Itziar NOGERAS | Dnostia 2016ko zuzendari nagusia
«Proiektuarekiko ilusioa eta atxikimendua berreskuratu behar dugu»
Eva Salaverriaren lekukoa hartu zuen irailean Itziar Nogerasek (Donostia, 1966) kultur hiriburutza kudeatzen duen proiektuko buru gisa. Lantalde berritua, erronka berrientzat, datozen hiru urte hauek erabakigarriak izango baitira Donostia 2016 helmugara irits dadin. Bere izendapenaren inguruan hedabideetan sortutako polemikak emakume honen ibilbide entzutetsua –Elhuyarren izan da buru hogei urteetan– iluntzeko arriskua sortu zuen arren, hodei beltzak lanaren bidez uxatuko dituelakoan dago.
Amaia EREÑAGA | DONOSTIA
Egurrezko palet batzuez jositako egiturak, pintura eta plastikozko itxura duten xafla batzuez egindako estaldurak... Donostiako Easo kaleko suhiltzaileen egoitza zaharrean ez omen dute gehiegizko gasturik egin nahi izan. Agian, «proiektuaren espirituarekin bat egiteko-edo», bururatu zait eskailarak igotzen ditudan bitartean. Sorkuntza aktibatu, hiritarren energia olatuak harrotu eta hiria bake-haztegi baten laborategi bihurtu. Mota horretako kontzeptuak arruntak bihurtu ditu gurean Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburu egitasmoak.
Itziar Nogerasek kontzeptuetan baino ekintzetan gehiago erreparatzen duela esango nuke. Susmo hori hartzen zaio behintzat bai solasaldian, baita bere ibilbideari erreparatuz ere. Irakasle eta Filologia ikasketak eginak ditu -«nire ikasketak ez daude bokazio batekin lotuta», dio-, eta agian 17 urterekin lanean hasi zelako Rikardo Arregi euskaltegian, dio «gestio alorra arazorik gabe» hartu duela beti. Euskaltegietan nahi eta nahi ez ikasi beharreko autogestioaren eraginez, akaso. Bere buruaz «kuriosoa, erronkazalea eta ikasteko grina handikoa» dela dioskun emakume honen ibilbide profesionala euskara eta zientziari lotuta dago, Elhuyar Fundazioko zuzendaria izan baita ia 20 urtean.
Argazkilaritza zalea, bi semeren ama -«ez dut sentitzen beraien inolako etaparik galdu dudanik; hori bai, loari ordu dezente kendu diot»-, Itziar Nogerasek emakume bezala bere buruan «lanketa» dezente egin duela aitortu digu -«garrantzitsua da transmititzea ez dagoela emakume gehiago goiko postuetan eredua oso maskulinoa delako, eta eredu hori aldatzeko modu bakarra guk ardura hori hartzea dugu»-. Elhuyarreko zuzendaritza uzteko erabakia hartu eta ardura besteren eskuetan utzi ondoren, fundazioan lanean jarraitu zuen, joan den ekainean Donostiako alkatearen deia jaso zuen arte, Donostia 2016ko erronka gidatzeko gai sentitzen ote zen galdetuz. Proposamen horrek bazterrak astindu zituen -fundazioa bihurtu denetik, Donostia 2016ko kontratuak deialdi publiko baten bitartez egin behar dira-, baina, azkenean, epaimahaiak Nogeras hautagai egokiena zela erabaki zuen, Fundazioaren onespenarekin. Irailetik aritu da lanean, batera sartu ziren beste zazpi lankide berrirekin, eta hortik gutxira -urriaren erdialdean- Bruselara bidaia egin behar izan zuen; hain zuzen, 2016-ECOC (European Capital of Culture) Jarraipen eta Aholkularitza Batzordearekin biltzera. Hortik aterako da lehenengo jarraipen-txostena.
Bruselako bilerak azterketa antzeko bat dirudi, bai proiektuarentzat, baita zuretzat ere, kontuan izanik ekainean filtratu zen barne-txostena nahiko gogorra izan zela proiektuarekin. Pentsatzen dut hemen ere txosten bat plazaratuko dutela.
Batzordeak publiko egingo du txostena bere webgunean. Bilerara alkatea, Fundazioko burua dena, eta sei lagun joan ginen. Gu pozik atera ginen ia lau orduko bileraren ondoren. Inpresioa ona izan zen, jakinda epaimahai bat dela, jakinda kritikak etorriko direla eta hobetzeko alderdi guztiak mahai gainean jarriko dizkigutela. Oso giro onean egin zen.
Txosten kritikoaren berri eskatu al zizueten?
Kritika horien erantzuna aurretik eman zitzaien. Beraiek aipatu zituzten puntu kritikoei berehala erantzun zitzaien. Eta gainera, hor agertzen ziren hutsune asko ordurako erabakita zeuden; esaterako, lantaldearen tamainari buruzkoak ziren, arduradunen falta, gobernantza eta gestioan zeuden hutsuneak aipatzen ziren txosten horretan. Horri ez zaio bueltarik eman. Gainera, justu, lehenengo bilera ofiziala hau zen; aurrekoak dira haien bisitak edo bilera ez hain ofizialak, jarraipen modukoak eta laguntzeko asmoarekin egindakoak. Hurrengo bilera 2015eko udaberrian izango da, baina bi hauez gain, tarteko bisitak edo informazio trukea izango da.
Aipatzen duzun ekaineko txosten hori... beraien bisitaren ondoko txostena zelako, erantzun zitzaien eta printzipioz hori gainditutzat jotzen da.
Bileraren ostean zabaldu zenuten ohartxoan aipatzen ziren puntu batzuk. Ez dakit gomendio orokorrak ote diren edo espresuki Donostiari egindakoak. Adibidez, finantziazio pribatuaren beharra aipatzen zuten.
Goizean egon ziren poloniarrak eta konturatu naiz gauza batzuk orokorrak direla. Txostenean ikusiko da zerbait zehatzagoa agertzen ote den. Beste galdera batzuk bai, kasuan kasukoak dira, baina hauek uste dut orokorragoak direla, badakitelako zein zailtasun dagoen gai horrekin.
Babesle pribatuak bilatu beharraren aipua, agian, izan duzuen aurrekontu murrizketak eragindakoa dela uste nuen.
Nik uste dut epaimahaiak badakiela zein zailtasun dituen horrek momentu honetan eta horretan arreta berezia jartzea nahi dute. Finantziazioaren ikuspegitik dena analizatzen dute: nola dauden akordio guztiak, aurrekontuak onartuak... adibidez, aurrekontuaren %15 finantziazio pribatua izatea da helburua.
Ez da hori lortzeko une onena.
Nik ez nuke mezu negatibo bat zabaldu nahi, baina badakit oso sakon landu beharreko gaia dela eta lan handia egin behar dela. Nik horrekin lotzen dut egin didazun galdera. Den bezalako proiektua izanda, eta oso momentu jakinean denez, ba nik espero dut edukiko duen publiko guztiarekin posiblea izatea, eta hori da asmoa. Horretaz aparte, hor ere gaitasuna eduki beharko dugu kanpoko babesletza lortzeko. Hori da asmoa.
Aurrekontuei buruz hitz egiten ari garenez, egun zein da horien inguruko egoera? Madril azkenean sartu da Patronatuan?
Zain gaude oraindik. Bruselan ere galdetu ziguten eta esan genuen zain ginela. Besterik ezin dut esan. Printzipioz ez dago ezezkorik.
Zaila egiten da kontuak egitea: diru ekarpena hitzartu dute Patronatuan dauden instituzio batzuek, baina ez orain emateko, urte batzuk barru baizik. Berdina egiteko diru gutxiago duzue.
Aurrekontuarerena lotuta dago: aurrekontu orokorra 2013-2020 tarterako egin zen. Hori murriztu zen %5, eta orduan horrekin lotuta, egin zen bi urte murriztu. Orduan horrek proiektuari dezente kentzen dio, baina epe ertainera, eta nik ikusi dudanaren arabera, akordioa da horri ez uko egitea.
Aurten, adibidez, 80 milioi euro eduki beharko zenituzkete.
Bai, eta 68 milioi dira. %5 kentze horretan ere pixka bat jaitsi da babesletza pribatuaren portzentajea. Hori da beste puntu bat. Egia da guk marko hori daukagula, eta gero marko horren barruan urtez urtekoa landu behar dugula. Dagoeneko ari gara 2014koa lantzen eta printzipioz ez dago atzerapausorik; planteatuko diren ekarpenak egongo dira. Orain ari dira aurrekontuak lantzen toki guztitan, baina nik oraingoz behintzat gehiagorik ez dakit. Espainiar Gobernuak 2015 eta 2016an dirua jarriko duela esan du: hor egin beharko litzateke aurreratzea eta esan diogu, baina berez hutsunerik ez dago oraindik eta espero dut ez egotea. Hor lortu behar duguna da eroso sentitzea bere neurrian proiektu honetan. Patronatuan ere badago Madrilgo ordezkari bat eta printzipioz ez dago albiste negatiborik. Baina lotu egin behar da.
Ekaina oso latza izan zen 2016 proiektuarentzat: Europako txosten kritikoa, Patronatuaren barnean tirabirak, zure izendapenaren inguruan sortu zen zalaparta... Donostia 2016ren inguruan sortu diren albiste gehienak negatiboak izan dira, edo behintzat irudipen hori dugu. Horrek min handia egiten dio Donostia 2016ri; ez dakit horretaz jabetzen ote zareten?
Bai, bai, hori lantzen ari gara. Kontziente gara. Egoera mailan bai, hori da pertzepzioa eta, noski, barruan zeudenak (irailean bederatzi berri sartu ginen) kezka hau berehala helarazi zidaten: `Itziar, hau gainditu egin behar dugu'. Lankide berrien artean komunikazio zuzendaria ere sartu da eta berak ere hasieratik esan zidan elkar ezagutu genuen lehen egunean: `Hau gainditu behar dugu, aurrera joan behar dugu; guk ilusioa sortu behar dugu, proiektuari eman behar diogu errelebantzia'. Aipatu dituzun alderdi horiek ez daude lotuta proiektuarekin; orduan gure hausnarketa zera da, berreskuratu behar dugula hemen, hirian eta oro har egon den ilusioa. Proiektuarekiko atxikimendua berreskuratu behar dugu, eta hori da gure lana; beste alderdia, politikoa eta komunikabideena -biak nahastu direlakoan nago-, ez dago gure esku. Horrez gain, jakitun gara gara, duen izaeragatik, proiektu hau komunikatzea ere ez dela erraza.
Proiektua nahiko «etereoa» dela esango nuke.
Bai. Hori da egiten ari garen beste lanetako bat, eta epe motzean emaitzak jasotzen hastea espero dugu. Gero, gainera, beste hausnarketa bat egina daukagu, badakigulako beste hirietan zer gertatzen den: kontua da horrelako proiektuak hiri batean behin gertatzen direla, horrek esan nahi duen guztiarekin, eta erronka oso potoloak direla. Ez dakit ba, Behobia bat antolatzea bezala edo Olinpiada batzuk. Gertatzen da bat-batean elkartu behar direla eragile eta profesional pila bat -guk ez genuen elkar ezagutzen- eta horretarako denbora behar da. Oso erronka polita da, baina era berean konplexua. Eta hiriarentzat berdin.
Bestetik, eta badakigu orokor samarra izaten dela, proiektuarekiko «pikoak» izaten dira, une gorenak. Ezin duzu tentsio hori etengabe mantendu: izendapena irabazi duzu eta orain, lanera. Horregatik joan da kurba hori ere behera, eta hor hasten da barruko lana, proiektu honen kontzeptualizazioa, nola jarri dena martxan, lantzen, eta pixka bat etapa hori izan da.
Jende askok galdetzen du oraindik D2016 zer den. Etengabeko jarduera bat izango balitz bezala saldu da eta hori oso zaila da mantentzen.
Ez da erreala, nire ustez. Nik uste dut garrantzitsua dela jendeak jakitea gu oso kontziente garela, hori ez dela aitzakia bat, baizik ezaugarri bat. Guk komunikazio arloa asko indartu behar dugu eta gai izan behar dugu proiektu hau ulertarazteko.
Honekin lotuta, eta ez dakit ondo azaltzeko gai izango naizen, une honetan nik ere jabetu behar baitut ondo -urtarrilean hobeto azaldu ahal izango dizut, seguru nago-, orain oso une kritikoa da. Epaimahaikideekin izan dugun bilera oso baliagarria izan den bezala, orain aurrekontuak prestatzen ari gara. Definitu behar da gauza asko aurrekontu egoki bat egiteko; ez da zenbaki kontu bat. Orain lan sakon bat egiten ari gara, orain arte 300 proposamenetik gora dauzkagu jasota kanpoko eragileena... orduan horri forma eman behar diogu eta kultur egitarauaren ildo nagusiak finkatzen hasi. Espero dugu martxorako hurrengoa iristea eta uztail alderako definitu samar izatea, baina gauzek denbora behar dute.
Damutu al zara e-mail sonatu hura bidaltzeagatik? (Ekainean barne e-mail bat bidali zien Elhuyarreko kideei, Donostia 2016rako eskaintza jaso zuela esanez. «ABC»k argitaratu zuen hori. Eskaintza jaso zuen Nogerasek alkatearen aldetik, baina gero deialdi publikoa egin behar zela jakin zuen Patronatuak. Epaimahaiak bera aukeratu zuen beste hautagaien artean).
Ez. Horretaz ez.
Eta sortu zen zalapartagatik?
Sentitzen zara oso bulnerablea; gehienbat hori da. Hor esan dezaket konfiantza larregirekin jokatu nuela, horraino, baina ez naiz damutzen. Uste dut ondo enfokatu nuela eta oso garden. Damutu, ez. Nik egin ditudan urratsak horiek izan dira eta gauza batzuk bere onetik atera dira; esate baterako, bidali nuen mezua. Baina niretzat inportantea da jakitea epaimahaiaren erabakiak sendotasuna duela, oso zabal adostutako izendapen bat delako eta gainera oso proba zorrotz bat pasa ondorengoa. Baina egia da horraino iritsi arte bidea oso gogorra izan dela.
Zure ibilbide profesionala eta ingurukoena zikindu du.
Hor egon gara pertsona batzuk oso-oso agerian: ni neu, hautaketa enpresa eta nire lehenengo enpresa. Niretzat hori izan da oso gogorra.
Agian komunikazio arazoa egon da, gauzak berehala argitu ez zirelako.
Erabat ados nago. Esan da, baina erabakia hartu eta gero egin zen. Baina iruditzen zait lan handia egin dutela, bilera asko, eta asko hitz egin dutela adostasun batera iristeko eta agian luze egin da kanpotik ikusita.
Izugarria izan da jaso dudan mezu kopurua. Ikaragarria izan da mezuetan jendeak proiektu honi ematen dion garrantzia eta niri eman didan animoa. Orduan horrek eman zidan perpektiba izugarria: ondo egingo duzu, segi aurrera... Eta gero, era berean, ikusi dut zenbat jenderi axola zaion proiektu hau. Hori oso garbi ikusi nuen. Baina, bai, momentu batean nik ere esan nuen `oso gustura ari naiz nagoen lekuan lanean, Elhuyarren, eta horrela ibiltzeko gogorik eta beharrik ez daukat'. Baina proiektu honek asko motibatzen nau eta niretzat erronka handi bat da zentzu onean. Badakit, halere, orban hori hor geldituko dela seguru asko... A.E.