza onak lortzen ari gara, eta sailkapeneko goialdean kokatuta gaude. Arlo pertsonalean ere jokatzen ari naiz, eta ezin naiz batere kexatu.

Bigarren B Mailara igotzea al da zuen helburua?

Aurrenekoa igoera fasea jokatzea da, baina daukagun taldea kontuan hartuta, helburua Bigarren B Mailara igotzea izan beharko dela uste dut.

Nolakoa da zuen multzoa?

Nik uste multzo guztiak igo egin direla mailaz. Lehen aipatu bezala, futbola gero eta zailagoa dago, kanpora joan eta arriskuak hartzea ez du merezi, eta horregatik askok eta askok Hirugarren Mailan geratu eta inguruetako taldeetan jokatzeko hautua egiten dute, eta hori da gure multzoan gertatu dena. Jokalari oso onak daude, eta ni azken aldiz egon nintzenean baino maila hobea da orain.

Hirugarren Mailako zuen multzoak ez dauka bidaien aldetik euskal taldeak ari diren multzoekin zerikusirik, ezta?

Ez, ez, hemengo bidaiak Bigarren B Mailakoen modukoak dira. Euskal taldeak ari diren hiru multzoetan bidaiak oso laburrak dira; hemen, berriz, luzeak. Adibide bat jartzeko, hurrengo norgehiagoka Puertollanon jokatu behar dugu, eta Almansatik Puertollanora lau ordu daude. Pentsa nolako bidaiak diren. Hemen, kanpoan jokatzen ditugun partidak jokatzeko egun osorako joan behar dugu.

Jendeak erantzuten al du hor?

Bai, hemen futbol taldea oso garrantzitsua da. Azkenaldian apur bat jaitsi da zaleen erantzuna, baina orain ere garrantzitsua da. 800 edo 1.000 ikusle inguru etortzen dira gure partidak zuzenean ikustera. Hori ere aldatzen da. Batzuetan gutxiago ere etortzen dira, eta beste batzuetan, gehiago, baina batez bestekoa hori da. Gero, animatu ere ongi egiten dute, eta alde horretatik jokalariok ez dugu kexatzeko inongo arrazoirik.

Iaz Noja zorretan gelditu zen zuekin. Azkenean kobratzeko modurik egin al duzue?

Zorionez, bai. Egia esan, iaz han gertatu zena, oso harrigarria da, gauza arraro asko pasatu ziren, eta garbi esango dut Noja nirekin ez zela batere ongi portatu. Bost hilabete egon ginen kobratu gabe. Dirurik ez zutela esaten zuten, eta gero bat-batean bost hilabetekoa batera ordaindu digu denei. Ez dakit zer pentsatu, baina, egia esan, ez nuen batere ongi pasatu. Zorionez, hura pasatu da, azkenean kobratu dugu, eta orain beste talde batean nago. Aurrez aipatu bezala, gaur egun ez du merezi etxetik ateratzea, ez behintzat Bigarren B Mailan jokatzeko.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo