GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-09-01
Zestoako Leok’k rock taldea berpiztu da diskoa grabatzeko
17 eta 18 urte zituzten 1968an Leok’k rock taldea sortu zutenean. Herriz herri ibili ziren jotzen harik eta soldaduskak taldea 1972an banandu zuen arte. Geroztik birritan elkartu izan dira, taldearen 25. eta 35. urtemuga dela-eta herrian antolatu ziren jaialdietan parte hartzeko. Orain 55 eta 56 urte dituzte eta «Saemel» izeneko diskoa grabatu dute Saharako emakumeen alde dirua biltzeko asmoz. Bihar egingo dute aurkezpena herrian.

ZESTOA

1968. urtea berezia izan zen Parisen, Pragan eta beste leku askotan. Parisen bizi zen orduan Niko Etxart, baina 15 urte bakarrik zituen eta ez dugu uste Quartier Latin famatuan Poliziaren aurka galtzadarriak jaurtitzen ibiliko zenik. Hori bai, dagoeneko gitarra jotzen zuen eta, geroago, 1974an, Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen bere txima luze, bota altu eta jantzi ilunekin eta aurki bere “Euskal rock and rolling” famatuak 40 kanta entzunenen zerrendan sartzea lortu zuen.

Euskal kantagintzan, ordea, urak handiturik zebiltzan. Ez Dok Amairu abian zen dagoeneko eta euskal rockaren lehen altsumak jaiotzen ari ziren. Horietako talde bat izan zen Zestoako Leok’k.

Nostalgikoentzako istorio aproposa da taldearena. 1968an bildu ziren inguruan entzuten zuten musikak asetzen ez zituelako. Zestoako bost gazte ziren. Taldekide bakoitzaren abizenaren lehen letrak elkartuz eman zioten taldeari izena:Leok’k. Herrietako festetan jotzen ibili ziren, Gipuzkoan eta Bizkaian batez ere, baita dantzalekuetan eta ezkontza ospakizunetan ere, 1972an soldaduskak banandu zituen arte. Taldea bertan behera geratu zen.

Leku gehiagotan jotzeko prest

Alejandro Kortadi, Juanantonio Kortadi, Sebastian Txeberria, Mitxel Orbegozo eta Gotzon Lizaso izan ziren boskote horretan hasieran jo zutenak eta geroago Luis Llavori zumaiarra elkartu zitzaien. Soldaduskarako adina etorri zitzaien, ordea, eta 1972an bertan behera utzi zuten taldea. 1992an elkartu ziren taldearen 25. urteurrena ospatzeko antolatu zen jaialdian jotzeko. Handik hamar urtera bildu zirenean, taldeko bat falta zitzaien, Alejandro Kortadi, eta Koldo Igualek bete zuen haren lekua.

Sortu eta 38 urte geroago “Saemel” (Saharako Emakumeekin Elkartasuna)izeneko diskoa kaleratu dute. Bertan 14 kanta bildu dituzte eta horiek izango dira bihar gaueko hamaiketan eskainiko duten kontzertuan joko dituztenak.

Noski, garai hartako musika tresnen hotsa eta gaurkoena ez da bera eta hori nabarituko egten da diskoan.

«Aurreko bi bildualdietan herriko beste taldeekin jo izan dugu eta errazagoa izan da. Orain bakar-bakarrik jo behar dugu eta pixka bat aztoratuta gabiltza», kontatu zigun Gotzon Lizaso taldeko kideak. Beren asmoa ahalik eta disko gehien saltzea da eta prest daude beste hainbat herritan ere jotzeko. «Urola-Kostako udaletxeetara aurkeztu dugu gure asmoa eta itxaroten gaude», esan zuen.



Bihar gauean kontzertua herriko plazan
Hirugarren aldia da Leok’k taldea biltzen dela. 1992an jaialdi bat antolatu zuten Zestoan taldearen 25 urteak ospatzeko eta Luma, Jaik, Leize, Lin Ton Taun, Ekain eta herriko beste zenbait talderekin jo zuten. Handik hamar urtera errepikatu zuten jaialdia, 2002an, baina bihar bakar-bakarrik izango dira diskoa aurkezten. -



«Semeak trebeagoak dira teknologia berrietan eta grabatzen lagundu digute»
Gotzon LIZASO | Leok’k taldeko kidea

Herriko kultur etxean harrapatu genituen Leok’k taldeko kideak larunbateko kontzerturako entsegua egiten.

­Goazen denboran atzera. Zer adin zenuten 68an?

Batzuek 18 urte eta beste batzuek 17. Gogoan dut gure lehen emanaldietako batean Benito Lertxundik kantatu zuela. Artean bere lehen diskoa kaleratzeko zegoen.

­Xabier Saldias Egan taldearekin al zebilen ordurako?

Artean sortu gabe zuen taldea eta gure entseguetara etortzen zen ikustera.

­Zerk bultzatuta sortu zenuten taldea?

Hasierako bostok herriko bandan jotzen genuen. Musikazaleak ginen, beraz, eta Beatles entzuten genuen garaiko beste gazte askok bezalaxe. Talde horren eraginpean sortu genuen taldea.

­Orain diskoan sartu duzuen errepertorio bera erabili al zenuten hasiera hartan?

Hamalau kanta sartu ditugu diskoan eta gehienak garaikoak dira, Beatles, Rolling Stones, Deep Purple, The Doors, Lynyrd Skynyrd, Led Zepeelin, Eric Clapton, Bob Dylan edo Santanarenak. Orduan tarteka bakarrik kantatzen genuen euskaraz eta denak euskaratu egin ditugu. Grabaketan semeak izan ditugu laguntzaile. Llavoriren semea eta nirea teknologia berrietan eta grabaketaren arloan oso sartuta dabiltza eta horiei esker grabatu dugu diskoa. Herriko kultur etxeko aretoan grabatu da masterra eta ondoren eraman genuen Elkarrera. Bi gazte horien laguntzarik gabe ez genuen asmatuko.

­Zer helbururekin grabatu duzue diskoa?

Taldeko batek oso gertutik ezagutzen du Saharako borroka. Bertako haur bat eduki izan du etxean eta diskoarekin edo aurkezpenekin bilduko dugun dirua Saharako Emakumeen Elkartasun Nazionalari emango diogu.-


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kirolak
Hondarribia, vigente campeón de La Concha, se queda fuera
Euskal Herria
«No permitimos un Guantánamo para los vascos»
Jendartea
«Incertidumbre» ante el fin del plazo para la reforma de la zona de fumadores
Kultura
Recuperan los dos cuadros robados de Edvard Munch
Iritzia
Más definición para la Ley Antitabaco
Euskal Herria
Errazti trasladará a la asamblea el debate sobre la coalición electoral
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss