GARA > Idatzia > Zorroztarria

Garai zaharreko traste berria

Julen MURGOITIO

Gerra hotzaren garaia dirudi gurean den oraingoak, eta ez diot hori bazterretan oraindik ere geratzen den elurragatik, ez, bazterretatik espioitzan ari diren horiengatik baino. Ezkerreko abertzale batzuek igarria zuten azkeneko asteotan beren autoa astiroago zihoala, astunagoa balitz moduan. Azpikoari begirada eman eta horra! GPS horietariko bat, beheko estatuaren bandera eta guztiz. Kolpe batez trastea errotik atera eta dzast!, handik urruneko bulego ilun batean, uniformedun bat ahoa bete hortz geratu berri da, aurrean duen pantaila marra zuri-beltzez josita agertzean; eta hortxe hasi da, GPSen esku-liburuko orriak aurrera eta atzera, irudiei gehien erreparatuz, ea zerk egin duen huts jakin gurarik. Bai madarikatuak GPSei agintzen dizkieten hainbat erabilera! Horra, artzainek erabiltzen duten GPSa, hau da, Ganadu Position System, traste jatorra da oso, artzainarentzat behintzat; bestelakoa da, seguruenik, ganaduaren beraren iritzia, baina hori beste kontu bat da. Horra ere, zapatek erabiltzen duten GPSa, hau da, Galtzerdi Position System, jatorra oso hau ere, negu gorrian batik bat. Baina uniformedunen GPSak? Gazte Position System, eusko Gidari Position System, bai madarikatuak! Uhinen bestaldean diren horiek elektrikara ederra jasoko balute, behintzat, trastea aktibatzen duten bakoitzean!, osasuntsuagoa izango zen planeta, eta klimak berak eskertuko.

Tira, dena da aldakor mundu honetan. Aldatzen ez den gauza bakarra gurean ez den prozesua da, itxuraz behinik behin. Badirudi zimentarriak errotzen hastean erromatar garaiko aurriak aurkitu zituztela sozialistek eta horrek geldiarazi zuela prozesua. San Mames futbol-zelaia bera ere aldatzekoa da, edukieraz eta zabaleraz, eta horrek arazo larriak ekarriko ditu, Bizkaian behintzat, orain arte sortzen ditugun hiri hondakin solidoen bolumena eta zementatzen ditugun lurren azalera adierazteko sanmamesa erabili izan dutelako unitate. Tira ba! Aldaketak datoz mundura... GARA ere aurpegi berrian etorri zaigu gaur, bihotza azalean eta azala hezurretan, hezur eta azal. Zorionak! eta bizi luzea izan dezazula... Eta barkatu zutabe honetan aspergarri izanak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo