GARA > Idatzia > Kultura

Jazz soinekoz jantzi du bere rock sena Jexuxmai Lopetegik

«Errekan gora» diskoa aurkeztu du Jexuxmai Lopetegik, bere bakarkako ibilbidean seigarrena. Rock oinarriko hamalau kantu biltzen ditu eta jazz musikariei -hamasei musikari bildu dira guztira- atea zabaldu die euren esparrura eraman ditzaten. Hitzetan Harkaitz Cano, Jon Benito, Mitxel Murua, Joseba Sarrionandia eta Pako Aristi izan ditu lagun.

p047_f01.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«Musikan, beste gauza askotan bezala, beharrezkoa da errekan gora ere jardutea... saiatzea behintzat», azaldu zuen Jexuxmai Lopetegik (Zarautz, 1956) atzo. «Beti nahi dugu ur-jauziaren beste aldean zer dagoen jakin, eta jakin-min horrek biltzen nau lagunekin elkartzera». Eta lau hamarkadatik gora musikari eskainita bizi ondoren, horretan jarraitzen du, errekan gora igerian, errazkerian erori eta korronteari bere lana egiten utzi ordez, ur berriak bilatzen.

«Errekan gora» (Baga-Biga) Lopetegiren seigarren bakarkako lana da. Lehendik ere badu eskarmentua, Sasi eta Akelarre taldeekin Euskal Herriko plaza gehienak zeharkatu ditu. Zarauzko bere etxean duen estudioan grabatu du, oraingoan ere, Unai Morazaren laguntzaz. «Izar uxo» (Elkar) izan zen bakarkako bosgarrena, 2009an kaleratutakoa, eta azken bi urte hauetan ondu ditu disko hau osatzen duten hamalau kantuak. «Nekosoa ere izan da, zaila ere bada guztiak elkartzea», aitortu zuen atzo, «baina gustuko lanean aldaparik ez». Izan ere, guztira hamasei musikariko kuadrilla osatzeraino iritsi da, «agian gehiegitxo da... bueno, probatzen da».

Batetik, bere ohiko Noizbehinka taldeko kideak izan ditu disko honetan ere: David Etura (bateria), Satxa Soriazu (teklatuak), Aitor Arozena (baxua) eta Xanet Arozena (gitarra). Horiez gain, parte hartu dute Spring Onions jazz trioak (Satxa Soriazu, Juanma Urriza eta Kike Arza), Amaiur Cajaravillek, Jorge Abadiasek, Julen Izarrak, Alberto Garciak, Sergio Villarrek, Bixente Martinezek, David Soriazuk, Aitor Huizik eta Andoni Lertxundik.

Eta musikari hauek alboan izanda, ezinbestean etorri dira jazz ukituak. «Rocka dago zentzu zabalean, erdi tempoko kantuak ere bai, eta gero jazza», deskribatu zuen. Aurreko diskoan ere egin zuen «esperimentu» bat swing-a sartuz. «Nire esparrutik kanpo gelditzen den gauza bat da, baina badut halako askatasun bat diskoan bitxikeria batzuk sartzeko», esan zuen. «Inguruan musikari onak edukitzeak beti ematen du tentazio bat. Hala ere, rocka da nire lengoaia, nik nahi ez badut ere».

Kantuen hitzetan, berriz, agerian gelditzen da Lopetegik literaturarekiko duen zaletasuna; «larunbat goiz batean ezagutu nuen literatur tailer batean», esan zuen atzo Harkaitz Canok. Bere hitzekin sortu du «Gogoratu, ahaztu», «jazz modernoko kantu batean» bihurtzen dena bukaeran, «Trinitate plazan bukatuz», esan zuen zarauztarrak. Naturako elementuak hartu ditu Lopetegik oinarri berak idatzitako zortzi kantuetan eta Mitxel Murua, Jon Benito, Joseba Sarrionandia eta Pako Aristi idazleak ere ageri dira hitzen sinaduretan.

Azalaren diseinua, berriz, Antton Olariagaren esku egon da. Zuhaitz zahar bat irudikatu du errekaren erdian, «euria ari du, euri hori txori bihurtzen da, txori horiek galdera ikur nire baitan kontrazalean...».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo