GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eutsi gogor, Iñaki! Iñaki de Juana gose greban

Euskal kulturaren ordezkaritza bat Inaki De Juanari bisitan joan zaio aste honetan. Ospitaletik irten ondoren, preso donostiarraren egoerak zirraratuta utzi zituela esan eta hitza askea dela eta hori erabiltzeagatik inor ezin dela zigortu irmoki adierazi zuten.Gizon apal, goxo eta irribarre ederrekoa ezagutu nuen. Zeren aurka eta nortzuen alde ari den ziurtasun irmoa duen pertsona ezagutu nuen. Bere borroka antzera dauden ehunka lagunen borrokatzat duela behin eta berriz nabarmendu zigun

Bisitatu genuenetik lau egunera, buruan zer darabildan azaltzeko eskatu zidaten berripaper honetakoek eta egia esan behar badut, ordena barik behin eta berriro joan eta etorri egiten diren irudi eta adierazpenak darabilzkit, irteerarik ez duen lau hormako gela batean jo eta jo.

Iñakiren irribarrea da esne mamitan gordetzen dudan irudia. Urte hauetan guztietan komunikabide gehienek Iñaki de Juana Chaos bihotzik gabeko hiltzaile, deabru eta munstro legez azaldu digute, milaka orrialde pozoitu dituzte Estatu Batuetako filmetan egunero irentsarazten dizkiguten pertsonaia gaiztoenetan gaiztoenen parekoa edo gaiztoagoa dela sententziatzeko. Gizatasun izpirik ez duen izaki biziduna. Ostera, nik gizon apal, goxo eta irribarre ederrekoa ezagutu nuen.

Gelara sartu, eskua estutu eta neure burua aurkeztu nionean
irribarrez erantzun zidan. «Aupa, eskerrik asko", irribarretsuago eta eskerrikaskoago irten ginenean. Elkarrekin egon ginen denboran ez zuen haserrearen zantzurik agertu, bere berbetan ez zegoen gorroto edo mendeku goserik. Horrek asko hunkitu ninduen. Fisikoki ahul egonagatik, tamainako bihozgabekeria (ez dakit zuretzat Arantxa, niretzat bihozgabekeria da egiten ari zaizkiona) bizi duenarengan haserrea, amorrua, ezintasuna eta ezinegona espero nituen. Aitzitik, zeren aurka eta nortzuen alde ari den ziurtasun irmoa duen pertsona ezagutu nuen.

Behin eta berriro nabarmendu zuen berea muturreko egoera bada ere, antzera dauden ehunka lagun daudela eta bere borroka horien guztien borrokatzat hartzen duela. Azaldu zuen bere kasua aurrekaritzat legeztatuz gero, etorkizunean Espainiako gobernuek eta justiziak nahieran epaitu eta zigortuko dituztela kritika politikoa egitera ausartzen direnak. Gizakiak bizirik irauteko duen berezko senari erreparatuz, Iñakik epaia onartu ez, baina kartzelan egoteko hautua egin behar zuen, konponbide politikorako prozesua izaki, 13 urte baino gutxiagoren buruan kaleratuko luketen itxaropenean. Nik hautu hori egingo nukeela uste dut, bestea, Iñakik hautatutakoa, heriotza edo atzera bueltarik gabeko ondorio fisiko larriak baitira. Bi urteko umearen adimena duen Rajoyren hausnarketa miresgarriak etortzen zaizkit gogora, edo euskaldunenganako gorrotoa baino ez duen San Gil printzesarenak edo Usandizaga ultraeskuindar katoliko errukitsuarenak. Horiei ez die inork konturik eskatzen, aldebakarreko biktimen elkarteek ez dituzte auzitara eramaten, Lasa andereak ez dauka zer esanik, bozeramaileak gosaltzera joaten dira Madrilera, forumetara. Eta berbok izkiriatzen ditudalarik Iñaki ohean dakusat, esku eta hanketatik lotuta eta berak esanda dakit datozen sei-zortzi asteotan horrela izango dutela, eskuetatik eta hanketatik lotuta. Eta berak esanda dakit datozen sei-zortzi asteotan egunero-egune- ro bortxatua sentituko dela, gutxietsia, umiliatua, torturatua. Berak esanda dakit medikuek bere gorputzarekin gura duten guztia egingo dutela nahiz eta Iñakik ezetz esango dien, ez diela bere gorputzarekin gura dutena egiten uzten. Berdin die, ez dute Iñaki orain hiltzerik gura, ez pertsonatzat hartzen dutelako, politikoki komeni ez zaielako baizik. Berdin die etxera itzuli eta gose-greben ondorioz sei hilabetera hiltzen bada, horrek ez die ardura, are gehiago, demokrata, tolerante eta bakezale asko poztu egingo lirateke; hartu du ordaina hiltzaile zikin horrek.

Nik ez dut Iñaki hiltzerik gura eta neure buruari galdetzen diot, zer egin nezake eragozteko?
Zer egin genezake nire antzera pentsatzen dugunok? Nahikoa da ostiralero kandela eta guzti ordu eta erdiz manifestatzea? Nahikoa da ospitalean bisita egin eta horren berri ematea? Ez genuke ospitalera joan eta polizia guztien gainetik etxera ekarri behar? Zergatik ez dugu egiten? Espainiako Justizi- ak etengabe errudun epaitzen gaituen bitartean, zein da irtenbidea, sasia, borroka armatua, desobedientzia zibila, amore ematea, ontzat hartzea, espainol aitortzea? Ezintasunak iltzatzen dizkidan itaunak dira, gu baino gehiago denari aurre egiteko zeinen koldarra naizen gogorarazten dizkidatenak. Laburregi egin zitzaigun ordubeteren ostean berriro eskua estutu eta eutsi gogor esan nizun Iñaki. Eutsi gogor euskalduna!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo