GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria 2007-01-28
Julen Murgoitio
Beltza

Bai latza kolore beltzak dituen betebeharretako batzuena! Hego Hemisferioko zenbait kontinentetako lagunen larruazalari kolorea ematekoa, esate baterako, ohorezkoa badu ere oso bestelakoa du beltzak beste kasu batzuetan; nazka ematekoa, zalantza izpirik gabe. Bai, badakit, zuetariko askori abadeen sotanakoa etorri zaizue momentuan burura, gaztetan apaiztegitik indarrez pasatuak zaretelako, edota senideren bat Afrikan misiolari izan duzuelako. Eta ulertzekoa dut, ni neu ere bataiatua izan nintzelako, neure hitza eta erabakiaren kontrara; negar-zotinak izan ziren nire protestaren seinale, abadeari latinez zuzen botatako biraoez gainera. Baina ez, ez dut abadeena buruan izan nik, epaileen sotana baizik; nazkagarri, total. Abade ohia den bertsolariarena gogoan: «okadaka hustutzen ari zait barrena», epaileena aipatu eta segituan. Justiziaz ari naiz. Beheko zuzenbide-estatuaren justiziaz ari ere. Madarikatu egiten dut estatu hori, bere zuzenbidea, justizia eta lege guztiak barne, trafikokoak badira ere. Eta pentsatzen hasita nago euskaldunok amesten dugun estatua okerbidean oinarrituta behar dugula eraiki, zuzenbidean ez baitago justizia justua egiterik. Beheko horiena eskubide-estatua bada gureak hankabide-estatua behar du izan, ganorazkoa eta jatorra izango bada, behinik behin. Eta pentsatzen hasita ere, gure biharko estatu horren justizia justua ezin da epaileen eskuan utzi; hauen eskutik datorrena eskubidea izan daiteke, bai, eskuetara ailegatzeko bidea, hain zuzen, gatazka, beraz, baina inondik inora ere justizia justua. Nazka ematen dit beheko horrek. Nazkatasuna eta kaka zaharra. Bai latza kolore beltzak dituen betebeharretako batzuena! Toga-borroka, horiena. Epaile horien toga beltza ezin erreziklatu, ezertan ere ez, hondakin toxiko eta arriskutsu legez sailkatuko zelako hori okerbidean oinarritutako hankabide-estatu jatorretan, itsasontzi piraten bandera egiteko ere ez. Tira, gauza batean behintzat bai izan daitekeela beltz hori gurean berrerabiltzeko modukoa, eta gustura egingo zutela dudarik ez dut; Irun eta Hondarribiko alardezaleen pankartetarako, orain arte erabilia, zabala izanda ere, ez baitute nahikoa euren miseria ezkutatzeko. Nazkatasuna.

Joan zen uda eta negua heldu da. Urtarrilaren azkenean heldu ere. San Simoni eta San Judasi eskerrak eman ote beharko? Esker abertzaleak izango ziren horiek, eskerrak legezkoak balira. Tira, elurra barra-barra, inguruak zuri-zuri ageri zaizkigu. Eta hemengo batzuek baliatu egin dute hori, esanetan baino gehiago eginetan, oheari burdinez lotuta dagoen bahituaren egoeraren gainean beren ardurak zuritzeko, modu horretan beheko Estatuaren toga beltzekoei babes zuria emanez. Batzuek, kamioitik, gure mendateetako kaminoko elurrari aurre egiteko gatz zuria botatzen ari diren bitartean beste batzuek, epaitegitik, gure zaurietara ari dira gatz beltza botatzen, noiz edo noiz hemengo errepideak erregerenak izateari utziko diotela ulertzera iritsi gabe. Horien beltzak ez die besteon koloreak ikusten uzten. Baina gure ortzadarrean beltza ere bada, hori bai, beltz jatorra. Zerikusirik ez euren beltzarekin. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
GARA refuerza su proyecto comunicativo
Jendartea
Unibertsitatea sortzeko bertze urrats bat egin du Nazio Eztabaida Guneak
Euskal Herria
Fallece la madre de Iñaki de Juana, que llevaba año y medio sin poder visitarle
Mundua
Los territorios ocupados palestinos siguen desangrándose en choques fraticidas
Kultura
Magia eta akrobaziak hitzaren alanbrean
Kultura
«Franz + Polina» lanari eman diote Urrezko Fipa
Euskal Herria
La propuesta de Uztaritze plantea una autonomía de base nacional
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss