GARA > Idatzia > Mundua

Sahararren giza eskubideen aldeko proposamena

Amaiur taldeko ordezkariek proposamen bat aurkeztu dute Kongresuan, sahararren giza eskubideak babesteko urratsak egin ditzan.

p031_f02_097x116.jpg

GARA |

Minurso Mendebaldeko Sahararako Erreferendumerako Misioak urte asko daramatza lanean Fronte Polisarioaren eta Marokoren arteko gatazkari amaiera jartzeko, baina Mendebaldeko Saharak okupatuta jarraitzen du eta erreferendumaren arrastorik ez da oraindik inon ageri. Horrexegatik, Amaiur taldeko ordezkariek proposamen bat aurkeztu dute Kongresuan, lurralde okupatuko herritarren giza eskubideen inguruan urratsak egin ditzan.

Atzo bertan, ehunka lagunek manifestazioa egin zuten Madrilen saharar herriaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko eta Europar Batasunak Rabateko Gobernuarekin sinatu nahi duen arrantza itunak Saharako urak alde batera utz ditzan exijitzeko.

Amaiurrek aurkeztu duen proposamenaren arabera, Minursok dituen gabezien artean dago giza eskubideak ikuskatzeko tresnarik ez izatea. Tresna horiek lortzeko ahaleginek ez dute oraindik arrakastarik izan eta, ondorioz, «giza eskubideen egoerak okerrera egin du lurralde okupatuetan eta gero eta kezkagarriagoa da», Europar Batasunak, NBE Nazio Batuen Erakundeak eta bestelako erakundeek salatu izan dutenez. Torturak, desagerrarazitako pertsonak, atxiloketa bidegabeak eta Marokoko indar armatuek eragindako heriotzak aipatzen ditu proposamenak.

Minursoren misioak giza eskubideak ikuskatzeko mekanismoak izan ditzan gestioak egiteko eskatzen zaio Gobernuari. Gainera, NBEren Giza Eskubideen Kontseiluan giza eskubideak ikuskatzearen aldeko ebazpenak bultzatzearen, gaia aztertuko duen aditu independente bat izendatzearen eta Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen goi-komisarioaren bulego bat zabaltzearen aldeko ebazpenak bultzatzeko ere eskatzen zaio Exekutiboari. Europar Batasunari dagokionez, erakunde horrek giza eskubideak ikuskatzeko misio bat eratzea ere proposatzen da.

Sahararekiko elkartasun elkarteek deitutako protestaldian «Maroko errudun, Espainia erantzule» oihukatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo