GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-11-16
AHT eraikitzeko obrak egiten ari diren enpresen aurrean elkarretaratu dira
Azpeitiko Altuna eta Uria eta Teksa enpresen jarrera arbuiatu zuten atzo, horien egoitzen aurrean egindako elkarretaratzeetan. Izan ere, Abiadura Handiko Trenaren lanen esleipendun dira, eta lehenengoa pasabide bat eraikitzen hasia da. Proiektuarekiko «desadostasun zabala» errespeta dezatela eta obrak berehala geldiaraz ditzatela exijitu zuen AHT Gelditu! Elkarlanak. Larunbatean Gasteizen egingo duten manifestaziorako atxikimenduak biderkatu ziren.

GASTEIZ

AHT Gelditu! Elkarlanak elkarretaratzea egin zuen atzo, Azpeitian, Altuna eta Uria eta Tecsa enpresa eraikitzaileen egoitzen aurrean. Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obren hasieran horiek duten «erantzukizuna» salatzeko asmoa zuen. Administrazioaren «ilunkeriaren atzean», azken asteotan lehenengoa Luku herrixkaren parean pasabide bat eraikitzen hasi dela arbuiatu zuen; hain zuzen ere, trenbidea Eibar-Gasteiz autobidearen azpitik igaroko litzatekeen tokian.

“Euskal Y”aren proiektua Euskal Herriko egitasmorik «gaitzetsiena eta kritikatuena, eta antiekologikoa, antisoziala eta baliabide xahutzailea» dela jakinarazi zuen, eta bi enpresa horiei «herriari entzuteko deia» egin zien elkarlanak. Gainera, auzi horren inguruan dagoen «desadostasun zabala» errespeta dezatela eta kalte ekologiko eta sozialak eragingo dituen «astakeria txikitzaile» horren lanak geldiaraz ditzatela eskatu zien taldeak.

Gehiengo parlamentarioa izan arren, herriaren «babesa eta oniritzia» ez duen proiektua «zilegia» ez dela adierazi zuen, eta Lakuako eta Madrilgo gobernuei «men eginez» obrak hastea gaitzetsi zuen. Alde horretatik, ez dela egonean egongo ohartarazi zuen. «Hasiera-hasieratik eta ozen, bi enpresen erantzukizuna salatuko dugu», esan zuen AHT Gelditu! Elkarlanak. Izan ere, adierazi zuenez, «orain da indarrez erantzunteko unea». Amaitu aurretik, larunbatean Gasteizen egingo duten manifestaziora joateko deia egin zuen. Arratsaldeko bostetan Iparralde gizarte etxetik abiatuko da.

EAEk gonbidapen bera egin zuen. Alderdi abertzalearen aburuz, AHTk herriak eta nekazaritza «baztertzea» eragingo du, eta «‘Euskal Hiri’ ospetsua baino ez du sustatuko». «Lurra leher ez dezan» egin diren ikerketa geologikoez galdetu zuen; izan ere, Itoizen hori gerta daitekeela esan zuen.

LAB sindikatua arduratuta agertu zen eta larunbateko manifestaziora joateko deia egin zuen. Berdeak taldea ere auziaz mintzo zen. Proiektua aurrera ateratzeko erabili duten erarekin ados ez dagoela azaldu zuen. Era berean, elkartasuna adierazi zien iragan asteartean Erzaintzak Lukun atxilotutako hiru pertsonei.

Gasteizko mobilizazioaren harira, MusikHerriak AHTren aurkako borrokan konpromisoa sendotu nahi du, eta, alde horretatik, hainbat ekimen prestatu ditu arratsalde horretarako. Mulambo perkusio taldearekin kalejira egingo du Gasteizko gaztetxeraino, manifestazioa amaitu ostean.

Ondoren, rock maratoiari hasiera emango diote, eta “Musikaz ere... AHT eta beste proiektu txikitzaileak gelditu!” leloa izango du. Bertan izango dira, besteren artean, Mix6t, Jonu, Kuenta Atras eta Xopapo musika taldeak.

Horretaz gainera, MusikHerriak eta DDT banaketak “Euskal Y”a salatzeko osatu duten CD bilduma ere eskuratu ahal izango da larunbatean, hiru euroren truke. Horrekin jasotzen den dirua AHT Gelditu! Elkarlanerako izango dela jakinarazi zuen taldeak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
President´s Award 2006 saria Euskal Herrira bidean da
Jendartea
Kofi Annan avisa de que el cambio climático «no es ciencia ficción»
Ekonomia
La reforma de la incapacidad temporal por bajas recortará derechos a los trabajadores
Euskal Herria
«Prest gaude indarkeria adierazpen oro desager dadin elkarlanean aritzeko»
Euskal Herria
La Mesa para el Acuerdo plantea un acto unitario de impulso al proceso
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss