GARA > Idatzia > Gutunak

Lesakako alkatea?

Iban Maia Ormazabal Herria Aintzinerako kidea (Lesaka)

Azken bolada honetan harrituta gelditzen ari naiz irakurtzen ari naizen gogoeta politiko eta iritzi ezberdinekin. Lehengo batean, gure herriko alkate Juan Fermin Mitxelenaren sinadura zeraman bat irakurri nuen. Laburbilduz eta sinplifikatuz, ezker abertzalearen aurka erabiltzen ari diren mezu horietako bat bertzerik ez zen gutuna: Lesakako Olentzeroren lehiaketa aitzakia hartuta, preso eta iheslariek pairatzen dituzten eskubide urraketak salatu eta bortizkeria hau gizarteratzearekin ez datorrela bat. Baina ez da hor gelditzen, eta gure senide, lagun eta herrikide diren preso eta iheslariek etxean egon behar dutela diotenen aurka irainak jaurtikitzen ditu, eta ezker abertzalea egungo egoeraren erantzulea dela dio.

Olentzeroren inguruan, zazpigarren urtez egun guztiko egitaraua antolatu da. Urtetik urtera gero eta jende gehiago gehitu da amnistiaren aldeko Olentzeroren ondoan egun hori pasatzera. Izugarrizko babesa jasotzen du Olentzero honek Lesakako herritar aunitz eta aunitzen partetik, urtetik urtera gorantz doan babesa. Lesakatik kanpo ere oihartzun handia ari da hartzen, ikusi bertzerik ez dago aurtengoan komunikabide ezbedinek eman dioten tratamendua. Hau horrela izanik, ez al da arraroa Lesakako alkatearen balorazioa? Preso eta iheslarien eskubideen alde egonik bera, zergatik horrelako amorrazioa babesa gero eta handiagoa denean?

Guztia nahasiaz Lesakako alkatea Olentzero eta egoera politikoa lotzen saiatu da. Bere ustez, prozesuak porrot egin du eta horren erantzulea ezker abertzalea da. Ez gara urrutiegi joanen, erralitatea hagitz bertzelakoa dela erakusten duten adibideen bila. 2006an, Igor Angulo eta Roberto Saez euskal preso politikoen heriotzek egoera politikoa une larri batera eraman zuten. Horren aurrean, ezker abertzalea kalera atera zen konponbidea inoiz baino beharrezkoagoa zela adieraztera eta ETA erakundeak su-eten iraunkorra iragarri zuen egun batzuk geroago. Hortik aurrera dinamika eta mobilizazio ugari egin dira. Non zeuden eta zer egin dute Lesakako alkateak eta bere alderdiak, prozesu demokratiko bat helburu dituzten ekimen horien guztien aurrean? Zergatik egiten diote uko solasteari behin eta berriz Lesakako alkateak eta bere alderdiak? Prozesuaren aldeko zein dinamika eraman ditu aurrera Juan Fermin Mitxelena buru duen Lesakako Udalak?

Gure herria, zenbait «agintari" eta «politikariren" gainetik, mendez mende pairatzen ari den gatazka politikoa modu demokratikoan konpontzeko ahaleginetan dabil. Ez du porrotik egin eta ez du eginen ere. Atzoko aukerak hor daudelako gaur ere, herriaren konponbide nahia dira horren adierazle. Erantzukizun politikoa dugunok arduraz jokatu behar dugu; hitz egin behar denean hitz eginez eta herritarren eskakizunak kontuan hartuz.

Gatazka politikoak gainditzeko prozesuetan ez dira opariak existitzen; borrokan, lanean eta justizian oinarritutako bakea lortzea lehenetsi behar da. Opariak klientelismoan eta entxufismoan oinarritzen diren politika eredu antidemokratikoen kontuak dira. Zoritxarrez, sobera ezagunak gure artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo