GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Lohitzune Txarola Gurrutxaga | Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria

Korta Sarien inguruko gogoeta

Nolatan ez da ezkutukoa izango, beste hainbat emakume langile, enpresari, zuzendari, ekintzaileren modura gure erakundeek beraiek ezkutuan mantentzen badituzte?

Aurreko astean, Eusko Jaurlaritzak antolatzen dituen Joxe Mari Korta Sarien banaketara joateko gonbidapena jaso nuen, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuaren eskutik.

Aurtengo sarituen zerrenda ikusirik, ohartzen naiz urteetan zehar enpresa munduan ibili eta lan egin duten lau gizon ospetsu izendatuak izan direla. Itzal handiko gizonak laurak, eta bakoitza bere alor eta inguruan aski ezaguna. Jesus Alberdi, Juan Manuel Arana, Julio Faustino eta gertukoen zaidan Vicente Zaragüeta handia.

Aurreko urteko sarituen zerrendan, beste lau gizon hauek ditugu: Justo Ercilla, Zayerren sortzailea; Juanjo Azkarate, CCko kontseilari delegatua; Jesus Hermosilla, Basconia taldekoa; Miguel Gandiaga, Ingeteamekoa eta Miguel Lazpiur, Confebaskeko presidente ohia.

Eta 2011ko saridunak? Beste lau enpresari ezagun... eta gizon. Atzera noa sari hauen historiaren berri izateko, eta ohartzen naiz, lehen «Kemena sariak» zirenak, 2001etik «Joxe Mari Korta Sariak» bilakatu direla, ETAk eraildako enpresagizon gipuzkoar honen omenez.

Ez diet meritu izpirik kendu nahi ez sarituei ezta saridunak izendatu dituztenei ere noski, baina utz iezadazue zalantza bat plazaratzen: gaur egungo egoeran, zeinetan aldaketa haizeak behar diren Euskal Herri berria aurrera ateratzeko, zenbaitzuek sortutako krisiak eragindako triskantza ekonomiko, sozial, enpresarial edota sistemikotik eredu berriztatzaileak bilatzeko, ez al dago gure herrian emakume «kementsurik» enpresa kudeaketan eredugarri izan daitekeenik?

Hamahiru urteotan egon diren sarituen artean, emakume bakarra aurkitu dut; 2006an, Carmen Ochoa de Alda, Galdakaokoa sortzez, baina 45 urtetan zehar Bilboko Santutxu auzoan botika bateko jabea. Saria eman zionaren esanetan «ezkutuko harribitxia».

Andere hau sarituen artean aurkitzeak poza eman dit, baina «ezkutuko harribitxiaren» leloak sutan jarri nau. Nolatan ez da ezkutukoa izango, beste hainbat eta hainbat emakume langile, enpresari, zuzendari, ekintzaileren modura gure erakundeek beraiek, ezkutuan mantentzen badituzte? Harribitxiak denok gara, dizdiz egiteko lar argi ematen badigute.

Gutun bat helarazi nion sari ematea baino lehen Tapia sailburuari, eta beste gauza batzuen artean, hurrengo urterako emakumeak gizonak bezain beste kontuan har zitzan eskatu nion, eta paragrafotxo honetan azaltzen nion gizonen arloa izan den politika, emakumeena ere izatea lortu dugula, askoz osatuagoa bilakatuz gure eginkizuna.

«Zuk, nik bezain ongi jakingo duzu orain gutxira arte gizonen lana zena egiteak adorea, kemena, eta batez ere, sostengua behar duela. Eta sinetsita nago, euskal enpresek emakumeen partaidetza behar-beharrezkoa dutela modelo sendoago, Euskal Herri osatuagoa garatu nahi baldin badugu. Erronka gisa helarazten dizut gogoeta hau, izan ere, guk, erakundeetatik, adibide eman dezakegulako, gure erabakiek eta hitzek pisua dutelako, eta herri oso bat aldarazten lagundu dezaketelako. Hortaz konbentzituta nago, eta egunero lanean diharduten hamaika emakume enpresarik ere berdin sentitzen dutelakoan nago».

Joxe Mari Korta Sariek enpresa-gizon baten kemena oroitzeko balio dute. Espero dut, hurrengo urteetan gizon honen bizitza goraipatzeaz gaindi, emakumeen lanaren distira ateratzea, «ezkutuko harribitxitik» normalizazioranzko bideko harri arrunt baina beharrezko izatera igaro gaitezen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo