GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Hala Bedi irratia: 30 urteko luxuzko uhinak

Gaur Gasteizko Gaztetxeak luxuzko kontzertua -luxua poesia gisa ulertua- hartuko du, «Kolpez Kolpe» abesti bilduma aurkezteko. Azken 30 urteetan Euskal Herrian sortutako 15 abestiren moldaketak, beste horrenbeste taldek eginak, biltzen ditu disko horrek. Denbora joan arren, bizirik dagoen musika dela nabarmentzen duen diskoa da, duela 30 urte sortu zen hedabide bat omentzeko, Hala Bedi irratia, hain zuzen, musika hori bezala bizi-bizirik jarraitzen duena. «Kolpez Kolpe» bilduma Hala Bedi irratiaren 30. urteurrena ospatzeko proiektuetako bat baino ez da, ordea; besteen artean, hil honen 14an, irrati horren ibilbidea agertzen duen dokumentala aurkeztuko dute. Ibilbide luze eta emankorra, Euskal Herriko irrati libreen aitzindarietakoa den horrena, Arabako eta Hego Euskal Herriko beste inguru batzuetara informazioa, iritzia, hamaika borroka eta kolektiboren ekimen eta programak eta musika ona eraman dituen irrati librea. Irratia, librea: elkarketa arriskutsua, adierazpen askatasuna jazarria den inguru batean, askatasuna susmopean dagoen garaian. Hala ere, 30 bete ditu eta beste 30 urte oparo merezi ditu bere luxuzko uhinak -luxua poesia gisa ulertua-, hainbatetan sabotatuak, kazetaritzaren, musikaren, askatasunaren eta elkartasunaren zerbitzuan jarri izan dituen irratiak. Irrati libreak. Urte askoan!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo