andinismoa | Lehen igoerak
Castrillok eta Barmassek uzta gozoa lortu dute Patagoniako neguan
Martin Castrillo argentinarrak eta Herve Barmasse italiarrak Cerro Polloneren zein Colmillos multzoko bi erpinen neguko lehen igoerak sinatu dituzte. Azken bi tontorren lehen igoera absolutuak ere izan dira.
Andoni ARABAOLAZA
Nahiz eta Patagoniako ohiko eskalada garaia laster hasiko den, ingurumari hartako erpinetan neguan izan diren jarduera batzuen berri eman behar dizuegu. Protagonistak honakoak dira: Martin Castrillo argentinarra eta Herve Barmasse italiarra. Biek ala biek Patagoniako negu gordinean uzta interesgarria jaso dute. Biek ala biek Cerro Polloneren zein Colmillos multzoko (Cordon Marconi) neguko lehen igoerak sinatu dituzte. Azken bi tontor horiei dagokienez, gainera, lehen igoera absolutuak izan dira.
Nahiz eta sokada modura jardun duten, aurreratu behar da Barmasseren hasierako asmoa bestelakoa zela. Italiarra Patagoniara abiatu zen bakarkako eskaladak egitera, baina helburua bertan behera utzi zuen: «Patagoniako neguan nire lehen eskarmentua zen. Xede nagusi bat nuen: bakarkako lehen igoera bat egin. Baina, zoritxarrez, hango baldintzek ez ninduten batere lagundu. El Chaltenen nengoela (hilabete egin nuen), Martin Castrillo ezagutu nuen, eta gure indarrak batzera animatu nuen. Patagoniako neguan alpinismoa egiteak erabat erakartzen nau, baina jakin banekien, udan bezala, neguko sasoian arrakasta lortzea zaila dela oso. Hala ere, uste dut datorren urtean mendi horietan historia idatz daitekeela».
Lesio batetik osatu ondoren, Barmasse jo eta su aritu zen Patagoniako bakarkako helburua prestatzen. Sasoiko jarri zen, eta motibazioz blai zegoen. Baina, aurreratu dugunez, eguraldi gaiztoak zein mendien baldintzek hasierako asmo hori baztertzea eragin zuten. Castrillorekin osatutako sokadaren emaitzari buruz, zera adierazi du: «Nire lehen bidaia zen, eta uste dut emaitza ona izan dela. Gainera, hurrengo proiektuetarako esperientzia horrek erakutsi dit Patagoniako negua beste era batera ulertzen».
Hotz handia
Lehen helburua Cerro Pollone izan zen. Eskiekin mendira hurbildu ondoren, bibaka egin zuten: «Dendaren barruan -23° C izan genituen. Ohiko bidetik igo ginen. Teknikoki erraza da, baina batez ere lehen zatian, elurrolde arriskua handia zen».
El Chaltenera itzuli eta bigarren helburua aztertzen hasi ziren. Pedrito izeneko bat gehitu zitzaien. Eguraldi gaiztoa egiten zuen, eta italiarra etxera itzultzeko prest zegoela, leiho on bat iritsi zen: «Hegazkina hartzeko prest nengoen, baina bat-batean eguraldi ona iragarri zuten. Cordon Marconiren ezkerrera dauden erpin batzuetara, Colmillos multzokoak, joatea erabaki genuen. Mendi horiek elurrez gainezka zeuden, eta baldintzekin beldur ginen. Zorionez, bi tontor igo genituen. Hauek ere ez ziren zailak, baina garrantzia, berez, haietan eginiko esplorazioari eman diogu. Mendi hauei buruz oso informazio gutxi geneukan, eta urratsez urrats, bide egokiena bilatzen jardun genuen. Erpin horietan lehenak izan gara, baina horrek ez du esan nahi hoberenak izan garenik».
Martin Castrillok eta Herve Barmassek neguko hiru lehen igoera sinatu dituzte Patagonian. Cerro Pollone eta Colmillos multzoko bi erpin, hain zuzen ere.