GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

karakorum Goi mailako beste proposamen bat

«Bushido», «big-wall» borrokatua Dorre Nagusian

Marcin Tomaszewski eta Marek Raganowicz poloniarrek 20 egun behar izan zituzten 1.960 metro eta 46 luze dituen bide berria zabaldu ahal izateko. Zailtasunak, berriz: VII- (big-wall), VII+, A4. Soilik 21 parabolt erabili dituzte bileretan eta 8 buril babes modura.

p046_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Marcin Tomaszewski eta Marek Raganowicz eskalatzaile poloniarrei aitortu behar zaie beren azken proiektuan samuraien lema ondo baino hobeto altxatu dutela. Samuraiek bezala, kode zorrotza eta berezia indarrean jarri dute; hots, gerlariaren bidea jarraitu dute. Hitz batean, «bushido» terminoan «jolas» egin dute. Horregatik, joan den udan protagonistok Trangoko Dorre Nagusiaren ipar-mendebaldean zabaldutako bide berriari izen hori jarri diote: «Bushido».

Eta samurai gerlariek bezala, den-dena eman behar izan zuten. Uztailaren 31n lanean hasi ziren. Bukatu, berriz, 20 egun beranduago; abuztuaren 18an. Big-walleko artelan bikaina sinatu zuten. Eta honako lerroburua darama: 1.960 metro, 46 luze; eta VII- (big wall), VII+, A4 zailtasunak. Eta goi mailako jarduera hori ez «zikintzeko», poloniarrek soilik 21 parabolt erabili zituzten bileretan eta beste 8 buril babesteko.

Proposamen berria da, baina zehaztu behar da azkenengo laurdena Kelly Cordes eta Josh Wharton estatubatuarrek 2004. urtean zabaldutako «Azeem Ridge»-tik (hego-ekialdeko ertza) doala. Hain zuzen ere, ekaitz bortitz baten ondorioz, eskalatzaileok ez zuten gailurra zapaltzeko aukerarik izan, eta ertzaren puntu goren horretan jaisteari ekin zioten. Jaitsiera beldurgarria, Raganowiczek GARAri azaldu dionez: «Eskaladaren azken egunean 24 ordu pasa genituen ekaitz jasanezin baten barruan. Gailurrerian geunden, baina une batean atzera egitera erabaki genuen. Biok ala biok baieztatzen dugu jaitsieran eginiko rapelak gogorrak baino gogorragoak izan zirela. Gure ibilbidean ez dugu halako muturreko egoerarik bizi izan. Sokak erabat izoztuta zeuden, gogor-gogor, elurrak zein izotzak gure tresneria guztia estaltzen zuten... Hala ere, leher eginda, gure azken bi sokekin bibakean zintzilikatuta genuen hamakara heldu ginen. Biharamunean hirugarren kanpalekua ezarri genuen terrazetara jaitsi ginen. Eta hurrengo egunean, beste 17 rapel egin eta paretaren sarreran ginen».

Horixe da poloniarrek izan zuten amaiera, baina orain has gaitezen jarduera bikain horren ingurukoak jorratzen. Raganowiczek adierazi digunez, iaz, Baffineko Polar Spire Sun hormatzarrean «Superbalance» bidea zabaltzen ari zirela Trangoko Dorre Nagusiaren erronkari pare bat buelta eman zizkioten: «Paretaren hirugarren kanpalekuan ginela, helburu berriei buruz hitz egiten hasi ginen. Alpinista askok diotenez, Polar Spire Sun eta Trangoko Dorre Nagusia munduan dauden hormatzar handienak dira. Lehena eskalatu genuen: bigarrena zergatik ez?».

Uztailaren 29rako kanpaleku nagusia ezarri zuten. Eta jarraian, artesietatik zein diedroetatik doan marra sortzen hasi ziren: «Hasieran, headwalletik ezkerrera dagoen sekzio batetik abiatzea otu zitzaigun, baina «Superbalance» bidean gertatu zitzaigun bezala, behin paretan ginela azken erabakia hartu genuen. Eta, hein handi batean, zorte handia izan genuen. Horretaz gain, azpimarratu nahi nuke Marcinekin eskalatzea oso gustuko dudala. Zergatik hori? Bada, intuizio handia duelako. Pareta ulertzeko eta sentitzeko berezko ahalmena du».

20 egun

Nahiz eta hormatzarrean denbora gutxiago pasatzea aurreikusten zuten, poloniarrek 20 egun behar izan zituzten «Bushido» zabaltzeko: «Berez, Dave Allfrey kidea gurekin zegoen; hots, hiru laguneko sokada osatzen genuen. Baina Davek espedizioa utzi zuen, eta gure jarduerak bi laguneko sokada bati denbora gehiago eskatu zion. Hori bai, espedizioaren egun guztiak ondo aprobetxatu genituen: girora ez ginen egokitu, atseden egunik ez genuen hartu, egunero eskalatzen genuen eta ahal bezainbat metro eskalatzen saiatu ginen».

Arrokaren ezaugarriak, eguraldi baldintzak, taldea, taktika, logistika, estiloa... ezinbesteko alderdiak multzo berean. Eta emaitza, primerakoa; izan ere, laurden bat izan ezik, bide osoa independentea da: «Erabat independentea lortu nahi genuen, baina pareta horrek beste bide batzuk ditu eta bere izaerak gure asmoa pixka bat zapuztu zuen. Headwallaren goialdean aseguru batzuk ikusi genituen, baina gu haren ezkerretik igo ginen. Azken tarte tentean (38. luzetik 40.era) artesi ederrak dauden leku horretan, beste aseguru batzuk zeuden. Luze horiek eskalatzen ari ginen bitartean, elurra ari zuen eta ezin izan genuen offwitdth batzuk era askean igo. Horregatik pare bat buril jarri genituen. Sentitzen dut!».

Bidearen zailtasunei dagokienez, poloniarrek big-wall eskalan VII- jarri diote. Zergatia Raganowiczek eman digu: «Yosemiten dei bat egiten duzu eta segituan erreskatatzen zaituzte. Baffinen hori ezinezkoa da eta Trangon helikopteroa soilik kanpaleku nagusira heltzen da. Horregatik «Superbalance»-i VII jarri genion, eta pixka bat gutxiago «Bushido»-ri».

Eta hori guztia gutxi izango balitz, zailtasun teknikoetan A4 gainditu behar izan zuten 5.300 metroko garaieran: «Ez dut kontuan hartu garaiera. Sekzio hori laugarren kanpalekua baino lehen dago. Arroka txarra da, eta erorikoak oso arriskutsuak ziren, besteak beste, erlaitz baten kontra jo zenezakeelako».

Oro har, luze asko eta asko, eta gogorrenak batez ere, era artifizialean eskalatu zituzten. Alabaina, eskalatzaileak esan digu era askean igotzea posible dela: «Uste dut luze gehienak librean egin daitezkeela. Agian, burilekin dagoen A4ko sekzioa ingurutik eskalatu beharko da, tarte horretako arroka oso leuna delako. Beste zatiak, berriz, diedro, artesi eta tximiniez osatutako sistemak dira».

Eguraldi baldintzei dagokienez, Raganowiczek dio hirugarren kanpalekutik aurrera okertu zela: «Bidearen hasieran ura tximinietatik eta artesietatik tantaka hartzen genuen. Ondoren, izotz zaharretik. Baina ekaitza iritsi eta horrekin ahaztu ginen. Egunik zakarrena azkena izan zen; muturreko eskarmentua bizi izan genuen! Bide osoan oso kontzentratuta joan ginen, eta erretiratzea ez zen geure buruetatik pasa ere egin. Hala ere, une batzuetan zalantzak izan genituen. Gogor borrokatu ginen eta bion jarrera oso ona izan zen».

berria

Marcin Tomaszewski eta Marek Raganowicz poloniarrek Trango Dorre Nagusiaren ipar-mendebaldean «Bushido» bidea zabaldu zuten: 1.960 metro eta 46 luze.

bikaina

Eskalatzaileek 20 egun pasa zituzten paretan, eta bide osorako soilik 29 parabolt eta buril erabili zituzten. Protagonistek esan dute era askean igo daitekeela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo