GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Barkatu, baina irri egin dut

Herriko kaleak zapaldu orduko parez pare topatu genuen eta «zer moduz?» apal batekin agurtu genuen, jakinik zein zen bere barne mina. Gogortuta utzi gintuen, ordea, haren erantzunak; agian, gurean hain ohikoa den «horrenbestean» batekin erantzungo zigula espero genuelako, ez genuelako halako negar zotinik espero; seguruenik ez genuelako nahi. Gisako erantzunak han ohikoak zirela konturatu ginen, ordea, berehala; kale haietan barrura kiribiltzea eta inori halako trantzean «hainbestean» erantzutea zela ulertzen zaila.

Zer pentsatu eragin zidan egun hartan mutil hark eman zigun erantzun gordinak, sabelekoak, eta zer pentsatu, halaber, guk haren aurrean kontsolamendurako erakutsi genuen tamainako trakestasunak. Aho-begietatik espresatu zuen hark aske bere samina eta ez zuen gure aho-begietan erantzunik topatu. Lasaituko zuen hitzik jaso ez bazuen ere, osasuntsuak iruditu zitzaizkidan haren negar oihuak, lasaigarriak oso.

Berdin sanoak iruditu zitzaizkidan ordu batzuk beranduago ospakizun betean zebilen taldearen irri eta algarak. Alai egoteko motiborik ez zitzaien falta, antza, eta zergatik halakorik barruan gorde? Zergatik ibili disimuluan? Euren poztasuna ingurukoei kontatu nahi zieten, barruan tokirik eman gabe. Eta haien pozak gure irri egin ziren segituan. Osasuntsua iruditu zitzaidan.

Atsekabeen aurrean arnasa hartzen jakitea bezain beharrezkoa da pozari ezpainetan barrena irrist egiten uztea, ezta? Horregatik egin dugu irri, irri ez egiteko eskatu digutenean; irri egin dugu, irriak ezin zuelako barruan kabitu; eta jarraituko dugu, tantaka-tantaka, irritxoak egiten; begi-keinuekin, besterik ez bada.

Poza aurpegiratu digutenean, negar zotinka eta irrika ikusi nituen pertsona haiez gogoratu naiz, batekoak zein bestekoak adierazteko zuten erraztasunaz, malko eta irri haien sanotasunaz, haiekin kontatu zigutenaz; eta, barkatu, baina irri egin dut.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo