GARA > Idatzia > Euskal Herria

Erroskillez ahoak gozatzeko eta kordelez eztarria babesteko aitzakian, primerako egun pasa

Urteroko berbera. Horixe zegoen atzo Abadiñoko San Blas azokan. Abere ederrak, baserriko produkturik onenak eskuratzeko postuak, erroskillak, San Blas kordelak... Eta nola ez, primerako giroa eta batetik eta bestetik bertaratutako makina bat lagun. Guztiek ere egun ederra igaro zuten, zer ikusirik, erosirik eta janik ez baitzen falta izan.

Feriazaleek gorriz seinalatutako eguna izan ohi da San Blasekoa, batean eta bestean zer ikusia izaten baita. Atzokoan ere Laudion, Idiazabalen, Legutianon, Abadiñon... bapo ospatu zuten eta horien aitzakian, baita bateko eta besteko merkatuetara bertaratuko milaka lagunek ere.

Merkatuetan merkatu da Abadiñon San Blas egunean egiten dena eta aurten ere jende andana batu da Anbotoko magalean kokatutako herri horretan. Durangon A-8a utzi eta ordainlekuko langileari Abadiñora joateko biderik onena adierazteko eskatutakoan, hari alde egindako irribarrea bera zenbaterainoko joan-etorria zegoen igartzeko seinalea izan zen. «Autoa aparkatzeko nahikoa lan izango da gaur", eman zuen abisu emakumeak. Ez zitzaion arrazoirik falta, Abadiñora bertaratzen hasi bezain laster autoak bide bazterrean pilatzen ari zirela frogatzeko modua zegoen. Zortekoak atzo lur orotako auto handi horiek dituztenak. Gainerakoek, oinez ibilalditxo bat egitea beste erremediorik ez zuten izan.

Herrigunera iristean, zalantza zera, bertan zeuden guneen artean aukera egitea. Jendeari jarrituz, lehenik eta behin, behi, zezen, zaldi, asto... era guztietako animaliak zeuden ganadu feriara. «Zelako abere katxarroak", zioen orduantxe iritsitako gazte batek behi eta zezenen atzealdeak ikusi bezain laster. Ez zen gutxiagorako. Batzuk, ordea, ez ziren konformatzen eta animaliak are eta ederrago jarri nahian zebiltzan.

Horretan zebilen, esaterako, Jazinto Iturriagaetxebarria abadiñarra eskuila hartu eta bere abere ederrei ilea orraztuz. Orotara, 26 buru eraman zituen ganadu feriara, zein baino zein ederrago. Charolesa arrazakoak ziren bere abereak, ile zuri eta ugarikoak. Horrela, astean zehar ere makina bat lan egin du animaliak puntuan jartzen. «Etxeko guztiak aritu gara abereak garbitu eta orrazten". Orrazten ez ezik, ile mozketan ere arituak dira, animalien isatsei nabari baitzitzaien ile mozketa. «Oso arraza iletsua da hau, eta isatsean ere ile asko izaten dute, horregatik moztu egiten diegu, gisa horretan aberearen atzeko aldea gehiago ikusten baita".

Egun luzea zuen atzo Iturriagaetxebarriak. Goizeko ordu bietan jaiki, eta abitua zen abadiñar horrentzat eguna. «Laurak laurden gutxiagorako hemen ginen abereak hartu eta kamioitik jaisteko prest". Nekeak neke, gustura zegoen abeltzaina, urte osoan egindako lana etxean erakustea beti baita atsegina.

Salmenten gainean, azokan bertan tratu asko ez duela egiten esan zuen: «Hau primerako erakusleihoa da, datozen egunetan etxera etortzen dira abereak erosi nahi dituztenak", erantsi zuen, halere. Bien bitartean jendea han zebilen. «Hara zer-nolako txuletak aterako genituzkeen atzeko alde horietatik", zioen batek. «Hara zer-nolako bitxoak", beste batek aldamenetik. Halakoa zen batzuen eta besteen ikusmina eta abereak gertutik ikusteko grina, eta sustoren bat edo beste ere izan zen. Ez baita gertuegi jartzea ere komenigarria. Beste batzuek, berriz, sakelako telefonoarekin edota argazki kamera hartuta, abere ferian ikusitako hura etxera eraman nahi izan zuten.

Dirutza eskaini behar

Jon Bikandi iurretarrak ere puntuan jarriak zituen bere abereak, orotara, 12 buru. Herenegun bazkalostean ekin zion guztiak atontzeari. Azken orduetako atontze lanarenak baino, urte guztian egindako lanaren erakusgarri ziren Bikandiren abereak. Helburua, ordea, ez zen abereak saltzea. «Etxeko onenak ekarri ditugu eta hauek saltzeko dirutza eskaini beharko ligukete", azaldu zuen.

Abereak ondo gobernatzeko alboan makila eder bat izatea ezinbesteko gertatzen da. Horixe bera zioen hurritzez egindako makilak salgai zituen Seberiano Belar zaldibartarrak. «Lanerako bakarrik ez, askok pasiatzeko ere behar izaten dute makila". Atzoko ferian behinik behin, jende ugari zebilen makila ederrak alboan hartua.

Abadiñora inguruko makina bat lagun bertaratzen da, bai eta urrutiagotik ere. Inazio Garmendia zaldibiarrak dozenaka urte daramatza hutsik egin gade Abadiñora bertaratzen. «Egun pasa ederra egiten dugu hemen", kontatu zuen. Oiartzundik bertaratu zen, berriz, Batista Elizegi. Taldean joanak ziren, bi autobuskada. Eguerdirako sakabanatuta zebiltzan. «Gaur larunbata izanik izugarrizko jende pila dago, hemen ez dago danak batera ibiltzeko modurik".

Ganadu feria bisitatzea obligazio bada, ez da gutxiagorako hain tradiziozko diren San Blas kordelak erostea. Urdinak, berdeak, moreak, arrosak... Nork bere gustuko kolorekoa hautatzeko okasioa zuen, eta gutxi batzuek baino ez zioten muzin egin aukerari. Tradizioak dio kordelok soinean bederatzi egunez eraman eta ondoren erretzen dituztenak eztarriko gaitzetatik salbu direla urte osorako. Horrela sinesten duelako zebilen Mari Tere Igartza bergararra, soinean jartzeko, ilobari ipintzeko eta etxera eramateko kordelak erosten. «Ia katarrotxo hori joaten den", esan zion ilobari kordela lepoan jartzen zion bitartean. Horrelako tradizioetan erabateko sinesmena zuela kontatu zuen, baina ez da bera bete-betean tradizioak finkatutako jarraibideak jarraitzen dituen horietako. «Nik ez dut bederatzigarren egunean kordela erretzen, pena ematen dit. Horregatik hainbat egunetan lepoan jarrita eraman eta ondoren kajoian sartzen ditut. Orain egun gutxi bota nituen iaz erositakoak". Azken batean, fedea izatea da kontua.

Kordelekin batera ziren salgai erroskillak eta San Blas opilak. Maribi Otero zornotzar saltzaileak zioen moduan, urtetik urtera eskaintza zabalagoa izaten da; hala ere, «ohiko erroskilla zuriak dira gehien saltzen direnak". San Blas azokara joan eta erroskilla gabe etxera itzultzea ez da begi onez ikusten, eta horregatik, ilara luzeetan itxaron behar bazen ere, horiek eskuan hartuta zebiltzan gehienak.

Abere ferian sona handia badu ere, etxeko produkturik onenak hartuta Abadiñora bertaratu ziren nekazarien postuak bi- sitatzeak ere ondo merezi zuen. Maruritik etorria zen Jesus Etxebarria. Bere postuan makina bat produktu zituen, honakoa sasoi oparoa ez dela bazioen ere. Babarrunak dira, Etxebarriaren esanetan, gehien saltzen direnak. Hala eta gutiz ere, San Blas azoka honetan «askorik ez" dela saltzen zioen. Zergatik galdetuta, barrezka zera esan zuen: «Azoka honetara, batez ere, baserri giroko jendea etortzen da eta horiek ikusmiran ibili bai, baina ez dira pakete handiak hartuta etxera itzultzen".

Etxeberriak postuan taloak egiteko arto-irin poltsa mardula zuen. Jendeak taloetarako duen afizioa ikusita, asko saltzen ote duen galdetzean ere irribarreak alde egin zion. «Jendeak taloa franko jaten du, eginda ematen zaionean, etxean ez baitu inork taloa egiten hasi nahi". Egina ematen zaiolako-edo, kontua da atzo txistorraz edota hirugiharrez betetako taloa eta horiei bultzatzeko sagardo eta ardo txagoxka baliatu zutela askok goizeko hoztasunei aurre egite aldera.

«Etxeko guztiak aritu gara lanean abereak garbi eta ondo orraztuta merkatura ekartzeko"

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo