GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari ernegatua

Ipurdiak

Badakit zutabe hau irakurtzen duzuen irakurleen gehiengoak aldameneko artikuluei ez diezuela jaramonik egiten. Aspaldi konturatu nintzen horretaz; besteak beste, zutabe honetan esandakoak gaizki ulertu izan dituzten zenbait ustezko feministek, aldameneko artikuluak irakurriz gero, mozkortzen direnean ni iraintzeari utziko lioketelako.

Joan den astean Maya Gabeira neskato brasildarraren inguruko erreportaje bat argitaratu genuen. Orain dela zortzi egun arte ia ezezaguna zen surflari bikain hau, eta egun oraindik, nire ustez, ez zaio surflari gisa dagokion meritua aitortzen.

Erreportaje hura edo surflari ernegatuaren zutabe xelebre hau irakurtzen ari zineten artean, ordea, Gabeira bizia galtzeko zorian zegoen Portugalgo Nazare urautsian. Konortea galduta eta orkatila hautsita atera zuten hondartzara; han erreanimazio ariketak egin zizkion, geroago, agian orain artean hartu den olaturik handiena hartu zuen Carlos Burle haren aberri kideak.

Gabeiraren historia bitxia azpimarratzen genuen, bere aitaren gerrillari iragana, surf egiten hasteko egin zituen urratsak, olatu handietan egin duen ibilbide aparta, eta abar. Egun, olatu handietan munduan den surflaririk hoberenetako bat da dudarik gabe, baina ezagunago da bere bikotekidea «House» telesaileko aktore famatu bat delako, olatu handietako surflari onenetako bat delako baino.

Joan den astean izan zuen istripuaren aurretik Google bilatzailean bere izena idatzi eta ia larrugorritan zegoen neskato lirain bat agertzen zen irudi gehienetan. Txuri-beltzean bainujantzirik gabe taularen gainean arraun egiten agertzen zen argazki bat zen gehien errepikatzen zena. Argazki zoragarria, halako ipur-masailak gustuko ditugunontzat.

Nazaren izan zuen istripuak oihartzun handia izan zuen. Gabeirak hartutako olatu erraldoia, bere erorketa eta erreskatearen irudiek munduari buelta eman zioten. Astebetera proba egin dut, «Maya Gabeira» idatzi dut bilatzaileak eskaintzen didan karratutxoan, eta zein ipurdi ageri dela uste duzue? Barkatu, zein irudi?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo