GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Estilo amerikarra

Eta?», galdetuko zioten beren buruari New Yorkeko Euskal Etxeko kideek euren presidente izandakoaren «beste alderdia» ezagutzera eman izanak sortu duen zalapartarekin. Harridura eta, ziur asko, auzo-lotsa sentituko zuten Atlantikoaz bestalde. Batetik, jakin bazekitelako Euskal Etxea arazorik gabe eta fin zuzendu duenak bazituela bestelako dohainak ere, batak bestearekin zerikusirik ez duela eta ez duela zertan izan jakitun, horren lasai, eta, bestetik, Atlantikoaren alde honetan «berria» nola kaleratu den ikusita, politikarien azpijokoen artean tradizionaletariko bati helduta, pertsona baten bizitza pertsonala lau haizetara zabaltzeari, hain zuzen.

«Eta?», galdetu diogu hemen askok geure buruari. Nork bere gorputzarekin eta sexualitatearekin gogoak ematen diona egin dezakeela, eta egin beharra duela, sinesten dugunok. Inori min egin barik, inor iraindu, zapaldu edo umiliatzen ez den bitartean, askatasun osoa dugu pertsonok sexua nahi bezala bizitzeko, eta geure gorputza eta berarekin egiten duguna lau pareta artean gordetzeko edo zinema-kamera baten aurrean jartzeko eta auskalo zenbat etxetaraino iristeko. Pornoa da, beste barik, jendea larrua jotzen, miazkatzen, musukatzen edo, behin larru gorritan jarrita, irudika daitekeen guztia egiten. Izango da atseginagoa, zatarragoa, duinagoa edo kaka hutsa, bakoitzaren iritziaren arabera, baina pornoa da, sexu esplizitua, sexu filmatua. Bestelako misteriorik gabe. Euskal etxe horretako presidente ohia, kasualitatez, besteak beste, jardun horretan aritzen den horietako bat da; eta?

Ziur asko, ezer ez. Ziur asko, ez balu Urkullu jaunarekin eta EAJko jendearekin inolako arazorik izan, eta EAJ zale peto-petoa izanda ekitaldi hartan lehendakaria Euskal Herriko erregea balitz bezala tratatu balu, eta hasieratik agertu balitz Donostiako alkatearen bideo bidezko mezua zaborretara botatzeko prest, adibidez, Aitzol Azurtza New Yorkeko Euskal Etxearen presidente gazte, jator eta modernoa, aktiboa, aurrerakoia, baino ez litzateke. Ameriketako Estatu Batuetako hiririk famatuenean euskal kulturak ere bere lekua izan dezan lan bikaina egiten duen gizon bat. Kito. Baina arazoak izan ziren, tirabirak, errege batek merezi duen harrerarik eza eta iraindu sentimenduak, aldeetako batentzat eta bere segizioarentzat, eta nolabait duintasuna erabat ez galtzeko eta nork bere irizpideei ahal bezainbeste eusteko saiakera, bestearen aldetik. Ondorioa, politikaren alderdirik miserableena ikusgai, eta, estilo amerikar hutsenean, pertsona baten sexu-jardueraren nabarmentzea, morboz eta xehetasun guztiekin, mendeku hartzeko tresna gisa.

Hain zuzen, film amerikarrak datozkit burura. Beti esaten dute, krimenen bat gertatzen denean, lehendabizikoa ondokoa galdetzea dela: nork ateratzen du etekinik handiena? Kasu honetan, inolako onurarik ez dagoela uste dudan arren, bai, ordea, pertsona jakin baten izen ona oso modu zehatzean zikindu nahia eta, ondorioz, auzo-lotsa sentsazio orokortua gure artean. Ez nuke bi segundo emango erantzunaren bila. Hain da nabarmena, hipokrisia eta mindulinkeria dosi handi horrekin. Hain eskuinekoa, finean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo