GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

49. BEHOBIA-DONOSTIA

Ez korrika egiteko, ezta usotarako ere

p002_f02_222x222.jpg

p002_f03_111x111.jpg

Asier AIESTARAN | 12.389 dortsala

 

Haizea, haizea eta haizea. Ez zen beste konturik Donostiako helmuga gainditu eta arnasari buelta eman ezinik genbiltzan korrikalarion artean. Izan ere, ipar-mendebalak zakar jo zuen goiz osoan zehar eta, aurpegian freskura ederra sentitzeaz gain, zailtasun nabarmenak izan genituen une askotan aurrera egiteko. Nire iritziz, ordea, haizea bi aldiz izan da protagonista aurtengo Behobian, bai lasterketa egunean, baina baita aurretik ere. Agian, nire irudipen soila izango da, baina azken bizpahiru hilabeteetan egindako entrenamenduen %90 haizea madarikatzen igaro ditudala esango nuke. Kasu gehienetan, iraileko azken asteetan eta urria ia osoan, hego-haize lehorrarekin nazka-nazka eginda -usotarako askoz hobe korrika egiteko baino-; azken egunotan, aldiz, ipar ukituko boladak jasanez -kostaldekoak garenok, gutxienez, itsasaldi eta olatutzar ikusgarriekin gozatu ahal izan ditugu sarri aspergarri samarrak suertatzen diren entrenamendu saio horiek-. Eta aurrekari horiek kontuan izanda, argi zegoen haizeak ezin zuela hutsik egin 2013ko lasterketan. Espero dezagun ez dadila agertu datorren urtean, Behobiak bere 50. ekitaldia ospatzeko ez baitu gonbidatu hori begi onez ikusiko.

Hala ere, eta beste milaka lagunen moduan helburutzat Behobiako irteeran egotea bera jartzen duenetakoa naizenez -lasterketa amaitzea izaten da gure saria-, aurtengo esperientzia ere positibotzat jo beharra daukat. Aho txikiarekin zoriondu nahi ditut Fortunako antolatzaileak, kontsigna-zerbitzuan egindako hobekuntzak edota korrikalarien kokapena jarraitu ahal izateko aplikazioa bere lasterketa maite eta zaintzen duen talde baten lanaren adibide direlako -38 euroko izen-emateak hainbeste mereziko baitu, ziur asko-. Eta askoz ozenago eman nahi dizkiet eskerrak musu-truk (agian, ezta hori ere) lanean jarduten duten milatik gora boluntarioei, horien laguntzarik gabe askoz grazia gutxiago izango bailuke haizearen aurka borrokan jarduteak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo