GARA > Idatzia > Kultura

«Baionan bizi", etxebizitzaren arazoaz mintzo den komedia

Gazte talde batek egin «Baionan bizi" antzezlana estreinatuko dute gaur Donazaharren arratsaldeko lauretan. Hiru Punttu taldeak Antton Lukuk idatzi komedia agertuko du. Ohiko egitura oinarri duen lan horri pertsonaien nortasun aniztasunak ematen dio indarra. Egungo biziaren alor ezberdinak erakusteko bizitokia aurkitzeko zailtasuna hartzen du oinarritzat.

Gizartearen kezka handienetarikoa den etxebizitzaren gaia tratatzen du Lukuk «Baionan bizi"n. «Inposatzen den gaia da, uste dut oraingo jendearen buruhausteetan hau dela zentrala Iparralde honetan. Zuk xekatzen duzu apartamentu bat Baionan eta Itsasun bizi zara, Baionan karioegi edo txikiegi baita". Antzezlanak gai hori jorratzen badu ere, ez du eztabaidarik sortzen horren inguruan. Iñaki Etxeleku zuzendariak horrela definitzen du lanak etxebizitzaren gaia jorratzeko duen era: «Egungo gizarteaz barre egiteko era bat da eta, aldi berean, oraingo gai bat aipatzen duena. Horrela ikusiko dugu etxebizitzaren arazoak nola ukitzen dituen hiru gazte protagonistak bete-betean".

Hiru gazte protagonisten nondik norakoak «era klasiko baten aurkeztuak dira, bodebil era batean. Komedia bat da eta pertsonaia aberatsak ditu", esan zuen Etxelekuk. Zuzendariak gaiarekin eta tratamenduarekin ikusleak erakarri nahi izan dituztela azaldu zuen: «Publiko zabal batentzat egina da eta hori du helburu nolabait, Iparraldean euskararen eta antzerkiaren egoera ikusirik, publikoa berreskuratu behar dugu".

Egituraketa osatzeko jarraitu etsenplua hitz hauekin azaldu zuen Antton Lukuk: «Pentsatzen dut Larzabalek eredu aski sendoa ematen duela horretarako. Baduzu testuingurua eta hori da gaia, baina gaia ez da eztabaida bezala ematen, inportantea dena pertsonaiak dira. Pertsonaia horiek egiatasun bat izan behar dute ikusleak sinets dezan".

Gazte zein zaharrentzako obra egin nahi izan du lan-talde gazteak beraien lehen esperientzian. Iñaki Etxeleku eta Amaia Etxandi zuzendariek freskotasuna ekarri diote obrari. Bi zuzendarien gidaritza goraipatu zuen antzezlanaren idazleak: «Iñakik eta Amaiak egin lanarekin biziki kontent naiz zeren eta proposamen berriak eta estetika berria ekarri dituzte".

Aurretik elkarrekin egindako lanak lagundu ziela azaldu zuen Etxelekuk: «Bi antzerki eman ditugu elkarrekin. Biak ere Garaziko lizeotik pasatu ginen eta Lukurekin landu genuen antzerkia. Horrek nolabait erran nahi du antzerkiari buruz hizkuntza bera izan dugula eta orain erabiltzen dugula".

Elkarrekin egindako bideaz gain bi zuzendarien arteko elkar ulertzeak lana egiten asko lagundu duela azaldu zuen zuzendariak: «Egia erran, ez dugu batere ezadostasunik izan, ikuspegi bertsua dugunez, antzerkiari eta pertsonaiak lantzeari buruz azkar egin dugu lana eta batak bestea osatu dugu".

Bestalde, «Lurra", «Beltzeria" eta azkenik «Escualdunac" antzezlanen trilogiarekin Hiru Punttuk hasi zuen toberei buruzko gogoetak bere konklusioa izanen du laster. «Trilogia eta gero etorriko da formatu handiagoko tobera bat, kanpoan emateko, ezker paretatan. Lan hori normalean udaberri honetan lantzen hasiko gara" azaldu zuen antzerki taldeko kide den Iñaki Etxelekuk.

Ezberdintasunen inguruan

Antton Luku idazleak lana nola doan ere azaldu zuen: «Orain arte egin dugun lanen sintesia izanen dena eginen dugu. Gaia eta, gogoan ditut, gero forman nola izanen den aktoreekin egiteko lana da. Bidean da".

Osterantzean, toberen eta gaur arratsaldean Donazaharren estreinatzen den «Baionan bizi" komediaren arteko ezberdintasuna nabarmendu zuen gero Luku idazleak: «Hiru Punttun kontziente gara badirela bi alderdi euskal antzerkian; bata toberarena, nahi baduzu, dantzatik etortzen den hori eta bestetik komedia, istorio bat kontatzen duena".


TOBERA

«Formatu handiko tobera bat lantzen hasiko gara udaberri honetan. Orain arte egin dugunaren sintesia izanen da. Gaia gogoan dut, baina forma aldetik nolakoa izanen den aktoreekin egiteko lana da. Bidean da hori".

Antzezle berriak idazle beteranoarekin

«Hiru Punttu taldeak atera du antzerki hau, baina berrikuntza handia da, bai jokalari guztiak eta bai zuzendariak ere berriak direlako", nabarmendu zuen antzezlanaren idazle Antton Lukuk.

Gazte taldea bera egitasmoaren sorreran izan zela azaldu zuen Iñaki Etxelekuk, bi zuzendarietako batek: «Bi bide gurutzatu ziren. Batetik, Antton Lukuk bazuen gogoa Hiru Punttu taldeak komedia bat egin zezan. Bestetik, bazen Garazi aldean gazte talde bat gogoa zuena antzerkian aritzeko eta Lukurengana joan zena galdetzera ea posible zen zerbait idaztea".

«Uztailean hasitako talde berria da. Erdiak ez du inoiz antzerkirik egin, edo ez modu hain seriosan. Zuzendariontzat ere lehen aldia da komedia bat osoki muntatzen dugula", azaldu zuen Etxelekuk.

Prestaketa lan handia egin du Garazi aldeko taldeak. Lana uztailean hasi bazen ere, urrian hasi ziren gogor lanean. Gaurko estreinaldia aitzin azken asteak izan dira gogorrenak. Ostegunean lagunentzako emanaldi bat antolatu zuten azken mementoko aldaketak egin behar ote ziren zehazteko.

«Estreinaldia baino lehen bete-betean aritu gara lanean. Ostegunean estreinatu genuen ikusleen oihartzuna izateko estreinaldia baino lehen. Horrela oinarri batzuk izan ditugu hobekuntza batzuk egiteko, horrek beti laguntzen du", esan zuen zuzendariak.

«Baionan bizi" komedia berriaren gidoiak familia bat bizi den etxe berean hiru gaztek apartamentu bat alokatzen dutenean gertatzen direnak kontatzen ditu.

Iñaki Etxeleku eta Amaia Etxandiren gidaritzapean Nora Arbelbide, Jenofa Oillarburu, Iñaki Berhokoirigoin, Laida Etxemendi, Iban Ruspil eta Laurentx Urrutia izanen dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo