Aizkora Marka berria
Bihurrik esku batekin ezarri du azkeneko errekorra
3,40 metroko bueltako enborra bi ordu 9 minutu eta 35 segundoan moztu zuen aizkolari eibartarrak.
Jon LEUNDA
Ernesto Ezpeleta Bihurrik marka berria ezarri zuen larunbat goizean, esku bakarraz 3,40 metroko bueltako enborra moztuta. Horretarako 2 ordu, 9 minutu eta 35 segundo behar izan zituen. Eibartarrak oso gustura amaitu zuen bere jarduna.
«Egia esan, uste baino askoz ere denbora hobea egin nuen. Horrelako enborrak ez dakizu inoiz nolakoak aterako diren, eta alde horretatik ere, gustura. Barrua lehor samar zuen, baina gauzak primeran atera zitzaizkidan», aitortu zuen.
Lan honek traba asko ditu. Alde batetik, esku batekin moztu beharra, hori baitzen helburua, eta bestetik, kirten luzeko aizkorak erabili beharra, horrek berak duen zailtasunarekin. «Egia esan, metro eta erdiko kirtenak erabili nituen, eta horrek zailtasun handia sortzen du kolpea emateko garaian. Aurretik ongi entrenatuta nengoen, eta arazorik gabe ibili nintzen. Laguntzaileek ere oso ongi gidatu ninduten», esan zuen aizkolari gipuzkoarrak.
Prestakuntza handia
Honelako lan bat egiteko prestakuntza handia behar du, eta Bihurrik oso ongi prestatuta joan zela esan zuen. «Ikaragarri prestatu naiz. Egunero aritu naiz lanean. Mendi buelta asko eta aizkoran. Egunero egin dut lan asko, eta gero ordaina jaso dut. Aurretik horrenbeste lan egin, eta gero denbora hori egiteak poztasun handia ematen dit», esan zuen.
Horri guztiari, ordea, beste zailtasun bat erantsi behar zaio; izan ere, eskuak erantzun egin behar du, eta horrenbeste denboran lanean jardunda, zaila da ongi amaitzea. «Erabat babaz josita amaitu nuen, eta horrek ere kezka ematen dizu, eta are gehiago, esku batekin aritu behar baldin bada. Une honetan ez nago aizkoran aritzeko moduan, baina hori joan aurretik bagenekien. Uste baino hobeto geratu ziren», onartu zuen.
Horrelako enbor handiak topatzea ere oso zaila izaten da, eta Frantziatik ekarritakoa zela esan zuen Bihurrik. «Zaila da tamaina horretako enborrak topatzea, eta Frantziatik ekarri genuen. Horrelako enborrek, gainera zalantza asko sortzen dizkizute, ez dakizulako barruan zer dagoen. Txikiagoekin ere zaila da askotan asmatzea, baina hauekin ezinezkoa da». Etorkizunean zer egingo duen ez daki, baina lasai dago. «Hemendik aurrera gauzak lasai hartu nahi ditut. Enbor handi hauek topatzea ez da erraza, eta bi marka eder dauzkat. Bi eskuekin bost metro pasakoa moztuta daukat eta hirukoa, esku batekin. Orain lasai egon naiteke. Bizkaiko Txapelketa prestatuko dut eta gerora ikusiko dugu gauzak nola doazen», esan zuen aizkolari eibartarrak.