Makroepaiketen aurkako ekimen gehiago Donostian, Zornotzan eta Madrilen
Auzitegi Nazional espainolean batera egiten ari diren bi epaiketa politikoen aurkako ekintza ugari izaten ari dira: ekitaldia egin dute Madrilen, Libre Eguna izango da Zornotzan, eta herri lasterketa, Donostian.
GARA | DONOSTIA
Madrilgo bi makroepaiketen aurka, mota guztietako ekimenak sortzen ari dira. Irudimena ez da faltan, Donostian erakutsi duten bezala. Atzo, hainbat kirolariren parte-hartzearekin, Libre izena daraman lasterketa aurkeztu zuten. Abenduaren 14an ospatuko da, larunbatarekin, 20.00etan hasita (gauez, beraz), eta helburuen artean dirua biltzea ere bada.
Sei kilometroko luzera izango du lasterketak, Bulebarretik Bulebarrera, lehenengo Sagueseraino helduz eta gero Paseo Berrian joan eta etorri eginda. Izen-emateak 15 euro balio du aurretik eta 18 egunean bertan. Elastikoa emango zaio parte-hartzaile bakoitzari, mugimendu herritar honen sinbolo den laranja kolorekoa.
Donostiako eta inguruetako kirolarion ekarpena da ekimen hau. Besteak beste, Elene Lopategi arraunlaria, Beñat Elosua bodyboarderra, Xixili Eguren eta Maddi Arrieta izotz-hockey jokalariak, Urko Otxoa kayak-en dabilena, Ion Jaka korrikalaria...
Bestalde, Zornotzan ere atzo aurkeztu zuten azaroaren 30ean, larunbatarekin, egingo duten Libre Eguna. Jasone Manterola zornotzarrak hartu zuen hitza, Batasunaren kontrako epaiketan auzipetuetako bat baita bera. Belatxikieta herriko tabernako proiektuan parte hartu duten lagun ugari ere bertaratu zen.
``35/02, epaiketa politiko gehiagorik ez'' leloa daraman adierazpenak sustatzen du ospakizun hau. «Ideologia eta aukera politikoetatik harago, elkartzeko gonbita» luzatzen dute Zornotzatik, hiru gauza exijitzeko: «Ez dadila epaiketa politiko gehiago egin; aniztasun politikoa, adierazpen eta iritzi askatasuna eta elkartzeko eskubidea errespetatu daitezela; eta bizikidetza demokratikoa lortzeko oinarri sendoak eraiki daitezela».
Madrilen ere agertzen hasi dira elkartasun adierazpenak, epaiketa hauen lehenengo egunetik agerian geratu denez. Ostiralean, dozenaka lagunek hartu zuten parte Lope de Vega ikastetxe publikoan egindako ekitaldian. Euskal Herriaren aurkako makroepaiketa politikoen kontrako plataformak deitu zuen, eta Carlos Olalla aktorea eta Begoña Lalana abokatua izan zituen hizlari.
Hauekin batera, bi auzipetu izan ziren Madrilgo ekimen honetan, hain zuzen ere bi epaiketen biktima: Floren Aoiz eta Amaia Elkano. Lekukotasuna eman zuten, auzien helburu politikoa nabarmenduz. Madrilgo hainbat sektoretatik eskuratu duten elkartasuna eskertzeko ere baliatu zuten aukera.
Zornotzako Libre Eguna hilaren 30ean izango da, eta Donostiako Libre lasterketa, aldiz, abenduaren 14an. Bata zein bestea, larunbatean. Bi ekimen berri hauek atzokoan eman zituzten jakitera.