GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Lau eta Erdiko txapelketa

Gozatzeko tenorean

Saralegi ez da inoiz ligaxka batean aritu eta bi partida irabazi ostean «hiru partida hauetan disfrutatzeko asmoarekin» sartu da final-laurdenetara. Bengoetxea VI.ak baino pilota lasaiagoak hautatu zituen atzo.

p044_f01.jpg

Jon ORMAZABAL

Egia esanda, aurtengo Lau eta Erdiko txapelketak ez zuen oso itxura onik Ekaitz Saralegirentzat. Udan partida gutxi jokatuta, emaitza onegirik batu gabe eta uztailean oineko hatz lodia apurtu ostean etorri zitzaion amezketarrari urteko azterketarik latzena, otsailean agortzen den kontratu hori berritzea merezi duela erakusteko bere aukerarik egokiena. Zozketak ere ez zuen ematen gehiegi lagunduko zionik, baina faborito garbi gisa irten zen Urrutikoetxeari ondo irabazita, gauzak aldatzen hasi ziren eta aurreko igandean Titin jipoitu ostean, gozatzeko tenorea heldu zaio Ekaitz Saralegiri, bere inoizko posturik onena ziurtatu baitu 34 urterekin.

«Inork ez zuen espero ez Urrutikoetxeari eta ez Titini irabaztea, bi partida irabazita nator, oso gustura eta niretzat hau sari handi bat da. Ea hiru partida hauetan disfrutatzen dudan», azaldu zuen aurrelariak atzoko material aukeraketan.

Erakutsitako joko mailarekin finalerdietan egoteko ametsa izan dezakeen arren, Saralegik ez du alferrik erabiltzen gozatzearena, benetako presioa eta bere benetako txapela onenekin lehiatzeko gai dela erakustea baitzen. Aurtengo Lau eta Erdikoan lortutako emaitzekin, hasteko, lesiorik ezean, bost astez segidan partida bat, lehiaketako partida bat gainera, jokatzeko eskubidea eskuratu du, eta hori, gauzak dauden bezala -iaz, Asegarcek datuak urritik urrira zenbatzen ditu, 31 partida jokatu zituen, 18 garaipen eta 13 porrot,- gauza handia da.

Epe luzeagora begira, pentsatzekoa da baita ere hurrengo urteko kaiolakoan parte hartzeko eskubidea lortu duela -nahiz eta azken urteetan eskubide hau finalerdiak jokatzen dituztenetara mugatzen dela ere esan izan duten- eta honek dezenteko pisua izan beharko luke bere kontratua berritzerako orduan.

«Aurrekoak ere hala ziren»

Baina helburuak bete izanak ezin du, inondik inora helmuga izan, finalerdietara sartzeko aukera eskura izanda. Ostiralean izango du final-laurdenetako ligaxkako lehen partida Donostian, eta itxuran, aurkaririk zailenaren aurka hasi beharko du, iaz finalera heldu zen Oinatz Bengoetxearen aurka.

«Oinatz lehen lerroan dagoen pilotaririk onenetako bat da, eta lau eta erdian, gainera, oso ondo moldatzen dena. Partida oso-oso zaila izango da, baina tira, aurrekoak ere hala ziren eta irabaztea lortu nuen. Ea gutxienez lan pixka bat ematen diodan eta behintzat nire buruarekin gustura geratzen naizen, eta etortzen den jendea ere pozik uzten dudan», azaldu zuen amezketarrak.

Oinatz Bengoetxearentzat, aldiz, ostiralekoa lehiaketako lehen partida izango da eta horrek beti sortzen du zalantzaren bat, nahiz eta Leitzakoa faborito garbi bezala irtengo den. «Saiatu eginen gara baina oso zaila izango da berriz ere finalera iristea. Aurten ere pixkanaka-pixkanaka joateko asmoa daukat, beti bezala. Lehendabiziko partida Ekaitz Saralegiren aurka oso gogorra izango da, bera joko askorekin dago, beldurrik gabe etorriko da eta oso pilotari arriskutsua da», azaldu zuen iazko txapeldunordeak.

Materialari dagokionez, «pilotak egokiak dira, berarenak lasaiagoak, jokatzen gehiago uzten dutenak eta nireak pixka bat azkarragoak, espero bezala baina nire aldetik arazorik gabe», azaldu zuen Bengoetxea VI. ak.

Federatu eta pilota eskoletako haurrak, debalde

Atano III.a pilotaleku historikoa berreskuratzea izan da Gipuzkoako Pilota Federazioak jarritako erronka nagusietako bat, eta Asperekin lortutako akordio bati esker, pilotan jokatzen duten herrialdeko gazteenek ostiraleko jaialdia musu-truk ikusteko aukera izango dute. Horren arabera, 18 urtetik beherako federatu eta pilota eskoletako partaideek doako sarrera izango dute.

Horrez gain, Federazioak berak ere salduko ditu jaialdi honetarako sarrerak, 30 euroan kantxakoak eta 15 euroan goiko solairuetakoak. Urriaren 30eko 18.00ak arteko epea dago eskaera egiteko, josune.pilota@kirolak.net helbidearen bidez edo 688 85 77 10 zenbakira deituz. J.O.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo