GARA > Idatzia > Kultura

Koldo Mitxelena, hogei urte euskal kulturari ostatu ematen

Donostiako Koldo Mitxelena kulturguneko liburutegia azterketa garaian ikaslez bete ohi da duela hogei urtetik hona, eta artistak ugarik beren lanak publikoari erakusteko lekua aurkitu dute bertan. KM-k, orain arte bezala, euskal kulturaren alde lanean jarraituko du ildo berriei helduz: digitalizazioa, gizarte berriari egokitzea eta komikiari tarte bat egitea.

p038_f02.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Bi hamarkada pasatu dira Imanol Muruak eta Xabier Letek, gogor borrokatuta, Donostiako Artzain Onaren katedralaren atzean dagoen eraikina euskal kulturaren onurarako erabil zedin lortu zutenetik. Egun, Koldo Mitxelena hirian gehien erabiltzen den kulturgunea da.

Kulturgunearen lana euskal gizartean sortzen diren adierazpideak gordetzea da, denen eskura jartzeko eta etorkizunean ere erabilgarri egoteko. «Argi izan behar dugu horiek ez direla gure funtsak, gizarte osoarenak direla. Horregatik da hain garrantzitsua digitalizatzea eta edonoren esku jartzea», aipatu zuen KMko zuzendari Frantxis Lopezek. Euskal Herriko liburutegi sarea bere funtsak digitalizatzeko bidean dago eta Koldo Mitxelenaren kasuan Europeana sarearen parte izango dira 2014rako: hemendik gutxira milaka dokumentu izango ditugu on line. Oraingoz, Donostia Kulturako liburutegiekin ari dira lanean, sarea ondo antolatuta egoteko eta erabiltzaileek nora jo behar duten jakiteko.

Liburutegia da kulturgunearen esparru nagusia. 358.000 dokumentu (liburu, prentsa, DVD eta musika) daude bertan eta horien artean zenbait bitxikeria ere bai. «XIX. mendeko prentsa zahar ugari dugu, baina on line dagoenez posible da edozein lekutik kontsultatzea. Altxor ugari ditugu, XX. mende hasierako Donostiako inauterietako postalak, esaterako. Zailena da horiek lortu eta gero, katalogatzea, esku artean dugun hori zer den jakitea», azaldu zuen zuzendariak. Horrekin batera, Herri Irratiko bobinak aipatu zituen. Horiek ezin omen dituzte Interneten osorik jarri eskubideak ez dituztelako, baina gauza garrantzitsuak entzun daitezke grabaketa horietan, esate baterako, GALek atentatu bat aldarrikatu zuenekoa. «Badauzkagu gauza zaharrak -Peñafloridako kontearen gutunak-, baina baita gaur egungoak ere: «Libre» kanpainaren kartela edo publizitate panfletoak. Gure gizarteak sortzen duen guztia biltzen dugu, badakigulako gordetzen ez duguna galdu egingo dela eta etorkizunean garrantzitsua izango dela».

Erantzukizuna

Euskal kulturari ostatu eskaintzeaz gain, kultur sortzailea ere izan da orain arte behintzat kulturgunea. Artelekurekin batera elkarlanean aritu da, erakustaretoan eta Ganbaran aldi baterako erakusketak antolatzeko. Lopezen esanetan, «koprodukzioak dira gehienak, beste inon ikusi ez diren erakusketak. Arteleku sorkuntza espazioa da, baina ez du erakustaretorik; beraz, hemen jartzen ditugu».

Hala ere, zuzendariaren hitzetan, sorkuntza prozesuak erraztu direnez, orain edonork egin ditzake, adibidez, euskarazko bideo labur onak. «Horiek egiten dituzte eta sare sozialen bidez asko zabaltzen dira. Horren alde egin dezakeguna lan horiek gordetzea da euskal kulturarekiko erantzukizuna dugulako. Orain arruntak diruditen gauzak duela hogei urte arraroak ziren. KM sekulako iraultza izan zen, bere garaian ez zegoelako halakorik inguruan. Estatu espainiarrean Internet jarri zuen lehenengo liburutegia izan zen gurea».

Euskal kultura txikia izateak abantaila bat dauka; sortzaileen artean lehia handirik ez dagoela, baina badauka desabantaila handi bat; hots, bi kultura handiek inguratuta dagoela. «Oso sortzaile onak ditugu, baina zailtasunak ditugu horiei bultzada bat emateko», aipatu zuen Lopezek.

Euskal kulturari bidea errazteko lanean jarraitzeko, hogeigarren urte honetan hiru egitasmo landuko dituzte batez ere, Ikerne Badiola Gipuzkoako kultura diputatuak esan duenez: alde batetik, migrazioak, berdintasuna eta aniztasuna sustatuko dituzte, gure errealitatea asko aldatu delako; bestetik, digitalizaziorako pauso tinkoak emango dira, eta horri esker euskal liburutegi sareko dokumentuak edonoren esku jartzeaz gain, liburutegietan espazio gehiago izango da; azkenik, komikiari merezi duen lekua eskainiko diote.

Errege Katolikoen kalean dagoen Luis Gascaren funtsean ikerketari eskainitako dokumentuak gordeko dituzte. Koldo Mitxelenan bertan, berriz, 2000. urtetik gaurdaino argitaratutako komikiei txoko bat eskainiko diete maileguz emateko.

Egitarau xume baina anitza

Kulturgunearen hogeigarren urteurrena ospatzeko egitarau xume bat prestatu dute aste honetarako. Lopezek azaldu zuenez, «beti isiltasuna eskatzen aritzen bagara ere, ohitura hautsi eta musikari egingo diogu lekua». Hala, 11.30etik 13.00etara musika emanaldi laburrak eskainiko dituzte. Era berean, KMko pareten artean gordetzen den guztia nolabait plazaratze aldera, ekintzak kalera eraman nahi dituzte (eguraldiaren baitan). Hala, 17.30ean Dantzaz konpainiak Koldo Mitxelenako bekadun izan zen Jone Sanmartin koreografoak muntatutako «Ni espioi» lana eskainiko du.

Bihar, ordu berean, Kukai dantza taldearen txanda izango da; hots, Cesc Gelabert kataluniarraren «Gelajauziak» ikuskizunarena. Ondoren, Antton Valverdek eta Anjel Lertxundik Lizardiren, Lauaxetaren eta Leteren letrak berpiztuko dituzte musikak lagunduta.

Azaroaren 7an, 18.30ean, Ados teatroak «Xuxurlariak» obra eskainiko du gaztelaniazko zein euskarazko hitzak hartuz eta horien esanahiari buelta bat emanez, eta ondoren poesia errezitaldiari ekingo diote (gaztelaniazkoa azaroaren 12an izango da, 19.30ean). Amaitzeko, azaroaren 13an erakustaretoan Itziar Ocarizek Virginia Wolfen «Gela bat norberarena» lanean oinarritutako performance bat eskainiko du eta Asier Zabaletaren dantza emanaldia izango da, hildako euskal kulturako pertsonen omenezkoa. Era berean, hogei urte hauetan egindako erakusketa guztien katalogoak eta bideoak ere ikusgai izango dira. «Harritu egin nahiz denak batera ikustean. Ez nuen uste hainbeste zirenik», aitortu zuen Lopezek.

EUROPAREN PARE

1993ko azaroaren 5etik 86.000 erabiltzailek lagundu dute kulturgunea elikatzen. Horietatik 15.000 aktiboak dira; urrian 9.700 mailegu egin dituzte, aro digitalean bagaude ere, Europako batezbestekoaren parean.

KUTTUNENAK

Erabiltzaileen libururik gustukoenez josi nahi dute liburutegia. Horretarako, ale horien argazki bat bidaltzera animatu nahi dute jendea, eta horiek Koldo Mitxelenan ez badaude, pixkanaka erosten joango dira.

DIPUTAZIOA

KM Gipuzkoako Aldundiarena da eta etorkizunean honek hartutako erabakien arabera alda daiteke. Frantxis Lopezen ustez, Donostian arte esperimentalari eskainitako bi zentro egoteak ez dauka zentzurik eta dena bakar batean bildu beharko litzateke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo