GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-06-01
Euskal kondairak filmetako musikaren estiloarekin kantatuak «Egon»en
Xavier Marcos, Peio Serbielle eta Philippe Pallaro dira diskoaren gidari nagusiak, baina haiekin elkarlanean beste 60 bat pertsonak hartu dute parte «Egon. Euskal kondairen kantua» egitasmoan. Hainbat musika estiloren nahasketa baliatu dute egileek Euskal Herriko kondairak zabaltzeko; lan horretan Aizkoa abesbatzako ahotsak dira nagusi.

BAIONA

“Egon” diskoaren kontzeptuen gainean lan egin du Peio Serbiellek, eta horrela azaldu zuen diskoaren egitura: «Istorio bat da, diskoaren bukaeran den ‘Ez ahantz’ testuaren inguruan». Diskoari funtsa ematen dion kantua honela deskribatu zuen kantari eta konpositoreak: «Testuak dio: ‘Egun batez, etorri ziren... Euskaldunak... Euskara zaukatenak... Hor ziren... Hor. Munduari lotuak’. Esaldi hori baliatuta sartzen gara Euskal Herriko historian, laburpen bat eginda eta kondaira bat aztertuta, ipuinaren forma erabilita. Bukaeran honakoa esaten du: ‘Oi! Herria, herri askatua, Ilargi eta ekiaren haria, Ez ahantz Nondik zatozen Nora joan jakiteko...’».

“Egon. Euskal kondairen kantua” egiteko ideia Xavier Marcosek izan zuen Euskal Herriko abesbatzen lana baliatzeko. Euskal Herriko dendetan salgai den diskoaren hastapenean Marcosek zenbait musika konposatu zituen, eta gero Serbiellek ekarri zuen diskoaren lotura diren kondairen ideia. Hainbat musika estilo nahasi ditu konpositoreak. «Nire unibertsotik abiatuta moldatu ditut kantu tradizionalak. Itsasoaren eta mendiaren artean dagoen inguru eder honek inspiratu nau musika idazteko. Estilo askorekin egin dut lan: musika elektronikoa, salsa, popa... eta horren guztiaren nahasketa egin dut, baina oinarrizkoa estilo sinfonikoa da. Hau da, film baten musikarekin antza zuen zerbait», azaldu du Marcosek.

Munduari leihoak

Biolinak oinarri dituen musika sinfonikoa nagusi bada ere, Serbiellek «munduari irekitako leihotzat» jotzen dituen estilo ezberdineko bi kantuk ere badute tokia diskoan. «Batak ‘Caminando’ izena du eta flamenkoa da, flamenko kantari batek gaztelaniaz eta nik euskaraz kantatzen duguna, elkartasuna emateko. Gero bada “Nahia”, besta kantu bat, eta munduari bigarren leihoa dena estilo sinfonikotik kanpo begiratzeko», adierazi du kantari eta konpositoreak.

Estilo aniztasuna nagusi bada ere, egitasmoaren oinarrian euskal abesbatza batekin musika sinfonikoa egitea zen xede, eta paper hori Aizkoa abesbatzak bete du. Bestelako kolaborazioak ere badira diskoan; Juan Mari Guezale, David Olaizola eta Agnes Coussiratena, esaterako.

Horren inguruan herri-tresnek ere izan dute tokia. Juan Mari Beltranen txalapartaren erabilera berezia nola egin duten honela adierazi zuen Serbiellek: «Guk beste molde batera baliatu ditugu herri tresnak. Txalaparta ordenagailuaren barnean sartu dugu, herri-tresna bezala erabiltzeko, baina musika sinfonikoarekin bateratuz».

Diskoaren salmenta eremua horrela definitu zuen Marcosek: «Gure helburua orain Euskal Herria da. Gero, diasporan, atzerrian diren euskaldunengana ailegatzen saiatuko gara».



Atzerapenez beteriko ibilbide luzea
I. E.

BAIONA

Xavier Marcosek eta Philippe Pallarok gidatutako “Egon”en egitasmoa 2003an hasi zen. Peio Serbiellek aski goiz egin zuen bat harekin, eta berehala lanean hasi ziren beste hainbat artistarekin batera. Sony music argitaletxe handiarekin hitzartua zegoen bezala, diskoa 2004ko hasierarako prest bazegoen ere, bi arazo nagusirekin egin zuen topo. Alde batetik, Sony eta BMG enpresen arteko elkarlana zaila izan zen eta 2004ko hasieran argitaratu behar zuten diskoa urtearen bukaerarako utzi zuten. Azaroan atera behar zen “Egon”, baina urriaren 3an Peio Serbielle atxilotu zuten ETAko ustezko kideak bere etxean hartzeagatik. Serbielle egitasmoaren gidari nagusietako bat izanik, diskoaren aurkezpena Serbielle atera arte atzeratzea erabaki zuten. Hori musikari izateaz gain produktorea ere baden Marcosentzat oso kaltegarria izan zen, bere enpresarena zen estudioa saldu behar izan baitzuen. Urrian diskoa argitaratzea erabaki zuten Serbielle noiz aterako zen jakin gabe. Azkenean otsailean askatu zuten, eta diskoaren aurkezpenean parte hartu ahal izan du.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Las hipotecas cada vez pesan más
Euskal Herria
Grande-Marlaska aplaza su decisión hasta que comparezcan los ocho mahaikides
Ekonomia
El Euribor subió en mayo hasta el 3,308%
Ekonomia
Ikea abrirá un nuevo centro comercial en Baiona para la primavera de 2009
Ekonomia
Bové: «Los beneficiarios de la PAC y la OMC son las multinacionales»
Mundua
Resurge medio año después el fantasma de la revuelta de las barriadas francesas
Kirolak
Nadie pudo seguir el latigazo de Gil
Euskal Herria
Batasuna estima que la iniciativa del PSE es un avance importante
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea