GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

«Dibisio antiterrorista» ezabatzea ez da aski

Lakuako gobernuaren Segurtasun sailburuak jakitera eman duenez, Ertzaintzaren antolaketa eredua aldatu egingo da. Ertzainen onarpen soziala xede, gertutasuna eta eraginkortasuna bide. Bere proposamenean, ETAren borroka armatua betirako amaitzeak eta delitu forma berrien errealitateak bultzaturik «Dibisio antiterrorista»-ren ezabatzea aurreikusten da. Baina antolaketa aldaketak gorabehera, ziento pasa ertzainen birkolokatzea suposatzeagatik ere, ez da aipamen zipitzik ere egiten ertzainen onarpen sozialean eragina izan duten faktore sistemikoez, kultura eta eredu polizialez, zigorgabetasun korporatibo eta bere konplizitateez. Izena aldatu, antolaketa moldatu, baina ohitura eta mentalitate zaharrak berri. Ildoa kritikoki berrikusi gabe, «sagar ustelaren» paradigmapean konpondu nahi izan diren heriotza eta eskubide urraketa larriak aitortzeke, fatalismoaren edo jokaera profesionalen akatsen ondorio legez saldu diren «istripuak» -azkena Iñigo Cabacasen heriotza- defentsa korporatiboaren omerta legeaz estaltzen jarraitzeak eta abar luze bati serio oratzeke sinesgarritasunik gabe uzten du sailburua.

Ertzaintzaren arazo gehienak -onarpen sozial eskasa, erabilera alderdikoiaren menpekotasuna eta Guardia Zibilarekiko subordinazioa, besteak beste- ez dira antolaketa moldatuz zuzenduko. Ez horixe. Ariketa sakon eta zorrotz baten faltan, makillajea izango da. Hori eta hori baino ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo