GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

aizkora Txapeldunen Ligako Kopako finala

Nazabalek beste guztien gainetik jarraitzen du

Jokatu beharreko sei probetatik aurrenekoa galdu egin zuen arren, Etxarriko aizkolariak ez zuen izan garaipena bereganatzeko inongo arazorik.

p044_f02_148x140.jpg

Jon LEUNDA

Floren Nazabalek irabazi zuen herenegun Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako Kopa. Liga ere berak irabazia zuen, beraz bi lehiaketak etxera eramateko modua egin du. Etxarrikoak, gainera, erabateko nagusitasuna erakutsita lortu zuen garaipena, eta garbi utzi zuen besteengandik koska bat gorago dagoela gaur egun.

45 ontzako enborra ahalik eta kolpe gutxien emanda moztea zen egin beharreko aurreneko lana. Atutxa izan zen horretan onena, 31 kolpetan erdibitu baitzuen enborra. Lauko aldea atera zion Juanjo Lopezi, eta zortzikoa, gero txapela jantzi zuen aizkolariari.

Bigarren lanean, 45 ontzako enborra erlojuz kontra ebaki behar izan zuten, eta hor hasi zen Floren Nazabal txapela lortzeko bidea egiten. 43 segundoan amaitu zuen bere lana. Zazpi segundo atera zizkion Lopezi, eta hamar, Atutxari. Sailkapeneko lehen postuan jarri zen horrela.

Hirugarren lanean, zutikako kana-erdiko bat ebaki behar izan zuten, eta Nazabalek aldea gehitu egin zuen. 1.39ko denbora egin zuen eta zortzi segundo atera zizkion Lopezi. 16 segundoko tartea atera zion, berriz, Atutxari.

Laugarren lanean, 60 ontzako enborra zeinek lehenago ebaki neurtu ziren. 2 minutu eta 53 segundo behar izan zituen Nazabalek lana burutzeko. Zortzi segundoko abantaila atera zion Juanjo Lopezi, eta 37 segundokoa, Aitzol Atutxari.

Ia dena erabakita

Finala amaitzeko bi saio bakarrik falta ziren, baina ordurako Nazabalek garaipena bideratuta zeukan; izan ere, 27 segundoko tartea ateratzen baitzion Lopezi, eta Atutxari, berriz, 46 segundoko aldea.

Bosgarrengo lana, nahiko bihurria zen, aizkolari bakoitzak zutikako 45 ontzako enbor bat eta tamaina bereko beste bat etzana ebaki beharra baitzeukan. Nafarrak ordurako txapela ia segurtatuta zuen arren, hemen ia erabaki egin zuen. 4.09 izan zen bere denbora. 28 segundo atera zizkion Lezaungoari eta 57 segundo, berriz, bizkaitarrari.

Azkeneko lana iraupen proba izan zen. Lau kana-erdiko ebaki behar izan zituen bakoitzak, eta Nazabalek 12 minutu eta 6 segundo behar izan zituen lana amaitzeko; 14 minutu eta 15 segundo, Lopezek; eta 15 minutu eta 26 segundo, Atutxak.

Lan guztiak burutzeko, berriz, Floren Nazabalek 22 minutu eta 9 segundo behar izan zituen. Bigarren postuan Juanjo Lopez sailkatu zen, eta 25 minutu eta 13 segundo izan zen bere denbora. Azkena, berriz, Aitzol Atutxa izan zen, eta aizkolari bizkaitarrak 27 minutu eta 12 segundo behar izan zituen egin beharrekoak egiteko.

Eneko Otañok bereganatu zuen Gasteizen jokatu zen Eroski Torneoa

Eneko Otaño beizamarrak irabazi zuen herenegun Gasteizen jokatu zen Eroski Torneoa. Bigarren, berriz, Juanillo Rodriguez sailkatu zen. Beraz, bi faboritoetako inork ez zuen hutsik egin.

Enbor bat moztera neurtu ziren aizkolariak, eta bi multzotan banatuta aritu ziren. Bakoitzeko aurreneko geratzen ziren biek lortzen zuten finalerdietarako txartela. Batean Rodriguez II.ak Irazabali irabazi zion, eta Eneko Otañok, berriz, Kortxerori. Hirugarren eta laugarren posturako lehian Irazabalek mendean hartu zuen Kortxero, eta final handian erraz irabazi zion Otañok Rodriguez II.ari. Bosgarren Rodriguez I.a sailkatu zen, eta azkena Nardero asturiarra. J.L.

Hasiera ona

Aitzol Atutxa bizkaitarra bikain hasi zen, berak eraman baitzuen lehen proba, baina hortik aurrera behera egin zuen, eta azkeneko postuan amaitu zuen Bilboko finala.

Itxuroso

Urte zaila izan da Juanjo Lopezentzat, baina Lezaungo aizkolariak bere punturik onena azken hilabete hauetan harrapatu du, eta herenegun ere itxuroso aritu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo