GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > FUTBOL 2006-09-13
Mikel ARANBURU | Realeko jokalaria
«Inguruko eta Anoetako giroa bideratzea gure esku dago»
Aranburuk baikortasuna eta taldearengan daukan konfiantza erakutsi ditu. Igandeko porrotaren ondorioz, zalantzak bidean lagun izango dituztela onartu du, baina badaki hori aldatzeko eurek daukatela giltza, eta hori ez dela lortzen hitz eginez, emaitzekin baizik. Guztiek erantzukizun handiagoa hartzeko eskatzen diote, baina hori zelaian lortzen dela ekarri du gogora.

Bederatzi hilabeteren ostean, Mikel Aranburu lehenbizikoz atera zen igandean Anoetako berdegunera zaletuen txalo artean. Denbora horretan jaso duen laguntza eta elkartasuna eskertu ditu, eta ez du uste lesioagatik bere maila gorenera iristeko beste lagunek baino denbora gehiago beharko duenik.

­Zer sentitu zenuen Anoetako zelaira berriro sartu zinenean?

Alde batetik, poza neurri batean aspaldi minuturik jokatu gabe nengoelako Anoetan. Bestetik, Bakerok esan zidan aterako nintzela eta tentsio minutuak izan ziren bandan. Banekien sartu behar nintzela, eta partidan zer egin behar nuen neukan buruan. Ez nuen pentsatzen zenbat denbora neraman jokatu gabe, ahal den azkarren partidan sartu behar nuela baizik.

­Bilbon emandako mailaren ostean, hasieratik ateratzea espero zenuen? Horrek esan nahi du Bakerok ez zaituela oraindik maila onean ikusten?

Nik bezalaxe beste jokalari guztiek nahi dute hasieratik jokatu. Oro har, guztiok espero dugu hamaikakoan sartzea. Hori nahi nuen nik ere, baina Bakerok esan zidan zer talde atera nahi zuen, eta entrenatzailearen erabakiak errespetatzen ditut. Urtea luzea da, partida asko falta dira, bi partidatan atera naiz aulkitik, eta ez zaio buelta gehiago eman behar.

­Izan duzun lesioagatik besteek baino denbora gehiago beharko al duzu maila ona hartzeko?

Hobeto egongo dira denboraldi-aurrean Europan partida ofizialak jokatu dituztenak. Taldean oro har jokalari gehienek egingo dugu gora txapelketa aurrera joan ahala, baina nire burua besteen parean ikusten dut. Ez dut pentsatzen lesioagatik denbora gehiago beharko dudanik. Lesiorik gabe fisikoki ez nintzateke hobeto egongo. Hobetzeko marjina badago, baina ez dut uste besteek baino denbora gehiago beharko dudanik erritmo hori hartzeko.

­Igandean txalorik gehien zuretzat izan ziren?

Nik uste dut lesionatu nintzenetik, denbora luze horretan, jende askok lagundu didala, eta eskerrak eman nahi dizkiet guztiei. Zelaira atera nintzenean jendeak ondo hartu ninduen, eta gustura nago nirekin beti izan duten jarrera horregatik.

­Zer irakurketa egiten duzu igandeko partidaz?

Alde batetik, kontuan hartu behar da orain Ligan dagoen talde onenetako bat genuela aurrean. Hasieran nagusi izan ziren, baina gola sartu ondoren minutu dezente beren parean aritu ginen, partida bigarren golarekin erabaki zutenera arte. Baina, hamar minutu horiek kendu eta 0-2koa jaso arte ez ziren askoz hobeto izan, eta partidan sartuta egon ginen. Pena da, etxeko lehen partida irabaztea oso inportantea zelako, baina ez dugu burua galdu behar. Partida asko falta dira eta aurretik esandakoa betetzen saiatu behar gara.

­Ez al da onartu behar Sevilla osatuta eta formaz beste guztiak baino askoz hobeto dagoela, eta zuek denbora behar duzuela talde berria osatzeko?

Partida jokatu aurretik Sevillari aurre egiteko gai ikusten genuen geure burua, baina partida pasatu ondoren azterketa hotza egin behar da; egindako talde bat da eta oso jokalari onez betea. Beti talde sendoaren fama izan du, baina banaka hartuta ere oso jokalari onak ditu, abiadura handiarekin, baloia ondo mugitzen dute... Oso talde osatua da, eta partida horretarako itxaropen handiak genituen arren, ez ginen gai izan talde on bati irabazteko. Hala ere, bidea egiten segitu behar da hurrengo partida ahal den ondoen prestatzeko.

­Asko hitz egin da txistuez eta Anoetan izandako giroaz?

Hasteko, etxean 1-3 galtzea, gugandik hasita, ez zaio inori gustatzen. Normala da zaletuei ere min egitea, guztioi egiten digu. Baina, ez gara lotsatu behar Sevilla orain gu baino hobeto dagoelako. Ez diogu bueltarik eman behar gai horri. Guk egiten dugun lanean sinetsi behar dugu, eta zaletuek ikusten badute taldeak erantzuten duela, lasaitasuna eta konfiantza berreskuratuko dituzte. Guk ezin dugu aitzakia bezala hartu inguruan edo Anoetan sortzen den giroa. Zorionez, dagoen ezkortasun hori bideratzea gure esku dago, bururik galdu gabe jarraitzen badugu lanean eta emaitzak etortzen badira. Dena lotuta dago, eta giroa gure alde jartzeko funtsezkoena taldea seguru egotea eta guk hori kanpora transmititzea da.

­Jendeari denbora eskatu behar zaio taldea osatu ahal izateko?

Badakigu futbola nolakoa den, eta denborak ahalik eta gehien moztu behar direla. Plantillan badaude talde on bat osatzeko eta talde bezala oso ondo funtzionatzeko jokalariak. Hori lortzeko guk ez dugu denbora eskatuko. Denok dakigu emaitzek ematen dutela denbora, eta ea taldea osatu eta maila hoberena lehenbailehen lortzen dugun. Zaletuak hitzekin baino ekintzekin konbentzitzea errazagoa da. Nahiz eta aurreko partida galdu, urtea luzea da eta ahal dugun guztia egingo dugu. Gauzak eskatu baino, guk konfiantza izan behar dugu. Urte polita egiteko taldea badago, eta espero dut zaletuek ilusioa berreskuratzea. Hori emaitzekin lortuko dugu, hitz egiten jendea konbentzitzea gero eta zailagoa baita.

­Etorkizunean zure karisma eta esperientziagatik erantzukizun handiagoa hartu beharko duzu?

Taldean guztiok daukagu erantzukizuna, eta ni ez naiz berezia sentitzen besteekin konparatuz. Aitor, Jauregi eta Darkorekin batera naiz urte gehiago daramatzana, baina hemen protagonismoa partida asko jokatuz izan behar da, eta ahal den neurrian saiatuko naiz urte hauetan ikasitakoa besteei erakusten. Esperientzia daukan jendea izatea edozein lanetan ondo dago, ingurukoei ahal den neurrian zuk ikasitakoa erakusteko eta laguntzeko. Baina 18 urteko batek maila handiagoa ematen badu hark jokatuko du. Zelaian hartzen du bakoitzak bere tokia eta protagonismoa.

­Baina, urte asko daramazuen jokalari gehiegi ez zaudete, eta kontratua ekainean amaituko zaizue lauri...

Nire kasuan klubak badu urtebetez luzatzeko aukera. Nahikoa denbora dauka, eta urte osoa lesionatuta pasatu ondoren... Hitz egingo dugu, baina ez nago kezkatuta. Ni gustura nago eta orain ez dut horretan pentsatzen. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
La Audiencia Nacional activa ahora el mayor juicio por «kale borroka»
Ekonomia
Reckitt Benckiser anuncia el cierre de la planta de Gueñes, que afecta a 190 empleos
Mundua
Siria frustra un ataque contra la embajada de EEUU en Damasco tras el aniversario del 11-S
Kirolak
El joven Antón emula a Laiseka y se estrena
Jendartea
Europistas debe indemnizar por «daño moral» a afectados por la nieve en 2004
Jendartea
El Papa tacha de «irracional» la teoría de la evolución
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss