GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-11-16
«Prest gaude indarkeria adierazpen oro desager dadin elkarlanean aritzeko»
«Prest gaude, amnistiaren aldeko mugimendua eta, oro har, ezker abertzalea, indarkeria adierazpen guztiak desager daitezen, bihartik aurrera sektore guztiekin elkarlana hasteko», adierazi zuen atzo Juan Mari Olanok, gose-greba egiten ari diren kide eta aske gelditu berri diren hainbat lagunekin batera. Presoekin «xantaia politiko» gehiagorik egitea ez dutela onartuko ohartarazi zuten. Espetxe politika, Zapateroren jarrera eta politikarien «hipokrisia» salatu zituzten.

HERNANI

Espetxe politika bere horretan mantentzea eta konponbide demokratikoa ahalbidetuko duen prozesua garatzea ezinezkotzat jo zuen Juan Mari Olanok. «Baldintza demokratikoen alde lan egiten badugu gatazkaren konponbidea elikatzen ariko gara», nabarmendu zuen.

Askatasunak, Etxerat-ek, preso ohi batek eta abokatu batek egiten ari diren gose-grebaren berri emateko aste honetan amnistiaren aldeko mugimenduak Hernanin eginiko agerraldian egin zituen Olanok adierazpen horiek. Harekin batera gainerako grebalariak eta aske gelditu berri diren hainbat lagun ­Asier Altuna, Asier Ortiz de Ginea, Asier Bengoa, Agurtzane Izarza, Iratxe Yañez, Izaskun Villanueva, Igor Astibia, Ainara Calvo eta Unai Redin­ egon ziren.Ekimen horren nondik norakoak azaldu ondoren, egungo egoeraren gaineko irakurketa sakona egin zuen.

Euskal preso politikoen bizi baldintzei aipamen eginez, Iñaki de Juanaren edo Unai Paroten kontrako ebazpenak eta, oro har, PSOE Gobernu espainolean dagoenetik izandako «inboluzioa» ekarri zituen gogora.

«Bi estatuek denetarik egin dute Kolektiboa suntsitzeko. Hor dugu, esaterako, De Juanaren kasua, benetan eskandalagarria. Kontzientziazko presoa da. Ezin dugu ahaztu nola sortu zen auzi hori edo Paroten kontrako ebazpena. Zapateroren Gobernuak bultzatu eta bere tresna den Auzitegi Nazionalak gauzatutako erabaki politikoak dira. Hala ere, preso politikoak gai izan dira beren kontra martxan ipini diren neurri guztiei aurre egiteko», adierazi zuen.

«Beraien kezka nagusia Euskal Herriak bere eskubideak berreskuratzea da, ez beraien egoera pertsonala», gaineratu zuen. Horri lotuta, presoek prozesuan esku hartzeko duten eskubidea aldarrikatu zuen. Argi utzi zuen Olanok ez dutela euskal preso politikoekin «xantaia politiko gehiagorik egitea» onartuko. Bere hitzetan, aurrerapausoak eman ahal izateko, «gerra estrategia» alboratu behar da. 18/98 auzia edo Auzitegi Gorenaren Fiskaltzak «Jarrai-Haika-Segi» auzian eginiko eskaera prozesua «zailtzen duten elementuak» direla gaineratu zuen Askatasuneko kideak.

Zapaterori luzatutako mezua

Erakundeek «errepresio tresna horiek indargabetzeko» zer egin duten galdetu zuen eta ildo horretan, talde politikoen eta erakundeen «hipokrisia» gaitzetsi zuen. «Edukiontzi, zakarrontzi edo kutxazain bati erasotzeagatik asaldatzen dira eta, aldiz, ez dute hitzik ere esaten egoera larrien aurrean», nabarmendu zuen. Era berean, Bilboko gertakariekin eginiko «muntatzeak izenik ez» duela esan zuen: «Den-dena asmatua izan da, hor daude lekukoak».

Lehendakariaren jarduna ere kritikatu zuen. «Praktikan non daude Ibarretxeren konpromisoak?», galdetu eta ardura politikoa exijitu zion. «Hitz panpoxetatik harago beste zerbait egitea dagokio. Hitz politika oso ondo dago mezarako, baina Euskal Herriak ez du predikaririk behar», esan eta gatazka konpontzeko aukera ezin dela galdu ohartarazi zuen.

Era berean, argi utzi zuen amnistiaren aldeko mugimendua eta, oro har, ezker abertzalea «indarkeria adierazpen guztiak desagerrarazteko sektore guztiekin, politikoak, sindikalak, kulturalak, gizarte mailakoak... bihartik aurrera elkarlanean hasteko prest» dagoela.

Bestetik, Zapaterori buruz zera esan zuen: «Ez da inor herri honi jokalegeak zeintzuk diren esateko. Euskal Herriaren erabakia errespetatu besterik ez du egin behar. Arazoa ez du ezker abertzalearekin, herri oso batekin baizik».

Bestalde, euskal presoen eskubideen defentsan, 115 lagun elkarretaratu ziren asteartean Bilbon, 50 Arrasaten eta 24 Gasteizko Larizu auzoan.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
President´s Award 2006 saria Euskal Herrira bidean da
Jendartea
Kofi Annan avisa de que el cambio climático «no es ciencia ficción»
Ekonomia
La reforma de la incapacidad temporal por bajas recortará derechos a los trabajadores
Euskal Herria
«Prest gaude indarkeria adierazpen oro desager dadin elkarlanean aritzeko»
Euskal Herria
La Mesa para el Acuerdo plantea un acto unitario de impulso al proceso
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss