GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

kirol eskalada | Hamahiru urte

Mikel Linazisoro 8c+ zailtasunean sartu da

Pasa den urriaren 27an, 13 urteko bergararrak «Koldoren mundua» bidea kateatu zuen. Gaztearen lehen 8c+ izan da. Astebetera, berriz, 8c graduko bere hirugarren marra poltsikoratu zuen: «Honky Tonky».

p050_f01_250x128.jpg

p050_f02_93x140.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Mikel Linazisoro progresio ederra izaten ari da. Pasa den ekainean, «White Zombie» bidearekin (Baltzola) 8c zailtasunaren munduan sartu zen. 12 urte zituen. Uztailean 13 urte bete zituen, eta irailean, Araotzen, «Mala Vida» sinatu zuen. Marra hori ere 8c da. Ikasketak eta denbora falta direla-eta, bergararrak Araotzen jarraitu du urratsak egiten. Azken emaitza adierazgarria «Koldoren mundua» izan da; hots, bere ibilbideko lehen 8c+.

Urriaren 27an lortu zuen saria, eta bere entrenatzaile Josean Mulasek aitortu digunaren arabera, gazteari kostatu egin zitzaion: «Esan behar dut `Koldoren mundua' ez dela Mikelen ezaugarrietarako oso ona. Batez ere bloke selektibo bat trabatu zitzaion. 9a gradua egin duten hainbat eskalatzailek probatu dute, eta hauetako batzuek ezin izan dute sekzio hori gainditu. Baina, azkenean, bere metodoa aurkitu eta kateatzea erdietsi zuen».

Beraz, «White Zombie» eta «Mala vida»-n ez bezala, «Koldoren mundua»-n ondo baino hobeto estutu behar izan du. Nahiz eta probatzen hasi zenean beroa egin, Mulasek dio azken lanak baldintza egokiagoekin egin zituela: «Korea sektorea busti baino lehen poltsikoratu nahi zuen. Kide batzuek animatu zuten bide horretan sartzera, besteak beste, ezaugarri ezberdinak dituelako. Ikastetxetik irten eta soilik bizpahiru saio egiteko aukera zuen. Bloke gogorrena kostatu egiten zitzaionez, jo eta su jardun zuen. Bide horretan asko ikasi eta lan eskerga egin du. Eta, gainera, eskarmentua hartzeko oso ona izan da. Orain arte egin dituen bide gogorrak aise gainditu ditu; `Koldoren mundua', aldiz, ez».

8c+ ondo jarrita

Arestian aipatu dugunez, bloke zailena beste pauso batzuekin gainditu behar izan zuen. Izan ere, bloke hori garaiak direnentzat egokiagoa da; hots, pauso aleatoria da.

Behin bidea kateatu ondoren, Linazisorok berak aitortu du «Koldoren mundua» 8c+ iruditzen zaiola: «Batzuentzat bide hau 8c+ da; eta beste batzuk diote 8c/+ dela. Astebetera, `Honky Tonky' (8c) egin nuen, eta, marra horrekin alderatuta, uste dut 8c+ dela».

Bergararrak aurreratu duenez, sektore berean dagoen «Honky Tonky» ere sinatu zuen. Hil honen 3an izan zen. Gaztearen 8c graduko hirugarren bidea izan da. Mulasek esan digu, aise egin zuela: «Gutxi gorabehera, sei ekinaldi behar izan zituen. Bide hori 8c sendoa da, baina, aurreratu behar dut erresistentziakoa dela, eta Mikel estilo horretan ondo moldatzen da».

Datu bat: Adam Ondrak ere 13 urterekin egin zuen 8c+. Ashima Shiraishik, berriz, hamaikarekin.

lehena

Mikel Linazisorok «Koldoren mundua» bidea kateatu berri du. Bergararrak 13 urte ditu eta bere lehen 8c+ izan da. Astebetera, «Honky Tonky» bidea (8c) egin zuen.

sendoa

Kateatu dituen 8c graduko hiru bideekin alderatuta, «Koldoren mundua» kostatu egin zaio. Linazisororen ustez, marra horren zailtasuna 8c+ da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo