GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHT «zentzugabekoa» dela salatzeko manifestazioa egingo dute Iruñean

AHTren egitasmoak zentzurik ez duela aldarrikatzeko eta Yolanda Barcinari pastela bota zioten lau lagunei sostengua adierazteko, manifestazioa egingo dute hilaren 16an Iruñean. Trenbide berriaren proiektuak ez duela ez hanka ez buru nabarmendu zuten atzo.

p012_f02_148x108.jpg

GARA | IRUÑEA

Nafarroako AHT Gelditu plataformak heldu den larunbaterako, hilaren 16rako, manifestazioa antolatu du Iruñean (17.00etan Antoniutti parketik abiatuta) «AHT zentzugabekeria da, eta 60 kilometro askoz gehiago. Gelditu orain!» lelopean, azpiegitura honen eraikuntza lanak gelditzeko eskatzeko.

Horrekin batera, mobilizazio horretan Yolanda Barcinari Okzitaniako Tolosan tarta bat botatzeagatik lau lagunek Madrilgo Auzitegi Nazionalean izango duten epaiketa ere gaitzetsiko dute. Bost eta bederatzi urteko espetxe zigorrari egin beharko diote aurre epaiketa horretan.

«Horrenbestez, AHTren aurkako borrokan datorren azaroaren 16rako mobilizazioak inflexio puntua izan behar du, horregatik AHTren aurkako oposizio guztiari, talde ekologistei, gizarte eta erakunde sindikalei, eskualde ezberdinetako pertsonei, mobilizazio handi honetan parte hartzeko deia egiten diegu», gaineratu zuten antolatzaileek.

Gogoratu zutenez, bi urte pasa dira dagoeneko Erriberan AHTren lanak hasi zirenetik. «Lan horiek Nafarroako abiadura handiko korridoreko lau tarteetako baten parte ziren. Bi urte hauetan zehar, alabaina, hainbat aldaketa izan da. Alde batetik, azpiegitura honen aurka egoteko motiboak izugarri ugaritu dira, argi eta garbi ikusten dugu hori. Arrazoi ekonomiko, ekologiko, politiko horiek, sen onean oinarritutakoak, AHT eskandalu itzela bihurtzen dute», azaldu zuten.

Horrela, ekonomia arloan gauzek okerrera egin dutenez, «AHTk eskatzen duen dirutza orain dela bi urte jadanik ulergaitza iruditzen zitzaigun, batik bat elite batek baino ez lukeelako erabiliko kostua jendarte osoaren gain geratuko litzatekeen arren. Gaur egun, Nafarroako Gobernuak halako kostu ikaragarria zuritzen saiatzea higuingarria» dela adierazi zuten AHTren aurkako taldeko kideek.

Ekologia arloan, AHTk ingurumenean eragingo dituen kalteak aipatu zituzten -«atentatu ekologikotzat har daitekeen zentzugabeko euskal Y grekoa tokiko kalte handien erakusle argia da»- eta legea ere ez duela betetzen gogorarazi zuten, Madrilgo Auzitegi Nagusiak ingurumenari eragindako kalteei buruzko txostena iraungita dagoela erabaki baitzuen.

Gauzak horrela, Castejon eta Arrizabalaga arteko 60 kilometrotan egitasmo honen lanekin jarraitzea erokeriatzat jo zuten.

tarten afera

Hilaren 18an, Madrilgo Auzitegi Nazionalean, Yolanda Barcinari Okzitaniako Tolosan tarta bat bota zioten lau lagunen aurkako epaiketa izango da. Hori ere gaitzetsiko dute Iruñeko mobilizazioan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo