GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-09-13
Lezon kabitzen diren erraldoi eta buruhandi guztiak
Santakrutz jaietako egitarauaren lehen orrialdea gaur bertan pasatuko dute paperetik plazara Lezon. Ekitaldi handiena Euskal Herriko erraldoi eta buruhandien topaketa izango da, parte-hartzaileen tamainari dagokionez behinik behin. Hitzordua larunbatean daukate jarria, hilaren 16an, arratsaldeko 18.00etan.

LEZO

Txupinazo bat eta beste bat gaur Lezon Santakrutz jaiak hasten direla iragartzeko; gaztetxoena arratsaldean eta helduxeagoena gau-partean. Ez da aitzakiarik izango, beraz, festen hasieraren berri izateko.

Igandera bitarterako egitarau potoloa eta osatua prestatu dute, denetariko eskaintzarekin. Horietako bat nabarmentzekotan, larunbatean izango den Euskal Herriko erraldoi eta buruhandien bilkura aipatu behar, ez baita inor ohartu gabe gertatuko. Agoizko erraldoiak, Kanbokoak, Bidasoakoak, Oiartzungoak, Tuterakoak, Urnietakoak, Pasaiakoak, Urduñakoak, Hondarribikoak, Iruñeko kiliki eta zaldikoakŠ Lezoko buruhandi eta erraldoiei ez zaie lagunik falta izango, guztira 34 erraldoi eta 76 bat buruhandi espero baitituzte. Hori bai, ezagun samarrak ere badira. Izan ere, erraldoi eta buruhandien konpartsek urte hasieran hasten dute festaz festako beren ibilbidea. Hartara, truke antzekoa egiten dute, batzuek besteen herriko festetan parte hartzen dute eta alderantziz.

Laugarren urtez antolatu dute aurten Lezoko topaketa. Izan ere, Lezoko erraldoi eta buruhandien konpartsa gazte samarra da oraindik, orduantxe sortu baitzen, duela lau urte. Xume hasi zuten topaketa, eta pixkanaka joan dira konpartsa gehiago gehitzen urtez urte.

«Lezon bazegoen erraldoi bikote bat, duela 27 bat urte erositakoa. Noizean behin ateratzen zituzten herritar pare batek, baina ahul samar zegoen kontua. 2002. urtean erabaki genuen konpartsa osatzea eta erraldoi berriak ekarri genituen, besteak baino arinagoak eta politagoak. Altzate Auzo Elkartearen laguntza izan du konpartsak hasieratik eta gaur egun ere laguntza eskaintzen jarraitzen du», agertu du konpartsako kide den Xabier Dorronsorok.

Zaila da Euskal Herriko jaiak erraldoi eta buruhandi gabe imajinatzea. Pentsa, Lezoko konpartsak dagoeneko lotuta dauka datorren urteko egutegia eta kasik baita bi urte barrukoa ere. Estimu handikoak dira pertsonaia horiek.

Ez omen da zaila erraldoiekin ibiltzea. Ibiltzearen ibiltzeaz, aise hartzen omen zaio tamaina. «35 bat kilo pisatzen dituzte, baina pisua oso ondo banatua dago, beraz, ez da zaila», agertu du Dorronsorok. Egungo Lezoko erraldoi bikotea piratak eta sorginak osatzen dute, herriko betiko pertsonaiak omen direnak. Lehen erraldoiak berdintsu samarrak ziren guztiak. «Aragonesa de Fiestas delako enpresak egiten zituen eta ‘seriekoak’ edo zirela esan daiteke, baserritarrak eta askoz gehiagorik ez. Gaur egun aniztasuna eta herri bakoitzeko nortasuna nabari da erraldoi eta buruhandietan», azaldu du.

Larunbateko topaketa herrian barna egingo duten kalejira batekin hasiko dute. Ondoren, herriko plazan elkartuko dira erraldoi eta buruhandi guztiak elkarrekin dantza egiteko. Ikusgarria ere espero da. Anaitasunezko afaritxo batekin bukatuko dute festa. Hori bai, afaldu ez dute erraldoi eta buruhandiek egingo, barruan doazenek baizik.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
La Audiencia Nacional activa ahora el mayor juicio por «kale borroka»
Ekonomia
Reckitt Benckiser anuncia el cierre de la planta de Gueñes, que afecta a 190 empleos
Mundua
Siria frustra un ataque contra la embajada de EEUU en Damasco tras el aniversario del 11-S
Kirolak
El joven Antón emula a Laiseka y se estrena
Jendartea
Europistas debe indemnizar por «daño moral» a afectados por la nieve en 2004
Jendartea
El Papa tacha de «irracional» la teoría de la evolución
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss